Baiona, Urriaren 6a – Alternatiba 2018ko ekitaldiak goiz honetan hasi dira, Baionan: klimaren aldeko gaitzeko mobilizazio asteburu hau jadanik ohiz kanpokoa izango dela ageri da.
9:30ean, lehen hitzaldiak hasi dira, mukurru beteak ziren gela batzuetan. Hiru eta lau lekuko bizikletak, Parisetik ekainaren 9an abiatu direnak, Donostiatik abiatu dira; Aquarius itsasontziaren eta itsasoan sokorritzen diren migranteen aldeko sustengu elkarretaratze bati lotuko zaizkio Biarritzen, Baionara 17:00ak irian heldu aitzin.
Lehen egun hau hasi orduko, Alternatiba 2018 ekitaldiak oihartzun handia ukanen duela baieztatzen da. IPCC/GIEC taldeko zientifikoek, Hego-Korean, beren solasaldi astea bukatzen duten bitartean (han adostuko duten 1,5°C txostena urriaren 8an argitaratuko da), 200 pertsonalitate inguru eta hamar milaka jende Baionara hurbilduko dira, herritar ahotsen entzunarazteko, larrialdi klimatiko eta sozialaren aitzinean.
Goiz honetan, 9:30ean, lehen hitzaldiak hasi dira; erronka nagusiak hunkitzen dituzte, hala nola 1,5°C txostena (txostenaren ko-idazlea den Roland Séférian eta «Réseau Action Climat» erakundeko Lucile Dufour han izanen dira, besteak beste); beste hitzaldi batean, oraingo gobernamenduaren bilana aztertuko da —klima alorreko politikan eta trantsizio energetikoaren sailean—, Matthieu Orphelin legebiltzarkideakin eta Corinne Lepage ingurumenaren saileko ministro ohiarekin. Kasik 50 hitzaldi eta mahai-inguru izanen dira asteburu osoan.
Alternatiba itzulia Donostiatik abiatu da. Azken geldialdia Baionan eginen du, arratsaldeko 5etan. Trantsizio sozial eta ekologiko baten aldeko indar kolektiboaren sinbolo diren hiru eta lau tokiko bizikletak Parisetik abiatu ziren, ekainaren 9an, Baionara iristeko, 5800 km-ren eta 200 geldialdiren ondotik. Helmuga horren hautua sinbolo azkarra da, 2015ean Baionatik abiatu baitzen Alternatiba itzulia eta, 2013an, bertan iragan baitzen Alternatiben Herriaren lehen edizioa, Alternatiba mugimendu zabalago bat abiaraziz.
14:30ean Alternatiba itzuliak elkarretaratze bat antolatu du, SOS Mediterraneo erakundearen Aquarius itsasontzia sustengatzeko eta —itsasontzi honek bere itsas-banderaren aurka pairatzen dituen presioengatik— Mediterraneoan burutzen dituen etorkinen salbatzeko ekintzak mehatxatuak direla salatzeko. Etorkinekiko elkartasunaren alde ari diren hainbat elkarte, hala nola Etorkinekin, CIMADE, bai eta, besteak beste, Cedric Hérrou, Yannick Jadot, Mariama Diallo eta Benoît Hamon pertsonalitateak han ziren. 430 pertsona bateratu dituen ekitaldian. Aita Mari proiektuko ordezkari batek ere hitza hartu du, etorkinen salbatzeko Mediterraneorantz joango den euskal itsasontzia aurkezteko.
Egunak segituko du beste ekitaldi azkar batzuekin, hala nola Alternatiba itzuliaren heltzea, Paul Bert plazan, 5etan «Alda dezagun sistema, ez klima» biltzar alaiarekin eta IPCCko Valérie Masson-Delmotte paleo-klimatologoaren hitzaldi esklusiboarekin (duplex bidez eginen du); IPCCren osoko bilkura iruzkinduko du. Igandean, 9etatik goiti, Alternatiben Herriak ateak zabalduko ditu, programa aberats baten eskaintzeko: eztabaidak, hitzaldiak, erakusmahaiak, alternatiben aldeko animazioak, kontzertuak, argazki erraldoiak eta, bururatzeko, azken ekitaldia.