Bizikutzu 65 – 2026ko uztaila

«Berritzen ez dena endekatzen da. Benetako errealismoa etengabeko berritzean datza.»
Edgar Morin

Editoriala

Denok gara, edo izan gara, klima- eta gizarte-justiziaren aldeko militante edo laguntzaile gisa, etsipenaren menpe. Azken bero-boladek argi erakusten dute nora garamatzan guztion ezak.

Zer egin, beraz? Amore eman? Erresiliente izan?

Edgar Morinek erakutsi zigun beste bide bat posible dela: borrokarena eta etengabeko engaiamenduarena.

Intelektual gisa, pentsamendu konplexuaren kontzeptua garatu zuen, zientzien eta filosofiaren arteko mugak gaindituz eta bien arteko etengabeko elkarrizketa sustatuz.

Sinesmen handiko gizona izan zen, eta oso gaztetatik ekin zion ekintzari: 1936an Espainiako errepublikanoak lagunduz, eta gero, bigarren mundu gerlan, nazismoaren aurkako erresistentzian parte hartuz.

Baina gizatasunez ere jokatu zuen beti, jasotzen zituen eskaera ugariei adeitasunez eta konbikzioz erantzunez. Hala, hainbat aldiz lagundu zituen Bizi!-ren ekimenak.

Jarraitu beharreko eredua izango da guretzat, eta haren irribarre onberak laguntzen jarraituko gaitu.

Ez adiorik, Morin jauna.

Potreta :

Justine, 35 urte, Ziburu

“Bizin gehien gustatu zaidana funtzionamendu erradikal-pragmatikoa izan da. Inoiz ez nion izenik jarri, baina berehala sentitu nuen nirekin bat zetorrela.

2021ean, Baionako militante-mugimenduen ekosisteman nire lehen urratsak eman nituen Euskal Monetan hasi nintzenean. Bertan, bereziki administrazio- eta kontabilitate-lanak egiten ditut. Ate horretatik sartu nintzen Bizi!-n boluntario gisa, 2023ko urrian egin zen Euskal Herria Burujabe ekitaldian Ekonomia Eraldatzailearen gunea koordinatu bainuen.

Ordutik, koordinazio taldean sartu naiz, nire gaitasunak (bazkideen kudeaketa, kontabilitatea) ekartzen saiatuz, baina baita niretzat garrantzitsuak diren kausen alde ere jardunez, hala nola ekofeminismoaren edo publizitate erasokorraren aurkako borrokaren alde.

Bizi!-n gehien gustatu zaidana funtzionamendu erradikal-pragmatikoa izan da. Inoiz ez nion izenik jarri, baina berehala sentitu nuen nirekin bat zetorrela, eta uste dut nire pentsatzeko eta militatzeko modua ondo islatzen duela.

Bizi! bezalako egitura baten funtzionamendua bere boluntarioen engaiamenduan oinarritzen da: gauzak mugiarazi nahi dituzten herritarren multzo batean.

Bestalde, euskara ikasten ari naiz, eta indar gehigarritzat hartzen dut Bizi!-n edo beste edozein tokitan euskaraz adierazteko aukera izatea.

Kanpoko berri : Edgar Morin, Biziren alde ere engaiatu zen intelektuala, hil da

Zendu berria den Edgar Morin, Bizik eraman dituen borroken bidelagun izan da.  Haien inspiratzaile handietakoa, baita eragile garrantzitsua ere.


Alternatiba askoren aitabitxia izan den Edgar Morin soziologoa maiatzaren 29an zendu zen, 104 urte zituela.

Bizi!-k tristuraz baina esker onez bat egiten du honi egindako omenaldiekin, bere metamorfosi kontzeptuaren bidez, Bizi! eta Euskal Herria Burujabe proiektua gain-gainetik inspiratu baitzituen. Besteak beste, Edgar Morin-ek 2018ko Baionako Alternatiba herrixkan publikoari irakurri zitzaion babes-mezua bidali zuen.

Galtze handi horren parean, haren espiritu bizia eta irekia gogoan atxikiko  dugu, baita haren sistema kapitalistaren aurkako jarrera ere, mundu hobe eta gizatiarragoa eraikitzeko helburua zuena. Bizi! saiatu da haren «pentsamendu konplexuaren» ideiak ekintza konkretu bihurtzen Euskal Herrian, klima-larrialdiari buru egiteko.

Desobedientzia zibil eta solidarioaren ekintzen partaide, David Salomon Nahoum —hori baitzuen egiazko izena — klima-belaunaldiaren bidelagun leiala izan da, bereziki Euskal Herritik abiatu diren ekimenena.

Halaber, Stéphane eta Christiane Hessel, Patrick Viveret, Susan George, Alain Caillé eta Claude Alphandery-ren engaiamendua ere goraipatzen  dugu; guztiak gure mugimenduaren ondoan engaiatu diren intelektualak.

Edgar Morin-ek Bizi!-rekin batera egin zuen azken ekarpena 2020an argitaratu zen. Izan ere, konfinamendu garaian argitaratutako «Eta bihar hemen balitz?» liburuxkaren hitzaurrea idaztea onartu zuen. Haren hitzek gaur egun ere indar handia dute:

Milesker zuri, Edgar Morin. Ez adiorik!

Bisita gidatua: Koordinaketa

Koordinaketa, hogeita hamar bat lagunez osatua, Bizi!-ren lana eta bizitza animatzen eta koordinatzen dituen organoa da; gure mugimenduaren funtzionamenduan funtsezko egitura.


Urtero, Bizi!-ren Biltzar Nagusian hautatzen da koordinazio talde berria: koordinaketa.

Elkartearen funtzionamenduan funtsezko organoa da: bertan hausnartzen da, erabakitzen eta antolatzen. Koordinaketak Bizi!-ren lana eta bizitza koordinatzen ditu, eta bide-orriaren aplikazioa bermatzen du (2025-2028 aldirako: Norabidea atxiki ekaitzaren erdian).

Koordinazioko kideek, aldi berean, lan-taldeetan (gaikakoak, tokikoak edo funtzionamendukoak) parte hartzen dute, eta zenbaitetan Bizi! ordezkatzen dute beste elkarte edo plataformetan (Euskal Moneta, EHLG, Herrian Bizi, Batera…).

Araudien arabera, taldeak emazte eta gizon kopuru bera ukan behar du, eta hilabetero bigarren eta laugarren asteazkenetan biltzen da Manu Robles-Arangiz Fundazioan.

2020tik, Baionatik urrun bizi diren kideek bideokonferentziaz ere parte har dezakete; horrek Iparralde osoan banaketa orekatuagoa ahalbidetzen du.

Urtero, koordinaketaren zati bat berritzen da. 2026an lau pertsona berri hartu ditugu gure artean, jadanik Bizi!-n noizean behin edo modu iraunkorrean engaiatuak zirenak, eta gaur egungo taldeak haien lana ikusirik gomitatu ditu. Ongi etorri haiei!

Egin dugu! Bortizkeriarik gabeko komunikazioari buruz formatu kanpaina

Biziren egituran  komunikazioa hobetzea, emozioen dimentsioa kontuan hartuz: hori izan da gure mugimenduko kideei proposaturiko tailerren helburua.


Ekain hasieran, koordinaketako zenbait kidek Bizin nehoiz ikusigabeko formakuntzan parte hartu zuten: harreman-komunikazioko tailer batean. Sabrinak – Mme Tnop izenez ezaguna aspaldiko militanteak, Bortizkeriarik gabeko komunikazio arloko formatzaileak animatu zuen saioa.

Lehen aldia izan zen harentzat ere; izan ere, bere jarduera bihotzeko dituen egituretara bideratzen ari da orain: elkarteetara.

Bilkuren dinamizaziorako erabiltzen ditugun teknikek hitzaren banaketa errexten badute ere (hitz-hartzeko txandak, batak besteari hitza moztea saihestea,  komunikazioa errexten duten keinuak…), lan-saioetan emozioen dimentsioa gutitan kontuan hartzen dugu.

Hala ere, modu eraginkorragoan militatzeko, harreman-baldintzak hobetzea ere beharrezkoa izan daiteke.

Horixe da Sabrinak proposatu  tailer-sortaren helburua. Lehen saioa entzute aktiboari eta emozioei buruzkoa izan zen.

Emozioek askotan paper erabakigarria dute gure engaiamenduetan: klima-aldaketaren aurreko antsia, erabakitzaileen aurkako haserrea, gure balioak partekatzen dituzten pertsonekin jardutearen poza…

Baina komunikazioa eta ekintza oztopa ditzakete ere. Norberaren eta besteen emozioak aitortu eta onartzea, sentitzen duguna eta adierazten duguna lerrokatzea, tentsioak elkarte baten bizitzaren parte direla onartzea eta ez saihestea, baina harreman-aukera gisa ikusiz: horiek guziak izan ziren arratsaldean landuriko bideetako batzuk, eta etorkizunean ere sakonduko ditugunak.

Egutegia

Uztailaren 15etik 19ra   19:00 – 21:00
Baionako bestak
Patxokin
Tonneliers-en karrikan – Baionan

Irailaren 2a, asteazkena   19:00 – 21:00
Biziren hilabeteko bilkura
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako 20 – Baionan

Irailaren 14a, astelehena   19:00 – 21:00
Begirale Ekologikoen hilabeteroko bilkura
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako 20 – Baionan