Astazken honetan, maiatzaren 15ean, 10:00etan, Biziko hainbat ekintzailek «Hemen, Ingurumenaren Grenelle-eko dirua desbideratzen da» pintaketak egin dituzte Victoria Erreginaren etorbidean. Ber momentoan prentsa aitzineko bat eman dute bertan azaltzeko ekintza horren arrazoinak eta maiatzaren 24 eta 25eko klimaren aldeko mobilizazioetara deitzeko.
Berriki erreberritua izan den Victoria Erreginaren etorbide enblematikoaren kasua zinezko eskandalu bat da Biziren aburuz. Bide honek jarraitzen du «dena autoz» lehentasunari erantzuten, eta bertan, autobusak emeki joan beharko dira, bereziki udan, blokaturik egonez auto trafikoarengatik. Azkenik, bizikletez ibiltzeko bide hau lehen bezain arriskutsua eta desatsegina gelditzen da.
Nahasmendu klimatikoaren kontrako borrokan, dimisio politiko bat baino gehiago da. Zeren Victoria Erreginaren etorbidearen erreberritzea Tram’bus xedearentzako aitzinikusia zen diruarekin egina izan da eta horrek egiazko arazo demokratiko eta etikoa pausatzen du.
Ingurumeneko Grenelle funtsaren desbideratzea:
Alabaina, Tram’bus proiektuak trantsizio ekologikoaren eta, bereziki, dena autoz edo autoari politikentzat alternatiben finantzatzeko diren ingurumeneko Grenelle-tik datozen funts handiak eskuratzen ditu. 20,04 milioi euroko diru laguntzarekin, proiektu hau onartuak izan diren bide propioetako garraio kolektiboko 77 proiektuetarik hobekien finantzatua izan da. Alabainan batazbeste 7,56 milioi euro ukan dituzte eta proiektuek.
SMTC-ak (Garraio Publikorako Sindikatu Mixtoak), Biarritzeko egungo auzapez den Michel Veunac-en lehendakaritzapean zenak, garaian aurkeztu proiektua bereziki handinahia zen.
Adibidez, zehazten zuen argiki Reine Victoria etorbidearentzat: “ia bakarrik autoari (bazter bakoitzean auto aparkalekuetaz inguraturiko zirkulazio bidea) zuzendua zaion egungo eremu hori birbanatu behar da gune bakarreko autobus bide bat irekitzeko. Bidea hiri erdi erdian amaitzen da, Victoria surf erresidentziaren aitzinean, Hôtel du Palais eta Herriko etxetik hurbil” (dokumentuaren 42. orria). Hots, autobusek, berentzat bakarrik ziren bidean behar zuten ibili Aguiléra-tik hiri erdira arte.
Veunac jaunak autobusendako bide berezien bidezko garraio publikorako proiektu handinahi bat “saldu” du, eta horrekin lortutako dirua baliatu autobus eta txirrindulen zirkulazioa batere laguntzen ez duten bideen berritzeko.
Hots, trantsizio ekologikoari zuzendua zen dirutza bat auto indibidualek osoki baliatzen duten eta «dena autoz» sinbolizatzen duten etorbideen berritzea diruztatzeko baliatua da Biarritzen. Alta “dena autoz” hori gure hiria, gure osasuna, gure klima eta gure planetarentzat oso kaltegarria da. (Afera honi buruz ikus informazio gehigarriak hemen)
Nazioarteko mobilizazioa klimaren alde, maiatzaren 24 eta 25ean:
Arduradun politiko eta ekonomiko soberak beren ardurak ez dituztenez asumitzen, herritar mobilizazioak inoiz baino gehiago behar du segitu. Nazioarteko 2 egun berriz deituak dira, maiatzaren 24 eta 25ean, ekintza eta manifestaldiak denetan iraganen direlarik. Hemen gaindi:
Ostiralean, maiatzaren 24an:
-klimaren alde gazteriaren greba
-Baionako Atalante zineman eztabaida gaualdia
Larunbatean, maiatzaren 25ean, 2 klima martxa:
-Donibane Garazin, abiatzea 15:30etan Herriko Etxetik
-Baionan, abiatzea 15 :00etan Auzitegitik
Loturik diren argazkiak zuen hedabideetan erabiltzeko eskubide guziekin dira