Black Friday, edo kosta ala kosta kontsumitzearen sustatzea!
Ongi pentsatuz eta molde arduratsuan kontsumitzea posible bezain beharrezkoa da!
GKE/ONG guziek eta komunitate zientifikoak deiadarra jotzen dutelarik ingurumenaren eta lehengaien eskala handian xahutze eta kaltetzeari buruz, ostirala honetan hasiko da Black Friday-a hots omen prezio ezin hobean diren erosketa konpultsiboen eguna! Badirudi orain Ostiral Beltzatik haratago Aste Beltza edo Black Week-erat ere luzatuak direla promozioak.
Fenomenoak ez badu Ipar Amerikan duen eroaldiaren neurria hartua oraino, Estatu frantziarreko biztanleen %70ak Black Friday ezin saihestuzko hitzordu batentzat kontsideratzen du. Hemen gehien bat interneteko erosketentzat erabilia da sasoin hori nahiz eta dendak ere dantzan sartzen diren. Denek «atera-ekoiztu-erosi-bota» eredua sustatzen dute gure ingurumenaren hondamendirako!
Mundu mailan, BlackFriday-eko beherapenen karietara «fast-fashion» eta «high-tech»a dira gastuen iturri nagusienak.
Alta, jakina da ehungintza dela mundu mailan petrolioaren industriatik landa bigarren kutsatzaileena (industrietarik ateratzen den kutsadura kimikoa, kotoin alorretan erabilitako pestizidak, uraren xahutze intentsiboa, etab.). Ber maneran, gure buruari galdegiten ote diogu nondik datozen gure mugikorrak osatzen dituzten meak, usu gerla guneetarik, edo zer baldintzatan lanean ari diren mundu hortako langileak, edo zaharkitze programatuaren ondorioak zein diren…
Erosketa mota horiek ere sekulako kalteen sortzaile dira (gainestalki behar gabeak dituzte eta erabilpenaren ondotik ondakin ezin ber-erabiliak bilakatzen dira). Bai jantzientzat eta bai «e-ondakinentzat» birziklapen maila oso ahula da eta herri ainitzetan ezinezkoa da…
Eta hori guzia zertako?
UFC-Que Choisir, kontsumitzaileen elkarteak 2015ean inkesta bat burutu zuen eta argi utzi zuen Black Friday-ren karietara eginak diren promozioek bakarrik eta batazbeste bezeroei %2ko beherapenaren lortzea ahalbidetzen dutela, markentzat ilusio horrek sekulako irabazteak ahalbidetzen dituelarik.
Ondorioz, horrelako gertakari baten aurrean, ainitz kontsumitzailek alternatibei beren interesa erakusten dute horrelako kontsumo eroaren saihesteko:
-
Botatzeko ordez konpondu edo eman, erosketa ororen bizi iraupena luzatu posible delarik, bertakoa erosi, hautatu labeldun produktuak… hauexek dira diferentzia egiten duten praktikak.
Envie sarearen Green Friday iniziatibari esker erostea hautu indartsu bat dela kontzientia hartzeko parada bada, horren bidez ulertuz ingurumenarekiko ondorio zehatzak badirela helburu zuzen eta iraunkorrak baldin badira. Ez da hobenduntasun sentsazioa pasatzeko xedea, baizik eta herritarrak kontsumo arduratsu baten lehenestera animatzeko xedea. Ondorioz, etikoak diren egiturek ez dute beherapenik egiten Black Friday-kari baina beren eguneko saltzeen %15aren balioa Green Friday-k sustatu elkarte bati ixurtzen dute edo kontsumo arduratsuari buruz sentsibilizazio ekintza bat egiten dute.
Azkenik, eta Eguberri hurbiltzen ari dela eta, Black Friday erabilia da hurbilekoei opariak egiteko momento bat bezala… alta alternatiba ainitz badirelarik:
-
Duela zonbait urte, Bizi! mugimenduak proposatzen du jendeen artean harreman gehiago sortzeko eta ondasun guttiago gastatzeko «Opari Dispentsa Agiria»: https://bizimugi.eu/wp-content/uploads/2015/12/1-Bon-NOEL-2015-EUS-Recto.jpg
-
-
Herri anitzek Eguberriko merkatu alternatiboak antolatzen dituzte non tokiko ofizialeak agertzen diren. Ikus Baionako kasua, azaroaren 24ean.
-
Garai berezi honetan, ez dezagun ahantz herritar eroste ahalmenak ukaiten ahal duen indarra, norbanakoen ekintzak eragin erabakigarria ukaiten ahal baitu kolektiboaren eta ingurumenaren gan, egunerokotasunean gure mundua aldatuz.