Zorigaitzaren atarian gaude. Emmanuel Macronek Frantziako Legebiltzarra molde arduragabean desegin zuen igandean, ekainaren 9an, eskuin-muturrak Europako hauteskundeetako bozken % 40 bildu ondotik.
Erretreten eta ekologiaren kontra bortxa behin eta berriz baliatu ondotik, aberatsenak zerbitzatzen eta jende xumea mespretxatzen dituen politika garatu ondotik, eskuin muturra indartzen lagundu ondotik, Emmanuel Macron heldu da agintaldiaren hastapenetik segitzen duen bide-itsuaren muturrera. Hurrengo asteak erabakigarriak izanen dira.
Alabaina, eskuin muturra Frantziako Legebiltzarrean eta Gobernuan boterera heltzea nekez pentsa daitekeen izugarrikeria litzateke, bai eta berehalako mehatxua gure bizitzen kontra.
Jendarteak lortu dituen aitzinamendu guzien kontra borrokatzen den alderdi bat boterean ezarriko luke. Alderdi horrek ez du sekula jende xumea babestu, lehen mailako produktuen prezioen blokatzearen kontra bozkatu baitzuen. Prekarioenen bizi baldintzen hobekuntzaren kontra egin zuen SMICaren emendatzearen kontra bozkatuz, eta gure osagarriaren kontra ere glifosatoaren debekua errefusatuz.
Den-mendreneko politika ekologikoaren kontra egitea lehentasunetan duen alderdi bat jarriko litzateke boterean; militante ekologisten lanaren kontra doa, argi eta garbi. RNk gelditu gabe muntatzen ditu laborariak ekologisten aurka, energia berriztagarrien aurka borrokatzen da, eta aktiboki babesten ditu nahasmendu klimatikoaren ardura nagusia duten multinazionalak. Datozen urteak erabakigarriak izanen dira planeta bizigarriaren segurtatzeko, eta galdu urte bakoitza betiko galdua izanen da.
Rassemblement National alderdiak zuzenean erasoko luke migratzaileekiko elkartasuna, genero berdintasuna, lurralde ireki eta begitartetsuen defentsa, arrazakeriaren eta diskriminazioaren kontrako borroka. Hots, Bizik jarraikitasunez defendatzen dituen hainbat kausa. Oraino makurrago, RNren proiektuaren muina hobespen nazionala da, hots Frantzian sortu pertsonak naturalki besteak baino gorago direla kontsideratzea. Horrek zalantzan ezartzen du giza-eskubideen aldarrikapenaren lehen artikulua: “pertsonak askeak eta eskubidez berdinak sortzen dira eta horrela izaiten segitzen dute”! Ez dugu sekulan horren aitzinean amore emanen.
Azkenik, Euskal Herri jasangarri, burujabe eta solidarioaren alde mobilizatzen ari diren elkarteen eta jendarte zibil osoaren jardunerako baldintzen aitzinekorik gabeko gogortzea gertatuko litzateke, eta hori Bizik ere beste askok bezala pairatuko luke.
Arriskua hurbil bada ere, gure etorkizuna, sekulan baino gehiago, gure esku dago: egoera ez da oraino trenkatua. Antolakuntza kolektiboa erabakigarria izanen da eta Bizik bere betebeharrak beteko ditu. Beste mundu batzuk posible dira, makronismo liberal eta autoritariotik eta eskuin muturreko erokeriatik kanpo. Eraiki ditzagun!
- Larunbat honetan, sindikatuekin batera manifestazioan parte har dezagun, (abiatzea 11:00etan Baionako Geltokitik).
- Larunbat honetan, Aldaren deiari erantzunez, etxebizitza-eskubidearen egunean, 18:30ean, Baionako Patxa plazako elkarretaratzean parte hartuz.
- Denak bozkatzera joanez eta besteak bozkatzera sustatuz, ekainaren 30ean eta uztailaren 7an, legebiltzarreko hauteskundeetan.
Klimaren alde, gradu-hamarren bakoitzak balio du.
Demokraziaren alde, boz bakoitzak balio du.
“Borrokatzen denak galtzen ahal du, baina borrokatzen ez denak jada galdua du“. Bertold Brecht