Koronabirus: Eta kalte egitetik gelditzea, aterabidea balitz…
Memento honetan XXI. mende hastapeneko osasun krisirik handienetako baten erdi-erdian gara. Egunez egun, Covid-19arekin kutsatuak diren pertsonen kopurua beti gorantz doa. Pandemia mundu osoa zehar zabaltzen da abiadura ikaragarrian eta Estatu bakoitzak erabiltzen du bere protokoloa, bere egutegia koronabirusaren mugatzeko.
Politika neoliberalek mendebaleko osasun sistemak desegin edo serioski ahuldu dituzte. Hego Korea eta Taiwan bezalako zonbait herrik duela aspaldi prebentzioaren antolakuntzan parioa egin dute: detekzio sistematikoa, berrogeialdi zehaztua, maskaren erabiltzeari buruzko sentsibilizazioa eta krisia balitz, beharrezko erreserben presentzia. Gaitza gelditzea lortu dute konfinamendu kolektiborik gabe. Alta, aitzineko osasun krisietarik eta Mundu Mailako Osasunaren Erakundetik aspaldian abisatuak ziren Europar eta ipar Amerikako Estatuak ez dira gai izan ber maneran antolatzeko. Mediku eta farmazia industriak, merkatuaren esku ikusezinak eta garapenaren erlijioak, prebentzio politikaz bost axola dute: azken honek ez baitu etekinik sortzen. Ondorioz: egoera gure eskuetarik kanpo ihesi joan da eta arriskua da gure osasun sistemen osoki gainditzea, azken hauek gaitasunak murriztuak ukan dituzte, zerbitzu publikoaren hainbat urteko desegitea dela medio. Garaia zeno beharrezkoa ez egiteagatik (prebentzioa, maskaren eta gel hidro-alkoholikoaren banatze masiboa, detekzio masiboak eta berrogeialdi zehaztuak), gure gobernuburuek oraingo egoerara ekarri gaituzte: konfinamendu orokorrak du txarrena saihestea baizik ez du lortzen ahal.
Frantses gobernuak «lekualdatze eta harremanak beharrezkoaenak direnetara baizik ez mugatzea» hautatu du «gerlan garela» adieraziz. Alta, kontseilu zientifikoak epidemia «menperatzeko» egokiena litekeen konfinamendu orokorra gomendatzen duen unean, gobernuak, bere aldetik, baitezpadakoak ez diren enpresei gomendatzen die beren jardueren atxikitzea. Zein da gure buruzagien lehentasuna: kosta ahala kosta ekoizpenaren atxikitzea, nahiz eta ekoizpen horrek loturarik ez izan baitezpadako beharrekin, ala jendartea babestea? Jakinez konfinamendu orokorrak ondorio baikor eta baieztatuak dituela birusaren hedatzearen emekitzean baita ingurumenaren gain ere, berotegi efektuko gasen isurketak ttipituz, argi ikusten dugu kasu honetan jendartearen jarduerak arazoaren iturburu direla. Ondorioz, zergatik ez gaitzaren erroetara jo? Egiazko “etsaia”, ez ote da bizi giren sistema kapitalista, produktibista, finantzarizatu eta mundializatua?
Osasun krisia izan aitzin, sistemaren krisia
Oroz gainetik hazkundeari eskainitako gure garapen ereduan leporaino sartuak, Lurreko baliabide naturalak erabiltzen eta gure ingurunea kaltetzen jarraitzen dugu. Ezagutzen dugun jendarte-eredu honek, beti gehiagoarena, ekosistemak suntsitzen ditu eta beste izaki bizidunen desagertze masiboa eragiten du. Gaur egungo pandemiaren eta honen desmasien hedadurak, ingurumen mailako nahasmenduen, osasun publikoaren politika publikoen desegitearen eta sistema kapitalistak sortu duen mundializazio neo-liberalaren eite handia du.
Epidemiologo anitzen arabera, badirudi Covid-19 osasuna krisiaren abiatzea pangolin baten edo saguzar baten birusa pertsona bati transmititzetik etorri dela. Izan ere, XX. mendearen erdiaz geroztik, birus patogenoak, ordura arte ikusi ez ziren guneetan agertu dira. Haietako gehienak animalia etorkizkoak dira, eta horietarik 2/3ak baino gehiago animalia basatiek eramaten dituzte. Ez zaie haiei errua leporatu behar, zinezko arduraduna bizi garen sistema da. Neurrigabeko deforestazioa, urbanizazioa, industrializazioaren bortxaz, eta, era berean, animalia basatien legez kanpoko merkataritzaren bidez, haien habitatak suntsitu ditugu eta horrela espezie anitzen lekualdatzea eragin dugu gure bizilekuetara. Hurbiltasuna dela eta, birusa daramaten animaliek, berentzat gaizgabeak, askoz errazago transmititzen dizkiote jendeari, hauentzat patogenoak izanik. Horregatik, argi da sistema kapitalista, produktibista, ustiatzailea eta mundializatua ez baldin bada errotik zalantzan ezartzen, datozen hamarkadetan horrelako epidemia gero eta gehiago bizitzeko arriskua dugula.
Epidemiaren larriagotzearen iturburua den sistema kapitalista, koronabirusak kordokarazi du
Osasun krisi honek lehenago aipatu dugun gizarte eredua zalantzan ezartzen du. Sortzen dituen logikek: hazkunde lehiaketa, produktibismoa, estraktibismoa, mundializazioa, legerik gabeko diru merkatuak etab., hauskor bilakarazten dute eta lurraren gaineko bizia arriskuan ematen dute. Gure bizimoduak du izurrite hau sortu eta mundu guzirako zabalkundea errazten du.
Covid-19aren pandemia, historia garaikidean ezagutu ditugun osasun krisien segidan sartzen da. Gripe birusak, H5N1 bezalakoa hegazti hazkuntza intentsiboarengatik (1997) edo H1N1 delakoa, jatorria urde hazkuntzan duena, «espezieen barrera» eta mugen gainetik pasatu dira. Krisi horiek alde humanitarioaren alderditik beti konpondu dira, urgentziazko aterabide tekniko eta biomedikoei esker, horien kausa diren mundu mailako politika neoliberalak sekula santan zalantzan ezarri gabe. Kerosenoaren zerga-gabetzea aire garraioaren onetan, Europako Laborantza Politika laborantza intentsiboaren alde, lurren artifizializazio eroa sortzen duen lurraren gaineko espekulazioa, ekoizpen kateen lekutzea eta merkantzien garraio soberakeria bultzatzen duten trukaketa libre hitzarmenak… Hauek dira gure gobernamenduek eramaten dituzten politika ekozidoak.
Covid-19ak mundu mailako aktibitate ekonomikoa azkarki moteldu du. Pandemiak sortzen duen beldur-ikarak, finantza merkatuen uzkailtzea eta jadanik egoera bereziki ezegonkorrean zen petrolioaren prezioen lurreratzea ekartzen ditu. Frantses Estatuan krisi honek agerian ezartzen ditu ere ikerketari, ospitaleei eta osasun sistemari orokorrean ematen zaizkien baliabideen murrizketa politiken eragin suntsitzaileak. Adibide gisa, birusaren hedapena apaltzeko ezinbestekoak diren maskaren eta gel hidro-alkoholikoaren zorigaitzeko kudeaketak, herritarrak arrisku larrian ezartzen dituela gaur egun. Osasun publikoaren aldeko egiazko politika publiko baten eskasean, epidemiaren artatzeko erdi-aroko medioekin gabiltza, jendarte osoaren atera gabe egote behartuarekin. Argi uzten du gure buruzagiek aurreikuspen eskasa ukan dutela, nahiz eta duela hiru hilabete Txinan zen egoeraren berri bazuten.
Ospitaleek ere pairatzen dituzte beren baliabide eta ahalmenen murrizketa politika deliberatuak, eta gaur egun giza baliabide, arta intentsiboendako ohe eta arnas hartzeko makina eskasean gertatzen dira. Kutsadura maila gorenera iritsiko delarik, Italian dagoen egoera katastrofiko bera bizitzeko arriskua dute, alta krisi honen hedadura azkarki mugatzen ahal zen, detekzio masibo bat aski goiz egin izan balitz.
Mundu mailako osasun krisi honen aitzinean, Philippe gobernuak kontraerrana dakarten neurriak hartu ditu: eskolen hestea, unibertsitateena, ostatu, jatetxe, museo, «nazioaren bizitzarendako ezinbestekoa ez den guzia», baina enpresak irekiak jarraitzera bultzatuak dira aldi berean. Herri hauteskundeen lehen itzulia mantentzeaz zer pentsa, osasun krisi betean sartuak ginela? Zer pentsa Amazonek gauzak banatzen jarraitzen ahal izateaz, funtsezkoak ez ziren hurbileko saltegi ttipiak hestera behartuak izan direnean? Zer pentsa eraikuntza arloa berriz lanera itzul dadin egin den deiaz, gutieneko segurtasun neurriak bermatu gabe? Konfinamendu partzial honekin, arduradunek telelanaren luxuaz gozatu ahal dute eta langile prekarioek, beren lana etxetik egiterik ez dutenez, egunero arriskuan daude. Saltegietako kutxazainak, erizainak, garbiketako emazteak, eta beste, arriskuan ezartzen direnen artean hein handi batean emazteak dira. Berriz ere, gobernuaren erabakiak sozialki zuzengabeak dira eta emazteak dira galtzaile handiak.
Emmanuel Macron bete-betean menperatzen duen diskurtso bikoitzean ari da beti. Itxuraz ospitaleetako langileekin urrikaltsu eta elkartasunezkoa ageri da alde batetik -baina haren zorroztasun politikaren aurka greban direla badu urtebete luzea-, eta beste aldetik, ez dizkie ematen osasun krisi honi buru egiteko baliabideak. Horrez gain, frantziar gobernuak osasun krisi hau guk lortu gizarte onuren aurka jotzeko baliatzen du eta betiko logika neoliberalean murgilduz: enpresei parada eskainiz bere langileak behartzea lan denboraren laburtzeek (RTT) edo opor ordainduetako aste baten hartzera (enpresa-akordioa negoziatua bada), lan denboraren emendatzea, sektore batzutan astean 60 ordu arte. Etxetik atera gabe egoteko garai honetan galera handiak jasaten ari diren enpresa eta merkatari ttipiei zuzenean laguntzeko ordez, frantziar estatuak eta Europaren banku nagusiak bankuei ematen diete dirua eta finantza merkatuen egonkortasuna ehunka mila milioien bidez bermatzen dute. Alabaina, ikusi genuen jada nolako emaitzak ekarri zituen halako politikak 2008ko krisian: zorroztasun plan batetik bestera ari direlarik, beste behin ere ahulenak dira, behartsuenak, ondorioak jasanen dituztenak.
Alta, krisi honek desberdintasunak eta ekosistemen suntsiketa areagotu ordez, egiazko metamorfosi ekologiko eta soziala indartzeko parada izan behar du. Krisiak frogatzen du aldaketa sakonak eta lasterrak posible direla hexagono mailan, nahikari politikoak eleak gainditzen baditu eta ekintzetara pasatzen bada. Nolaz gaitezke gisa horretako neurri erradikalen hartzeko gai, birus honi aurre egiteko, alfer egonak garelarik hamarnaka urtez bizidunak sekula ezagutu ez duen mehatxuaren parean: nahasmendu klimatikoa? Ez dezagun ahantz pandemiaren bukaeran, makur honetatik ikasgaiak atera beharko ditugula. Oraingoz, ekin dezakegu gure lurraldearen mailan.
Gure bizi-baldintzak berreskuratu eta kalte egitetik gelditzea
Bioaniztasuna kaltetzea, aldaketa klimatikoa eta koronabirusaren osasun krisiak sekula baino gehiago bortxatzen gaitu gure lurraldeetan konkretuki eragitera. Aldaketa orokorra eta sistemikoa dugu plantan ezarri behar. Amankomunean berriz pentsatu eta gure bizi-baldintzak berreskuratu. Finantza merkatuak arautu, haietaz libratu berdin, zerbitzu publiko azkarrak plantan ezarri, biosferaren mugak errespetatzen eta ezberdintasun sozialak ttipitzen dituen ekonomia ezarri. Gainerako bizidunei, Lurrari eta guhauri kalte egitetik gelditu. Gaur egungo bizimoduen kontra joan eta gizarte neurritsu baterantz abiatu.
Azken bi urteetan, Bizi lurralde burujabe, iraunkor eta solidario* baten proiektua lantzen ari da. Zenbait erabaki, adibidez, energia fosilen erauzketaren gelditzea, jarduera klimatizidoetarako dirulaguntzen debekatzea, aberastasun gutien duten herrien egokitze eta ondorio arintze beharren laguntza-funts bat finantzatzea, mundu mailan modu adostuan hartu behar baldin badira ere, klimaren aldeko konponbideen % 50 – % 70 tokiko eskalan aurkitzen dira, bertan subsidiariotasun printzipioa biziki gutitan aplikatzen delarik. Hein handi batean, guregandik urrun hartutako eta usu gure beharretara egokitzen ez diren erabakien menpe gaude. Herriaren burujabetza prozesu demokratikoaren zentroan berrezarri behar da. Lurralde-eskala funtsezkoa da egiazko eraldaketa sozialerako, demokrazia benetan gauzatu daitekeelako eta gure lurraldearen erronkak berehala hautematen baitira.
Guhauren garapenaren eragilea izateko, ekoizmolde kapitalistatik askatu behar gara, eta aktibitate ekonomikoa birtokiratu behar dugu. Merkatuaren legeek, gaur egun, ez dute trantsizio ekologikoa eta gizarteratzea bultzatzen, orduan salerosketen tresnaz jabetzen hasi behar dugu. Horrela, Euskoa, Ipar Euskal Herriko tokiko moneta, berreskuratze horren tresna egokiena da. Gure esku den moneta da eta gure balioen zerbitzuan erabil dezakeguna. Zirkulazioan diren eusko guziak sistema espekulatzailetik kendu hainbat diru dira eta egiazko eta tokiko ekonomiaren zerbitzura emanak. Iparraldean birtokiratzeko tresna garrantzitsua da.
Halaber, elikadura burujabetza helburutzat hartuz, gure elikagaiak birtokiratu behar ditugu, ahal bezain bat tokitan ekoitziz eta kontsumituz. Euskal Herriko Laborantza Ganbara azken 15 urte hauetan lanean ari da, lurralde osoan zabaldutako etxaldeetan, tokiko, osasuntsu eta kalitatezko janaria ekoizteko asmoarekin. Horri esker, laborari asko beren lanbidetik, duintasunez, bizi dira eta biharko baliabide naturalak zaintzeko aukera ematen du.
Azkenean, gure burujabetza energetikoa eskuratu eta kontrol demokratikoa bermatuko duten erakunde parte-hartzaileak eraiki behar ditugu. Biharko energia, herritar energia izan behar da, I-ENERek eta Enargiak Iparraldean proposatutako konponbideak bezala, energiaren neurritasunari buruz joateko aukera emanen diguten eragileak dira.
Birtokiratze prozesuak eta lurralde-burujabetza demokratikoarenak elkarreraginean dira. Iparraldearen kasua hartzeko, gaur egun eremu horretako erakunde bakarra den Euskal Elkargoak ingurumenaren eta gizartearen aldeko politika anbiziotsu bat errazkiago eramaten ahalko du bere ekonomia birtokiratua baldin bada eta ondorioz nazio arteko lehiarekiko ez bada hain ahula. Eta alderantziz, baitezpadakoa da beharrezko eskumenak ukan ditzan subsidiaritate printzipioa indarrean ezartzeko, eremuari egokitua zaion politika sustatzeko gisan.
Osasun krisi hau, 2008ko finantza-krisiaren ondotik heldu da, eta beste anitzen aitzinetik dator. Frogatzen du baitezpadakoa dela elkartasunen indartzeari, elkar-laguntza sareei eta antolaketa kolektiboari buruz lan egitea. Lan hori sakonki eginez, lagunduko dira herritarrak ihardukitzen etorkizunean gertatuko diren krisi klimatiko, ekologiko, sozial eta sanitarioen ondorioei eta kalteei aurre egiten.
Egun kolektiboki bizi dugun gertakariak gako guziak eskutan ditugulako kontzientzia harrarazi behar digu gizarte erresiliente baten eraikitzeko, gero eta erregularkiago eta bortitzago iraganen diren txokeei aurre egiteko, klima nahasmenduaren ondorioz eta gure ingurumen ekologiko eta sozialaren ahultzearen ondorioz. Gizarteak birtokiratua eta autonomoagoa izan beharko du, gure beharrei tokian tokiko erantzunak emateko gisakoa. Pertsona bakoitzak, natura zainduz, bere toki zuzena atzemanen duen jendarte jasangarri eta solidarioa izan beharko du, gure hazten, gure loriatzen eta gure babesten segitu dezan.