2022ko ekainaren 18 honetan, ekainaren 20ko Errefuxiatuen Mundu mailako Eguna baino bi egun lehenago eta 2014az, geroztik migrazio bideetan hil eta desagertu direnen zerrenda argitaratzearen harira, Bizik Baionako sarreretako seinaleak estali ditu. 2014tik geroz 49 348 desagertu, Baiona hiria mapatik desagertzen balitz bezala da!
Gaur goizean, Baiona hiriko 15 hiri seinale oihal beltz batez estali dituzte, “49 348 etorkin hilak = Baionaren desagertzea” eta “9 hil mugan, ezin dugu beste aldera so egin”. Migrazio bidean hil diren pertsonen izenen zerrenda, Errefuxiatuen Heriotzaren Kontra Batuak erakundeak osatua, Baionako sartzeetako hiri seinale guzietan ezarri da ikusgai. Indarkeriarik gabeko ekintza honek migrazio bideetan hil eta desagertu direnen kopurua irudikatzea, migrazio politiken gogortzea salatzea eta harrera politika duina aldarrikatzea du helburu.
«Giza tragedia honetaz denek kontzientzia hartzeko zifra hau irudikatu nahi izan dugu: 2014tik 49 348 migratzaile hil eta desagertu beren bidean, Baiona hiria mapatik desagertu balitz bezala!” azaldu du Clarak, Biziko militanteak.
Bizik gogorarazten du egungo klima-aldaketak populazio-desplazamenduak areagotzen dituela mundu osoan. Idorteek, uholdeek eta ekosistemen suntsiketek lurraldeak bizi ezinak edo laborantza jardueretarako desegokiak bilakatzen dituzte. Baliabide naturalen eskasiarekin lotuak diren tirabirek, gatazkek eta indarkeriek ihes egitera behartzen dituzte hainbat jende. Beharrezkoa da klimaren arloan geldirik egotetik ateratzea mugitzera behartuak diren jendeei harrera egiteko egokituz.
Ekintza honen bidez, Bizik ber maneran diputatugaiei, erronka finkatzen die, eta, etorkin guzientzat harrera duin baten alde eta militante solidarioen kontra gero eta handiagoa den errepresioaren gelditzearen alde, politikoki jokatzea eskatzen die. “Gure lurraldean 8 pertsona hil dira azken hilabeteetan, poliziaren kontrolak saihesten saiatzen ari zirela eta. Berriki bat desagertu da gure mendietan. Hori ezin dugu jasan ez Euskal Herrian ez beste inon. Gure lurraldean segurtasun gune bat eta baldintzarik gabeko harrera egiteko baldintzak galdatzen ditugu, elkartasun libre eta zilegi baten gauzatzeko paradarekin”, baieztatzen du Jean-Marc-ek, Biziko militanteak.
Herritar mobilizazioa eta elkartasun sarea garrantzitsuak dira Euskal Herrian. Bizik Etorkinekin-ek antolatu mobilizazioetan parte hartzera deitzen du Adamaren sustenguz, azken hau erregularizatu arte.
Bizik gomita luzatzen du deneri Etorkizuna web plataformara ere joatea, etorkinei molde zehatzean laguntza ekartzeko, elkartasuna eta elkarrekiko laguntza lantzeko. Bertan, etorkinak laguntzen dituzten erakundeak atxemaiten dira eta parte hartzeko moldeak ere zerrendatuak dira.