Durban-eko gailurraren karietarat : Berotegi Efektu Gasak murriztu ditzagun, hemen eta orain!

Didier Borotra-ri txirrindula bat eskain dezagun!
Abenduaren 3an larunbatarekin, 15:00etan denak Miarritzeko Herriko etxerat!

Azaroaren 28tik, abenduaren 9ra, Durbanen iraganen diren negoziaketa klimatikoen paisaia frango iluna da. 1997an Kyoton hartuak izan ziren engaiamendu ttipiak ere Herri Industrialek ez dituzte errespetatzen. 2009koekin konparatuz, berotegi efektu gasen isurketak %6ez haunditu dira 2010an, Klima aldaketari buruzko gobernuarteko aditu taldearen hots KAGATaren gidoi-ik txarrenak gaindituz. Orain arte dugun nazio arteko itun bakarra, Kyotoko protokoloa, bere mamiaz hustua da: 2012tik landako garaientzat, ez da engaiamendu behargarri bat ere hartua isurketen murrizteko. Datorren itun baten lortzeko epea kasu hoberenean 2020rat bultzatua da, KAGATak loturak egiten dituelarik klima aldaketaren eta uholde, urakan, idorte eta ekaitz bortitzak bezalako gertakari meteorologiko ezohizkoen artean.

Mundu mailan egoera blokatua da, toki mailan behar dira gauzak aldatzen hasi, eredugarria izanez, eta berotegi efektu gasen isurketaren ttipitzeko palanka garrantzitsuenak erabiltzen hasi. Segida irakurtzeko klia ezazu hemen[:]

Bakotxak bere lurraldean, eskualdean, hiri elkargoan edo hirian behar ditu gauzak mugi arazi. Bakotxak behar du, bere heinean, hitzaldi ederretatik ekintza zehatzetara pasatu!

Errepideko garraioa, B.A.B.eko berotegi efektu gasen puntu giltzarria:

B.A.B.-en urtero isuri berotegi efektu gasen (BEG) 1,1 milioi tonetatik 400 000 errepideko garraiotik datoz (Iturria: CABAB-eko Lurralde Klima Plana)

Autoen trafikoaren ondoriozko BEG isurtzeen murrizteko portaera aldatu behar da eta garraio publikoak, pirripita, oinezko ibilaldia, auto partekatzea gehiago erabili behar da, auto indibidualean bakarrik ibiltzea baino.
Tokian bereko autobus lineak sostengatu ondoren eta 2013 burutu beharreko hauen orokortzea igurikatuz, Bizik erabaki du haren ekintza nagusiki pirripitaren praktikaren garapenaren alde bihurtzea.

Baiona hirigunean, joan-etorrien %1,3 pirripitaz egiten dira, %76 autoz egiten direlarik (autobusez %4 ; oinez %15 ; motoz %2 ; besterik %2 – iturria 2009an burutu menaien joan-etorriez inkesta (MJI)). Guti da, are gehiago gutarik anitzek pirripita bat dugularik eta garraiobide eraginkorrena delarik distantzia laburretarako. Alta, ADEME-ren arabera, autoz burutu bi ibilbideetatik bat 3 km-koa baino gutiagokoa da (eta BAB-n, ibilgailuen batez besteko okupazio tasa 1,3 bidaiarikoa da!).
Halere, beti EMD-ren arabera, ikertuen %61-ek pentsatzen dute hirian, pirripita etorkizuna dela. Bihotz sustagarria da! Gehiengo honek hain du arrazoin, pirripita merkeagoa baita erosteko tenorean, erabiltzaile eta planetaren osagarrirako ona baita, beste garraiobide guziak baino esparru gutiago hartzen baitu hirian eta erregairik gabe aitzinatzen baita. BAI, pirripita etorkizuna da! Kirola bat baino gehiago, garraiobide bat da. Aisialditik haratago, pirripita lanera, eskolara joateko molde bat da, edota harrak eramateko eta erosketak egiteko hornikuntza egokien laguntzarekin.

2010 eko primaderan, txirrindulariek aurkitzen dituzten zailtasunak ezagutzeko eta bizikletaz ibiltzeko baldintza hobeak ahalbidetzen duten aterabide zehatzak aitzinatzeko, BIZI !-k txirrindulari buruzko herritar diagnostiko bat gauzatu zuen (gaitzeko tokiko inkesta eginez 1126 txirrindulariren ondoan). Ziklo-bideen jarraitasuna eta koherentziaren eskasak, eta BAB-ren zati batzuetan txirrindularien segurtasunik eza direla, besteak beste, bizikleta praktikatzeko oztopoak egiaztatu ahal izan dugu.

Miarritzeko sarraila:

Arrazoi horien guziengatik, puntu beltza den Miarritze ez da gehiago onargarria eta bestelakotu behar du. Garraio kolektibo publikoen garapenaren arloan herrestan dago Miarritze. Eta ziklo-politika mailan ez da fitsik.

Miarritzeko auto-erakusketan, gure ekintzaren  karietarat baieztatu dugu: ez topografiak, ez eta adinak ez dute txirrindularen praktika trabatzen hiri horretan. Aldiz antolaketak eta egiazko ziklo-bideak biziki laster biderkatzen ahal dute horren usadioa, eta batean oraiko erabiltzaileen seguritatea ziurtatuko dute.

2012tik beretik galdegiten dugu:
– hiri erdian txirrindulentzat bi norabideen ezartzea
(Mazagran eta Victor Hugo karriketan, Esplanande de la Vierge-ean, Joffre etorbidean, Españako karrikan)
– Angelu eta Miarritzeko hiri erdigunearen artean txirrindula ibilbide baten ezartzea
-Miarritzen Txirrindula plano baten ezartzea

Bilkura bat jadanik iragan da Miarritzeko Herriko Etxearekin, eta proposamen horiei buruzko erantzuna itxoiten dugu. Durban-eko nazioarteko Gailurraren karietarat, mobilizatuko gira azkenean egoera alda dadin galdera zehatz horien arloan, eta horrez gain, ekintzetan ere ager dadin berotegi efektuzko gasen murrizketa – bereziki autoen zirkulazioaren arloan – BABn! Erronkak aise gainditzen ditu gure eguneroko bidaiak eta gauzek oraindanik aldatzen behar dute hasi!

Txirrindula bat Didier-entzat!

Didier Borrotra-ri txirrindula bat eskainiko dugu larunbatean, abenduaren 3an, ikusiz herriko etxeak ez duela inpresioa emaiten, harentzat, garraio molde hori existitzen dela. Denak deituak zirezte gurekin juntatzerat larunbata honetan, abenduaren 3an, arratsaldeko 3etan, Miarritzeko herriko etxearen aintzinean, opariaren eskaintzearen zeremonia alai eta besta girokoarentzat!

Aintzinetik, eta Durban-eko Gailurraren idekitze egunetik beretik, astelehen honetan, azaroaren 28an, txirrindula hori ibiliko da egunero Miarritzeko gune berezi batean, molde horrekin erakusteko txirrindulak Miarritzen ere osoki bere tokia duela.

Egunero, abentura berri bat biziko du beraz eta hemen pirripita erabiltzaileei Biarritzen gerta litzaizkiekeen arrisku eta lanjerrak azpimarratuko ditu, eta hor, hiri honetan laster plantan ezar daitezkeen apailaketa merkeak.

Biziki ikusgarria eta berezia izanen den honen lehen ateraldira gomitatzen dugu prentsa, azaroaren 28 honetan, astelehenarekin, 11:00etan, Biarritzeko Clémenceau plazan finkatu hitz-ordura. Bizi Kleta deitu dugu eta Biarritze eta honen leku ezagunenak jadanik bisitarazi dizkiogu eta biziki gustukoak izan ditu!

Egunero, Bizi Kletaren abenturaren berri emanen diegu prentsa eta biztanleriari. Bakoitzak hostokada hau kasik zuzenean segitzen ahalko du Biziren blogean: https://bizimugi.eu/

Pirripita gorri eta xuri eder bat da, B.O.-ko segitzaile sutsua. Azaroaren 29an, asteartean gertatuko den derbian izanen da, 19:00etan berean Agilera estadioaren aitzinean. Bakoitzak argazkiak egin ditzake pirripita honen gainean, eta argazkiak Auzapez Jaunari igorriak izanen zaizkio, horrela abenduaren 3an, larunbatarekin eskainia izanen zaion opari ederraren aitzin gustu bat izan dezan. Zuek ere beraz, Bizi Kleta xeka ezazue Agilera Estadioaren inguruan!!!

Azaroaren 26 honetatik beretik, trakta bat kopuru handian banatua izanen da arratsaldez Biarritzen, opari honen berri ona hedatzeko, eta bizilagunak abenduaren 3ko ekitaldian parte hartzera gomitatzeko!

2011ko azaroaren 24an,
Bizi !