2019ko abenduan Txinan, Wuhan hirian aurkiturik, 2020ko otsailetik goiti Frantziak Covid-19 pandemia daitekeela aipatzen du eta martxoaren 17tik, frantsesak konfinatzera behartuak dira. Laster ohartzen gara ez dela maskarik artatzaileendako eta lanean segitzen duten pertsonentzat, alta medikuen zati batek langile guzientzat eta baimendutako ateratze guzientzat gomendatzen ditu. Horrela, Estatuak ez du bere herritarrak zaintzeko eginbidea betetzen eta maskaren erabilera ukatuz kutsatu daitekeen biztanleriaren parte bat lanjerean ezartzen du.
Zentzu onez, herritar mobilizazioa segidan antolatzen da Estatuaren gabeziak konpontzeko. Ekimen indibidualek (erizainak, zahar-etxeen laguntza-eskaera deiak) parada eman dute hainbat lanbidetatik maskak eta babesak biltzeko, hala nola, elikagaien industriatik, eraikuntzatik, etab. Horrez gain dendari kolektibo batzuk sortu dira mugarik gabe berrerabil daitezkeen oihal maskak ekoizteko lehen lerroan zirenentzat, baita beren burua hornitu nahi zuten guztientzat ere.
Konfinamendutik ateratzean, Estatu mailako maskara erreserbak berriz hornituak zirenez, gobernuak, azken finean, medikuek maskak erabiltzearen balioari buruz gomendatzen zutenarekin bat egin du. Ber denboran, jostunen lana, konfinamendu garaian esku-zartekin goretsi dena, baztertua izan da mugetatik kanpo ekoiztuak diren eta erabilpen bakarreko edo 10 aldiz bakarrik berrerabiliak izan daitezkeen masken probetxura. Birusetik begiratzeko lagungarria delakoan, eta alternatiba berrerabilgarrien eskasez, «dena botatzekoa», eta horrekin, sortzen diren hondakinak, usaiako praktika bilakatu dira berriz. Praktika horrekin, zorigaitzez, jendetasunaren kontrako jokabideak ere agertu dira, erabilera bakarreko babes batzuk supermerkatuetako aparkalekuetan, lurrera bota baitira, besteak beste. Kutsadura horri gehitzen zaizkio osasun arriskuak garbiketaz arduratzen diren pertsonentzat.
Jendetasunik gabeko jestu horiek ere uretako kutsadura emendatu dute, komunera botatzen diren oihalño desinfektatzaileak, araztegien tapatzea lortzen dutenak, edo oraino, orain itsas zolan kausitu diren botatzekoak diren maska horiek.
Jakinez plastikozko kutsaduren borroka ainitz aitzinatu zela azken urte hauetan, herritar presio indartsuari eta gero eta zorrotzagoa den araubide bati esker, Covid-19ak, gibelatze handia eragin du.
Plastikoaren kontsumoa izigarri emendatu da konfinamenduaz geroztik.
Kutsadura arriskua murrizteko erronkaren aitzinean, anitzetan funtsik gabeko automatismo zaharrak bat-batean arrapiztu dira. Deskonfinamenduaren karietara erabil eta botatzekoez baliatze masiboa erreflexuz egiten da, errazago baitirudi obratzeko eta abiapuntutzat hartzen baitugu lasaitzen duela, nahiz eta plastikoaren gainean birusaren biziraupena zenbatekoa den oraino enigma izan.
Noiz jabetuko dira herritarrak, baina baita elkargoak eta gobernuak ere, plastikoaren desmasiez?
Maskaren erabilera, naski, Asiako herrialdeetan bezala ohiduretan sartuko da eta familiako farmazian hartuko du lekua. Klima nahasmenduari lotutako bestelako hondamendiak (osasun edo ingurumenekoak) berriz agertuko dira eta horretarako prestatu behar dugu. Biztanleria behar lukeen bezala babesteko, dena kontsumigarri eta dena erabil eta botatzeko sistematik ateratzea, horrek ingurumenean dituen eraginengatik, prebentzio politikek arrisku ekologikoak eta horien kudeaketa integratu behar dituzte, azken unera arte igurikatu gabe.