Trantsizio ekologiko eta sozial baten aldeko politika baten eramaiteko, Bizi! Mugimenduak kontsideratzen du Ipar Euskal Herri mailako instituzio baten sortzea baitezpadakoa dela. Eskala hori da lurralde koherente batena, bizi ingurumen natural batena, non bata bestearen osagarri diren eremu batzu aurkitzen diren: hiriguneak, biztanle eta kontsumitzaile dentsitate haundiarekin, eta baserri guneak laborantza, ofiziale eta ingurumen arloko aberastasunez beteak.
Trantsizio ekologiko eta sozial hori posible da baldin eta konduan hartzen bada aniztasun hori eta lurraldeen osagarritasuna, bai eta ere Iparralde mailan den kontsumitzaile eta ekoizleen arteko lotura hori. Ipar Euskal Herriaren neurriko Herriarteko Elkargoak hiriaren haunditzearen arloan, laborantza eremuen arloan, klima-energia planoaren arloan, dena autoarentzat ereduari alternatiben arloan, eko-eraikuntzaren arloko berriztatze eta eraikitze arloan, ekonomiaren bertokiratze arloan… lan egiteko parada eskainiko du.
Ipar Euskal Herri neurriko herriarteko elkargo bakarra lurraldearen kudeaketa koherente batentzat
Ipar Euskal Herriaren neurriko Herriarteko Elkargoak baitezpadakoa da ikuspundu orokor baten ukaiteko eta araberan beharrezkoak diren eskumenen ukaiteko, bereziki arlo ekonomikoan, garraioenan, etxebizitzenan, lurralde antolaketan. Euskal Herri Elkargo bakarrak planifikazio hori ahalbidetzen du koherentziaz beteriko eskala batean eta baliabide / ahalmen egokituekin.
Adibidez : mugikortasunaren arloan, garraio sare batek mugikortasunaren arazoak konpontzeko parada emanen du, gaur egun instituzio ezberdinen artean banatuak diren ardurek ezin kudeatuzko egoerarat garamatzatelarik. Egoera berri honek sarea eta txartelen sistema mutualizatzeko parada emanen du, garraio modu ezberdinen arteko loturak indartuz, etab. . EPCI edo Herriarteko lankidetzako erakunde publikoak hots delako HELEP-ak baluke ere gaitasuna Eskualdearekin eskumen batzuren negoziatzeko. Adibidez, Baiona eta Garazi arteko TER trenbidearen kudeaketa bere gain hartzeko, eta loturak egiteko autobus linea ezberdinekin. HELEP bakarra baitezpadakoa da mugikortasun mailan gure gibelapenaren gainditzeko!
Ber erronkak atxemaiten ahal ditugu barnekaldea eta kostaldea molde orekatuan konduan hartzen dituen etxebizitza sozialaren arloan, garapen ekonomikoaren arloan edo turismo jasangarriaren arloan. Mugazgaindiko harremanak aipatu gabe.
Ipar Euskal Herri neurriko herriarteko elkargo bakarra lurraldearen baitan elkartasuna indartzeko
Elkartasun haundiago bat zerbitzu publikoen, fiskalitatearen edo lurraldearen antolaketaren mailan denen onerako litaike eta gaur egun ezagutzen dugun baliabide eta azpiegiturei lotuak diren xahutzeak saihestuko lituzke.
Ipar Euskal Herri neurriko herriarteko elkargo bakarra eskualde erraldoi batean indar edo pizu gehiago ukaiteko
Barnekaldearentzat, izaitekok molderik hoberena, eskualde erraldoi berri baten barnean, Ipar Euskal Herriaren neurriko Herriarteko Elkargo bakarraren partaide izaitea da. Instituzio horrek ahalbidetuko du bere ikuspunduaren defenditzea 6 milioi biztanleko makro-eskualdean ! Ingurumena aldatu da eskualde haundi horretan: bihar, 4 edo 5 herri elkargotan zatitua litaiken Iparralde batek ez luke pizurik makro-eskualde batean . Lehen baino egoera piesago batean gintaizke: Iparralde zatitu bat, bi aldiz haundiago litaiken eskualde batean. Lan kolektibo arloan 20 edo 30 urteko atzerapen bat litaike.
Iparraldea prest da eskumen gehiagoren hartzeko, zeren duela 20 urte molde kolektiboan lan egiterat ohituratua da Garapen eta Hautetsien kontseiluekin. Bizi! Bezalako mugimendu herritarrak behar du eta interes haundiena du bitartekari bakar baten ukaiterat aintzinamenduak lortzeko datozen hamarkadan gainditu behar ditugun desafio klimatiko, energetiko, ekologiko eta sozialetan.
Garapen Batzordearen web gunean gehitua izan da beste hainbat ekarpenekin Bizi!ren iritzia: