“Hobeki aloitzea eta gutiago eraikitzea, posible da!” da apirilaren 25ean, asteartearekin, 19:00etan Baionako Züzülün eginen den hitzaldi-eztabaidaren izenburua. Apirilaren 1eko etxebizitzaren aldeko manifestaldi handitik zonbait astetara, Bizik, Urritasun zoriontsu eta sortzailearen aldeko mugimenduak, Aldak eta Etxebizitzaren arloko COL kooperatibak, klima nahasmenduarekiko Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren erronkak aztertuko dituzte. Hitzaldi honek urriaren 7 eta 8an iraganen den Euskal Herria Burujabe ekitaldiaren aitzinean emateko iraganen diren 7 gertakari edo jauziren abiatzea markatuko du.
Züzülük ateak irekiko ditu apirilaren 25ean, asteartearekin, “Hobeki aloitzea eta gutiago eraikitzea, posible da!” hitzaldi-eztabaidarentzat. Klima-nahasmendua gure bizitzak itzulipurdikatzen hasten delarik, eta desberdintasun sozialak handitzen hasten delarik, erantzunak oraino osatugabeegiak eta ahulegiak dira kalteak aski mugatzeko esperantza ukaiteko. Etxebizitzaren arloan erronka asko badira.
Nola birpentsatu gure hiria antolatzeko moldea jadanik hor dugunetik abiatuz, eraikuntza berriak mugatzeko? Nola hartu baliabideak babesten eta berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten dituzten eraikuntza-praktika hobeak? Nola egokitu etxebizitzak ahal bezain ongi klima aldaketetari, biziagoak izanen diren eta maizago gertatuko diren bero handiei? Nola txertatu jendarte osoa etxebizitza gaietan nehor bazterrera utzi gabe?
Premiazko gai horiei buru egiteko, hainbat hizlarik beren esperientziak eta erantzun hastapenak partekatuko dituzte: Philippe Madec, arkitektoa eta hirigilea; Sophie Brindel-Beth, Akitania Berriko Urritasun zoriontsu eta sortzailearen aldeko mugimenduko erreferentea; Imed Robbana, COL Langileen Etxebizitza Batzordeko zuzendari nagusia; eta Léa Vavasseur, Alda alokatzaileen defentsarako elkarteko ordezkaria.
Beren hitz hartzeek bide emanen dute kalitatezko etxebizitza ukanen duen, baliabideetan (lurran, energian, materialetan,…) eta karbonoan xuhurra izanen den, biztanleen behar eta nahiei erantzunen duen Euskal Herri bati, denak herrian duintasunarekin bizitzen eta aloitzen ahal diren lurralde bati.
Hitzaldi honek zazpi ekitaldiz osaturiko 7 jauziak deituriko segida bati hasiera emanen dio. Apiriletik iraila arte, zazpi ekitaldi hauetarik bakoitza, Euskal Herriko zazpi probintzietariko batean iraganen da. Jauzi bakoitzean gai bat nabarmenduko da (elikadura eta laborantza, etxebizitza, energiak, mugikortasunak, garraioak, elkartasunak, politika, ekonomia) klima-aldaketari lotua, metamorfosi ekologikoa lortzeko ekintza-palanka bat identifikatuko du eta Euskal Herriko eragileen lana aurkezteko parada emanen du.
Urriaren 7 eta 8an, Euskal Herria Burujabe 2023 ekitaldiak Baionako hiri barnea animatuko du bi egunez. Kontzertuek, erakus mahaiek, erakusketek, hitzaldiek, proiekzioek, eztabaidek…ehunka tokiko hizlari, frantses Estatuko eta nazioarteko petsonalitate bilduko dituzte. Milaka pertsonek klima-aldaketari buru egiteko aterabideak berenganatzen ahalko dituzte eta aitzinekorik gabeko erronka hau altxatuko duen Euskal Herria irudikatzen ahalko dute.