Urtarrilaren 31n, asteartearekin, 1945etik indarrean den jendarte ereduaren kontrako gobernuaren ofentsiba gelditzeko funtsezko parada berri bat finkatua da jadanik. Erretreten erreformaren kontrako inter-profesionala den greba berri honetarako mobilizazio zabala prestatua izaten ari da. Bizik dei egiten die bere militante eta laguntzaileei osoki parte har dezaten, babeserako eta elkartasunerako den gure jendarte eredua defendatzeko, baina ere erreforma honek ez dezan krisi klimatikoa eta ekologikoa larriagotu. Hitzordua, urtarrilaren 31n, asteartarekin, goizeko 10:00etan, Sainte Ursule plazan, Baionan.
Hainbat elementu testuinguruaz
Urtarrilaren 10ean, asteartearekin, Elisabeth Borne gobernuburuak erretreten erreformaren proiektua aurkeztu zuen, neurri nagusi batean laburbil daitekeena: erretretara joateko legezko adina 64 urtera iganen da 2030. urterako, gaur egun 62 urtetan delarik.
Belaunaldien arteko tarte demografikoaren aitzakia emanez, gobernua erretretaren adinaren inguruko eztabaida inposatzen ari da, eta, horrela, posible diren beste hainbat mekanismo oztopatzen ditu. Erreformaren egiazko justifikazioa ageri da, beraz,: frantses herritarrak “berriz lanean ezarri”, finantza publikoen defizita murrizteko.
Inkesta guztiek erreforma honen inguruko iritzi txarra erakusten dutelarik, Macronek, urtarrilaren 19ko mobilizazioa baino 48 ordu lehenago, 10 editorialista bildu zituen haiekin gaiaren tratatzeko bere argumentazioa partekatzeko, dudarik gabe, bidezko “elkarrizketa soziala” aplikatzeko duen manera. Bizi! mundu zaharreko erreforma honen kontra da, errotik, ingurumenarentzat kaltegarria eta sozialki bidegabea delako, eta urtarrilaren 31n, asteartearekin finkatua den mobilizaziora juntatzeko deia luzatzen du.
Zergatik ote erreforma hau klimaren eta justizia sozialaren kontrakoa da?
- Gehiago lan egiteak gehiago ekoiztea eta, berriz ere, kontsumitzera bultzatzea dakar. Mugagabeko hazkundearen ideologia produktibista da erreforma hau gidatzen duena, krisi klimatikoa konpontzeko gomendatzen diren konponbideen erabateko oposizioan: hau da, neurritsuagoa den eta aberastasuna partekatzen duen gizartea.
- Erreformak, sistema publikoaren gaizkitzeaz baliatzen diren erretreta kutxa pribatuak lagunduko ditu. Aurrezki sistema hauek, ahal dutenei segurtasun bat bermatuko dietenak, parrastaka diru inbestitzen dute erregai fosiletan eta klima aldaketa larriagotzen dute, Reclaim Finance GKEak gogorarazi duenez.
- Erreformak, irabaziak bizitzaren aitzinetik ezartzen dituen sistema baten doiketak diren langileak bereziki hunkitzen ditu. Diruaren aldetik enpresek ez dute indarrik egiteko. Alimaleko irabaziak egiten dituztenek ere. Alta haiek dira lan-baldintzak erabakitzen dituztenak, eta langileei eragiten dieten kalte fisiko eta psikologikoen eragileak.
- Erreforma hau sozialki bidegabea da. Batez ere prekarioenak kaltetuko ditu, goiz lanean hasi direnak, lan zailak dituztenak eta bizi esperantza gainerateko biztanleena baino apalagoa dutenak. Emazte eta gizonen arteko desberdintasunak ere indartuko ditu.
Bizik lan egiten du neurritsu eta bidezko jendarte eredu baten alde, jendeak eta planeta errespetatzen dituena. Bakoitzari eskatzen diogu erreforma honen kontra mobilizatzea eta Baionako Sainte Ursule plazatik abiatuko den manifestaldira etortzera, urtarrilaren 31n, asteartarekin, goizeko 10:00etan.