Hitza hitz, trantsizio energetikoari buruz, lehen txostena!

Bizi!k Ipar Euskal Herriko Herriko Etxeetan Trantsizio Energetikoari buruzko bere lehen txostena argitaratzen du

Baionan, larunbatean, irailaren 24an, goizeko 10:00etan, herriko etxeek trantsizio energetikoari buruz hartu engaiamenduen gauzatzeaz Hitza Hitz batzordearen lehen txostena publikoari aurkeztua izanen da. Ekitaldi hau, Estatu mailan Herritar Trantsizio mugimenduak 3. aldikotz antolatzen duen egun bereziaren kari iraganen diren ehun pasa gertakarien baitan kokatzen da.  

2014eko martxoko hauteskundeetarik landa, Lapurdi, Baxe-Nafarroko eta Xiberoko 30 Herriko Etxe, Iparraldeko biztanlegoaren %75a ordezkatzen dutenak, Bizi!ren Trantsizio Energetikoari buruzko Itunaren izenpetzaile dira. Horren bidez 12 arlotan (hirigintza, mugikortasuna, energia, egoitzak, laborantza, ondarkinak, etab.) sailkatuak diren 50 bat ekintza biltzen dituen Klima-Energia tresna kutxako hainbat ekintzaren gauzatzerat engaiatu dira.

Herritarrek jarraipen lana egiteko zinezko tresna den Hitza Hitz batzordea, 2014etik geroz ari da engaiamendu horien jarraipena egiten. 2016eko lehen urte erdian lehen txosten bat idatzia izan da. Publikoki argitaratua izanen da larunbatean, irailaren 24an, 10etarik landa, Baiona Ttipiko 20 Cordeliers karrikan.

2014ko martxoko hauteskundeak duela 2 urte pasa iragan dira, eta Ipar Euskal Herriak instituzionalizatze pausu garrantzitsu bat biziko duelarik zonbait hilabeteren buruan, zertan da zinez trantsizio ekologikoa gure lurraldean? Herriko Etxeek errespetatzen ote dituzte beren engaiamenduak? Zein dira Herriko Etxe eredugarriak? Zeintzuk dira hitzetarik ekintzetara pasatzeko berantean direnak?

Hainbat galdera dira Hitza Hitz batzordearen txostenak tratatuko dituenak, erantzunak ekartzerat saiatuz. Irailaren 24an, larunbatarekin horiek oro dira aurkeztuko eta eztabaidatuko. Ipar Euskal Herriko hautetsi eta herritarrak gomitatuak dira gure lurraldearen trantsizio energetikoari buruzko eztabaida eta trukaketa goizaldi honetan parte hartzerat.

2016-09-24-HitzaHitzBaiona-EUS