Gaby-k, Poitiers-en bizi den 16 urte eta erdiko lizeko ikasleak eta Moriba-k, Baionan aterpetua den 16 urte eta erdiko ginear migranteak irakurria.
Gaby deitzen naiz, hamasei urte ditut eta Frantziako Poitiers-koa naiz. Duela hilabete batzuk, Alternatiba itzulia ene herrialdetik pasa zen.
Moriba deitzen naiz, hamasei urte ditut eta Gineako Conakry-koa naiz. Duela hilabete batzuk, Mediterraneoa zeharkatu nuen txalupa hanpagarri batean beste lau gazterekin. Kasik ito ginen baina itsas-salbamenduko ontzi batek sokorritu gintuen.
Gaur, gure ibilbideak gurutzatzen dira, gizadiaren etorkizunaren bidegurutzean garen unean. Bat egiten dugu bizidun guztiak hunkitzen dituen erronka batekin: klimaren desoreka gelditzea.
Klimaren desorekatzea.
7 miliar aldiz errepika dezakegu, gutariko bakoitzaren kontua baita.
Gaur egun, 1,1 graduko berotze klimatiko orokorrarekin, mundua jadanik anitz aldatu da. Klimaren desorekatzearen ondorioek Iparreko herriak geroz eta gehiago hunkitzen dituzte. Eta Hegoaldeko herriek duela zenbait urte jadanik bortizki jasaten dituzte. Alta ez dira haiek errudunenak, hori bai injustizia!
Badu 40 urte pasa zientifikoek deiadarrez abisatzen gaituztela. Sortu garenetik, Kopenhageko goi-biltzarra eta Pariseko COP21 iragan dira. Baina konkretuki ez da deus aldatu. Desorekatze klimatikoaren jatorrian diren berotegiefektuko gasak, emendatzen ari dira oraindik. Petrolioa, gasa eta ikatza, isurtze suntsitzaileen eragileak, oraindik saldoan erretzen dira. Gaur egungo sistema ekonomiko kapitalista eta produktibistak Lurra berotzen du. Finantzaren lobbyek beren arauak inposatzen dituzte.
Hala segituz, 3 graduko berotze bateruntz goaz zuzenean, gertakari klimatiko larrien menpe izanen den mundu baterantz, neurrigabeko ondorioekin eta aldaketa hain laster eta sakonekin, hartara egokitzea oso zaila edo ezinezkoa izanen baita. Eskasian izanen den mundu bat, giza kostu izugarriekin, ezberdintasunak, gosea, egarria eta miseria sekula bezala emendatuko diren mundu bat.
Etengabeko gatazka eta gerla mundu bat, baliabideak eskuratzeko, edo bizia ezinezkoa bilakatuko zaien eskualde oso batzuetarik ihesi doazen ehun milioika pertsonaren atxikitzeko. Mundu bat zaporerik eta edertasunik gabe, non bioaniztasuna kolpez eroriko den. Bakea, demokrazia eta askatasuna, ahanzturan desagertzen ikusiko dituen mundua.
Mundu fosilizatua.
Duela 40 urte pasa, gure buruzagiek ezjakinak eta eraginkortasunik gabekoak zirela erakutsi zuten, humanitatearen eta biziarengan aurrekaririk gabea zen mehatxu honen aitzinean.
Ez dugu onartuko +3°C-ko mundu batera kondenatuak izatea. Zientzialariek erraten digute: 1,5°C-en pean egoten ahal garela,
sistema aldatzen badugu, orain! Ondorioz, egin dezagun!
Ezinezkoa iduri zaizue?
Baina ezinzekoa saiatu behar dugu, ezin pentsatuzkoa saihesteko.
Gradu hamarren gehigarri bakoitzak, ondorio ikaragarriak ditu milioika pertsonarengan eta ondorio dramatikoak lituzketen haustura eta uzkailtze mugetara hurbiltzen gaitu.
Gure etorkizuna, gure biziak, munduaren edertasuna dira gaur egun zuzenean mehatxatuak zuek geldirik egoteagatik, zuen hautu kriminalengatik, jaun-andere buruzagiak. Berotegi efektuko gasen emendatzean eta ondorioz klimaren desorekatzean parte hartzen duten politika, proiektu, neurri edo aktibitate guzien kontra arituko gara eta aurre eginen diegu, bortizkeriarik gabe eta molde deliberatuan, desobedientzia zibileraino. Mundu honetan eta helduak izanen garenean biziko garen munduan, bizibaldintza
duinak mehatxatzen dituen orori tolerantzia mikorik ere ez eskaintzera behartuak gara.
Kolektiboki, masiboki eta berehala ekin behar dugu. Urrats ttipiek ez diete jada egoerari erantzuten. Egun bakoitza garrantzitsua da. Ekintza bakoitza ere bai.
Duela 5 urte, hementxe berean, Baionako plaza honetan, Alternatiba, aldaketa klimatikoarekiko alternatiben Herrixkak biderkatzeko deia egin zen eta abiatu ziren, Haiti, La Reunion edo Dakarreraino hedatuz. 175 Alternatiba sortu dira horrela, ehun milaka lagun ezberdin ukituz. Hamaika urte genituen garai hartan. Guri dagokigu orain Deia zabaltzea, 2018ko Alternatiba hau antolatu duten mila ehun eta berrogeitahamar (1150) laguntzaileen izenean.
Ezinbestekoa den aldaketa masiboa eta berehalakoa guhaurek bultzatu behar dugu. Oraindanik egin dezakegu, gure auzoetan, gure herrietan eta gure lurraldeetan. Bizi eta amestu nahi dugu eta ez bakarrik bizirik iraun. Gure herriak eta eskualdeak
animatzen dituztenak beste bide bat hartzera bultza ditzagun. Gure tokiko hautetsiei argiki erran diezaiegun: ekin dezagun orain! Zientzialarien alerta gorriarekin koherenteak izan gaitezen denak.
Urrats ttipiek ez dute gure mundua sauna bilakatzea ekidinen. Txirrindula bide batzuk, kantinan bio pixka bat, zabor bereizketa pixka bat: beharrezkoak dira baina ez da aski gure etorkizuna babesteko. Ekintza azkarrak nahi ditugu, aldaketa erradikalak berehala.
Bozkatzeko adina 2020an izanen dugu eta mundu bizigarri eta desiragarria bermatzeko, egin denari edo ez denari buruzko kontuak eskatuko ditugu. Baina gu ere mugi gaitezen! Elkar gaitezen gure lurraldeen zinezko itxuraldatze sozial eta ekologikoak abiarazteko. Oldar berria eman, sendotu eta koordina ditzagun trantsizioko gure kooperatiba sozial eta ekologikoak, kontsumitzaile bide laburrak, gure tokiko elkartasunezko aurrezki funtsak, gure tokiko monetak, gure hedabide independienteak,
gure sindikatu eta elkarrekiko laguntza eta elkartasunerako elkarteak, gure birziklapenak, gure laborantza ganbera alternatiboak, gure energia berriztagarrien ekoizpen sistemak.
Lurretik kanpoko mundu deslokalizatuaren aitzinean, ehun dezagun lurralde bakoitzean, nonahi, naturako baliabideen ustiapen masiboen, klima globalaren nahasmendu planifikatuaren eta kontsumitzaileen aitzinean, bere burua zaintzeko eta gu gerizatzeko gai den gure ekosistema propioa.
Aldi berean, eraiki dezagun alternatiba, justizia soziala, neurritasun lagunkoia, elikadura eta energia subiranotasuna, elkartasuna, eta bazterkeria edo diskriminazio guzien ukatzea…Proiektu horiek elkartzen gaituzte eta bihotza berotzen digute. Bizitzari zentzua ematen diote.
Gure bizitzen baldintzak berreskura ditzagun, eta gure lurraldeetan egiazko bidebanatzea abiarazteko aukera ematen duten neurriak ezar ditzagun berehala: neurri hauek*, badakigu jadanik existitzen direla eta asteburu honetan ikusi ahal izan ditugu alternatiben Herri honetan: trantsizioko sektore guziei dagozkie, laborantzatik antolaketaraino, edota mugikortasun ezti, aberastasunen eta lan-partekatze, energia berriztagarri eta eraikinetatik iraganez.
Guretzat eta gure hautetsiendako ekintza erabakigarriak badira, eskala guztietan… baina DENAK abiarazi behar dira. Ez da aski horietako gai batean bakarrik aritzea, dena loturik baitago. Ez gaitezela izi!
Metamorfosi honek zentzua duten lanak sortuko baititu, gure inguruneak edertuko eta justizia eta elkartasun handiagorako ahalak emanen baititu.
Hemendik aitzina bidegurutzean gara, hautu bakoitzak + 1,5°C-ko mundu batera buruz, ala + 3°C-ko mundu batera buruz eramaten gaituena. Ez dira zifrak bakarrik, mundu ezberdinei buruzko uzkailtze heinak dira; hautatzeko tenorea da! Eta orain da dena jokatzen.
Horregatik, guk, hemen Baionan elkarturik, bateratuak eta deliberatuak, irmoki aldarrikatzen dugu esperantzaren eta ekintzaren garaia. Garaiz ari gara oraino! Alda dezagun sistema, eta ez klima!
Eta orain, deitzen zaituztegu denak zuen besoak luzatzera, zuen ondoko pertsonei eskuak hartzera. Osa dezagun horrela beso altxatu eta esku tinkatuen oihana. Jendeoihan honek izadiaren eta lurreko bizitzaren aldeko borroka erabakigarria irabazteko behar dugun elkartasuna eta denen arteko antolamendua irudika beza!
* Gure lurraldeetan egiazko aldaketa hastea ahalbidetzen duen neurri zerrenda
• Geldi ditzagun laborantza eta hazkuntza industrialak, saleroste librerako hitzarmenak, eta horien ordez gara dezagun tokiko laborantza, sanoa eta ekologikoa, laborariei duintasunez bizitzea ahalbidetzen diena
• Ekoiztu dezagun elikadura biologikoa eta tokikoa, eskoletako jantegi, zaharetxe, eta ostalaritza kolektiboen egitura guzientzako
• Gure haragi kontsumoa zorrozki ttipitu dezagun, berotegi-efektuko gas sobera isurtzen baitu
• Zain ditzagun gure ur eta lurrak, pozoitzen gaituzten pestizida eta beste gai kimikoetatik
• Birtokira ditzagun gure ekonomia eta gizartea, geldi dezagun eskualde, herrialde edo kontinenteen arteko lehia suntsikorra, asma dezagun beste lur, hazi, software aske edo bioaniztasuna bezalako elkarrekilako kudeantza
• Ekoiztu dezagun egiazko beharrei ihardesteko, ez eta zenbaitzuk gero eta ontasun gehiago meta dezaten; buka dezagun zaharkitze programatua, beharren pizte artifiziala, eta harrokeriazko kontsumoa
• Berrerabilpen eta konponketa sareak gara ditzagun. Hondakinak ahal bezain gutti sortuz, birzikla ditzagun.
• Energia kontsumoa zorrozki murritz dezagun. Behargabeko jardueretan edo jarduera kaltegarrietan, elektrizitatea xahutzetik geldi gaitezen.
• Gure etxeak, Herriko Etxeak, estadioak % 100 berriztagarria, tokikoa eta guhaurek kontrolatzen dugun energiarekin argizta ditzagun.
• Bankuei presio egin diezaiegun. Ez dezagun euro bakar bat gehiago ere energia fosila erabiltzeko proiektuetan ezar. Enpresa kutsakorrak natura konpontzera eta ekonomiaren egokitzapena finantzatzera bortxa ditzagun.
• Karbono zentral, petrolio-putzu eta zentral nuklear guziak hets ditzagun. Enplegu iraunkorreko sailak sortuko dituen birmoldaketari ekin diezaiogun.
• Gure kezka eta arrangura nagusiak berriz ere honakoak izan daitezela: senidetasuna eta elkartasuna, lanaren eta aberastasunaren partekatzea, justizia soziala eta egiazko demokrazia parte-hartzailea; gara ditzagun lankidetza eta elkarlaguntza lurraldeetako herritarren artean, lurraldeen artean eta duintasunik gabeko bizi-baldintzetarik ihes egin duten errefuxiatuekiko.
• Hurbileko zerbitzu publikoen, geltokien, eskolen eta ospitaleen hesteari aurre egin diezaiogun; herrian ongi bizitzeko ahala ttipitzen duelako eta baserrialdea hiltzen duelako.
• Oinez, bizikletaz edo garraio publikoetan ibiltzeko, autoak hiritik atera ditzagun. Merkantziak garraiatzeko, kamioiak trenekin eta itsasontziekin ordezka ditzagun.
• Egungo laborantza lurrak eta natur-guneak suntsitzen dituzten betoiaren eta hiriaren zabaltzea geldi ditzagun.
• Errepide, aireportu, merkataritza-gune proiektu berri oro oztopa dezagun. Turismoa, eta, orohar, gure jarduerak eta joan-etorriak birtokira ditzagun.
• eta beste gauza anitz!