G7: Debekatua izan arren, Macron-en potretak Baionan ibili dira

Baionan, igandean, agorrilaren 25ean. «Potreten Martxa»k 900 pertsona baino gehiago bildu ditu Baiona erdian, nahiz eta Biarritzen iragaiten den G7aren karietara bertan manifestatzea debekatua zen. Goizeko 10:00ak zirela eta, estatu osoan errekisizionatuak eta Estatu osoko Polizia eta Jendarmek xekatzen dituzten Macron Lehendakariaren hainbat potreta ofizialek bat egin dute Baiona erdian. Prentsaitzineko batek Macron Gobernuaren klima politikaren bilan zorrotza egin du eta salatu du haren nazioarte mailako klimari buruzko hitz hartzeen artean eta gobernuaren Estatu mailako erabaki zehatzen artean den tarte erraldoia. Kazetari kopuru haundi batek, atzerritar hedabide ainitz barne, martxaren eta hainbat klimaren aditu eta pertsonalitatek eman prentsaitzinekoaren jarraipena egiten arizan dira. Bizi eta ANV-COP21-ek bigarren ekintza bat lortu dute ere Ezpeletan, 7 estatu buruen senar emazteak bisitatu duten herrian.

Igande honetan, agorrilaren 25ean, G7ak bere bigarren eguna hasten zuelarik Biarritzen; hortik zonbait kilometrotara, manifestaldi oro debekatua zen Baiona auzoko hirian, Macron-en potreten martxa bat hasi da goizeko 10etarik goiti. 900 pertsona baino gehiagok debekua gainditu dute eta denak Baionako hirigune erdian ibili dira haietarik frangok beso pean kuadro paketatu bat bazutelarik. Haien artean, paisaia eta loreak zituzten pinturak, eta Van Gogh edo Picasso-ren erreprodukzioak; baina ere Macron Lehendakariaren potreta ofizial zonbait, azken hilabete hauetan Frantses Estatuko hainbat herriko etxeetarik deslotuak izan direnak.

Baiona ttiki eta haundian zonbait lehio irekitzen ziren 10:00etan eta bertatik oihu egile zonbaitzuk ibiltariei adierazten zieten norat joan. Macron-en lehen potretak agertu dira, besoen puntan ibiltariek atxikitzen zituztela.

Macron presidentaren potreta alderantziz erakutsi dute, bere politika klimaren aurka joaten dela erakusteko. Manifestazio trinko bat osatu da Baiona Ttikian gaindi eta oihu horiek entzun izan dira : “Et un, deux, trois degrés, c’est un crime contre l’Humanité”, “Les petits pas, les petits pas, ça suffit pas”, “Alda sistema, ez klima”, etabar.

Alimaleko prentsaurrekoa

Martxa bururatu da Paul Bert plazan 10:30tan, «Macron ele hutsen txapelduna» zion banderola batek apaintzen zituen hainbat mahaietan hasten zelarik prentsaitzinekoa ber gunean.

Susan George idazleak; Greenpeace France-eko Jean-François Julliard zuzendariak; Esther Bernard, Cécile Marchand eta Pauline Boyer, hurrenez hurren Youth For Climate, ANV-COP21 eta Alternatibaren bozeramaileek salatu dituzte tokiko, Estatuko eta Nazioarte Mailako hedabideen aitzinean Macron gobernuaren hainbat erabaki arras kontraerranean direnak dekako «Klimaren mundu mailako txapeldunarekin» eta baita ere klimari buruzko Pariseko Itunaren helburuekin. Prentsaitzinekoari Eneko Bellan eta Elodie Nace-k hasiera eman diote. Biziko eta ANV-COP21eko bi ekintzaile hauek dute Macron-en 128. potreta deslotu ostirala honetan, agorrilaren 23an, G7aren irekitze egunean, Irisarriko Herriko Etxean, jakinez 13 200 polizi eta jendarmek eskualdea kontrolez josia zutela.

Hitza hartzen zuten pertsonalitate horien gibelean, beste batzuk [1] Macron-en 7 potreta atxikitzen zituzten (G7ari ironiazko aipamena eginez), potreta bakoitza sinboloz beteriko herri batetarik zetorrela: G7a errezebituko zuen Biarritzeko Herriko Etxean otsailaren 21ean deslotua izan zena, igande honetan, 7 Estatu buruen espos lagunek bisitatuko duten Ezpeletako Herriko Etxekoa, Irrisarrin G7aren hastapenaren bezperan deslotua izan dena baita, Parise eta Orléans-en deslotuak izan direnak ere, irailaren 2, 11 eta 13an auzipetuak izanen diren 3 ekintzetarik landa; eta Estrasburgoko eskualdean GCO autopista proiektuaren aurka protestatzeko errekisizionatua izan den potreta bat.

Frantziak bere helburu klimatikoek ez ditu betetzen

Klimaren aldeko Goi Kontseiluak duela gutti oroitarazi duen bezala, Frantses Estatua bere klima helburuetarik urruntzen edo deslotzen ari da. Emmanuel Macron-en nazioarte mailako adierazpen handien artean eta berotegi efektuzko gasen igortzeen ttipitzearen alde daramatzan ekintza zehatzen artean leize bat bada. Macron hautetsi denetik geroz, aldaketa klimatikoaren borrokatzearen aurka doazen neurriak bat bestearen ondotik hartuak izan dira: CETAren berrestea, klima-energia legean, bizitegien erreberritzearen zalutzeko neurri handinahien hartzearen errefusatzea, palma olioaren egiteko bio-iraztegi batean Mède-eko iraztegia berregokitzeko baimena Total-i emaitea, kerosenoari zerga ezartzearen eta aireko zirkulazioaren erregulatzearen errefusatzea, Perpignan-Rungis bezalako edo gaueko trenen trenbideko garraioaren kentzea…

#DécrochonsMacron kanpaina abiarazi duen Action non-violente COP21-eko Cécile Marchand-ek baieztatzen du: «Pariseko Akordioaren helburuetarik biziki urrun gira. Frantses gobernuaren politika errealak eta G7an ordezkatuak diren beste herrienak +3 edo 4 graduko beroketaruntz zuzen zuzen eramaiten gaituzte. Hori mundu mailako kaos baten sinonimoa da. Macron jaunak ilusiorik ez du gehiago egiten. Ber momentuan suhiltzaile eta su-emaile dela eta, sinesgarritasunik ez da gehiago. »

Prentsaurreko bukaeran, Macron presidentaren potretak berritz estaliak izan dira eta haien eremaileak jendetzari nahasi dira baita estalitako beste tauleri ere. Horren ondotik jendea sakabanatu da norabide guzietan, karrika zonbaitetan aurkitzen zen poliziaren lanari zailtasunak sortzeko helburuarekin.

Bigarren ekintza bat Ezpeletan

Ber momentuan Ezpeletan, estatuburuen senar emazteak Ezpeletako karrika nagusian ibiltzen zirela eta, Bizi eta ANV-COP21-ak egindako banderola bat zabaldua izan da Zango Arin espartin dendaren parean den etxearen gainean, Brigitte Macron, Mélania Trump eta besteak denda horretan sartuko zirela eta. “Macron champion du climatbla bla !” esaldia irakurgai zen.

Macron-en politika klimatikoaren auzia

Macron-en gobernua COP21-eko helburuetarik urruntzearen edo deslotzearen salatzeko Macron Lehendakariaren 128 potreta ofizial errekisizionatuak izan dira Biarritzen iragaiten ari den G7 honen perspektiban azken hilabete hauetan. Horren ondorioak izan dira orain arte 17 auziren deia non 57 ekintzaile agertu behar diren, gehienak 2015ean sortua izan den ANV-COP21-eko militanteak direlarik. Hala eta guziz ere, kanpainak behar luke jarraitu sekulan baino gehiago datozen aste eta hilabeteetan. ANV-COP21ak adierazi du momento horiek guziak Macron lehendakariaren klima arloan geldirik egotearen auzi bilakaraziko dituela.

Libre diren argazkiak hemen : https://drive.google.com/drive/folders/1OBtCeDzMt7Kt25OnV8EKkKsLE_6_QmGs?usp=sharing

[1] Potretak atxikiak ziren ondorengo pertsonetaz:

Marie Toussaint, NAAT-en sortzailea, Affaire du Siècle-en abiarazlea eta EELV eurodiputatua.

Barbara Romagnan, militante feminista, Génération.s

Khaled Gaiji, Amis de la Terre-en Lehendakaria

Nicolas Girod, Confédération Paysanne-en bozeramailea

Raphaël Pradeau, Attac-en bozeramailea

Laura Morosini, Chrétiens Unis pour la Terre

Mertxe Colina, Euskal Herriko pertsonalitatea