Bizikutzu 48 – 2023ko iraila

“Ez dugu gurasoen lurra ondoriotasunez ukaiten, seme-alabei mailegatzen baizik”.
Antoine de Saint-Exupéry

Editoa 

Uda bukatzear dago bere sasoiko bilanekin eta sartzerako promesekin. Eta lobby turistikoak udatiarren kopuruak etengabe komentatuko dituenean, beste ohar batzuek gure borroken urgentzia gogoraraziko digute: Kanadako mega sute suntsitzaileak, urte hasieratik Mediterraneoan hil diren 1.800 migranteak, mundu osoan hautsitako berote markak…

Alta, arduradun politiko eta ekonomikoek ez dute udako su-etenik izan errealitatearen ukapenean, ezta zientzialarien hitza zalantzan jartzean ere.
Are okerrago, mugimendu eta pentsamendu ekologikoen aurkako erasoa gero eta oldarkorragoa da.
Zer erantzun mota eman orduan? Nola saihestu etsipena, baita antsia ere? Engaiamendu kolektiboaren bidez, hau baita itxaropenerako indarra eman diezagukeen modu bakarra, eta gure mailan justizia sozial eta klimatikoko lurraldearen eraikitzea ahalbidetuko duena.

Hori da Bizi!-ren sartzerako proposamena, eta denak horren ezagutzera gomitatzen zaituztegu Euskal Herria Burujabe ekimenera joanez, Baionara, urriaren 7 eta 8an.

Potreta: Sabine, 31 urte, Baiona

Segur da [Euskal Herria Burujabe ekitaldiaren ondotik] Bizi-rekin aritzen segituko dudala, hor atzeman baitut xerkatzen nuen oldarra!

Sabine dut izena, 31 urte ditut eta biarnokoa naiz. Urte hasieran Baionara etorri nintzen bizitzera. Betidanik gustatu zait lurralde desberdinak eta haien berezitasunak ezagutzea, eta tokiko bizitzan bete-betean parte hartzea, bereziki ingurumen eta kirol elkarteetan sartuz. Honara heltzean hori egitera saiatu naiz, ez bainuen Euskal Herriari buruz gauza handirik ezagutzen! Erretreten erreformaren kontrako manifestazioetan atorra berdeei eta banderola deigarriei esker ezagutu nuen Bizi. Euskal Herria Burujaberen berri izan nuen pankartak egiteko tailer batean. Bolondres gisa parte hartzen hasteko molde ona iruditu zitzaidan, nahiz eta ekitaldiaren hedadurarekin pixka bat izitu nintzen! Jende berriak topatzeko eta egun horietan plantan ezarriko diren tokiko hainbat ekimen ezagutzeko parada ere izan zen enetzat. Laborantza, Elikadura eta Uraren batzordeko kidea naiz eta koordinazio bilkuretan ere parte hartzen dut. Ez dut presa bat baizik, han egindako lan guziaren gauzatzea baita egun aberats horietaz gozatzea ere. Segur da gero Bizi-rekin aritzen segituko dudala, hor atzeman baitut xerkatzen nuen oldarra!

Kanpoko berri: laborantzaren ildo txarra

“Nire bosturtekoa ekologikoa izanen da edo ez da izanen”, hitzeman zuen Macron hautagaiak Marseillan. Laborantzaren eremuari bakarrik begiraturik, argi da hori ez dela egia.

Senatuak uda baino lehentxeago onartu duen “Frantzia Etxaldea” izeneko legea horren argigarri ezin hobea da. “FNSEAren Papa Noëli idatzi gutun” horrek, UFCk aipatu duen bezala, laborantza sektorearen lehiakortasuna akuilatu nahi du. Erran nahi baita gehiago ekoiztea, kosta ahala kosta.

Airetik barreiatzearen baimentzea, Elikadura, Ingurumen eta Laneko Osasun Segurtasunerako Agentzia Nazionalaren (Anses) abisuei bizkar ematea… Laborantza intentsibo mota bakarra bultzatu nahi duen neurri multzo oso bat.

Sainte-Solinekoa bezalako putzu erraldoien gertakariek lasterketa ero hori karikaturaraino erakusten dute. Alabaina, diru publikoz finantzatuak dira eta laborarien % 6ri bakarrik zuzenduak zaizkie.

Badakigu zenbat kostatuko den! Bioaniztasunari dagokionez, adibidez: hegaztien % 57 desagertu dira laborantza eremuetan, beste eremuetan baino hiru aldiz gehiago.

Eta oraintxe onartu lege europar batek, irri egin gabe Naturaren Berroneratzeari buruzko lege deituak, ez du orientazio hori aldatuko. Helburu zifraturik eta obligazio formalik gabetua izanik, usaiako ele-meleari gehituko zaio.

Hemen berean, Ipar Euskal Herrian ere, laborantza iraunkorrak lur galtzea pairatzen du, turismoaren edo aisialdien lur gosea ezin asez. Espekulazioak lurraren prezioaren gorakada jasanezinak eragiten ditu, Arbonan adibidez.

Alta, konponbide iraunkorrak badira, tokian tokiko borrokek bultzaturik. Hori erakutsiko du EH Burujabek urriaren 7an eta 8an.

Bisita gidatua Bizi!-n . Euskal Herria Burujabe 2023-ren prestaketa-lan gordeak 

Gertakariaren prestaketak boluntario anitz biltzen ditu, lantaldetan antolatuak. Bakoitzak bere gustuko heinean parte har dezake, aitzinetik edo  egunean berean, noiztenka edo prestaketa denboraldi osoan eta Euskal Herria Burujabe egunera arte.

Zazpi talde tematikok metamorfosiaren 7 gaiak aurkeztuko eta balioztatuko dituzte: Elkartasuna, Politika, Mugikortasuna, Etxebizitza, Energia, Ekonomia eta Laborantza eta Elikadura.
Horiei gehitzen zaizkie antolaketa taldeak, hala nola:

  • Eginkizun guziei dagokien logistika, gertakaria behar bezala iragan dadin: ostatua, sukaldaritza, apainketa-seinaletika, materialaren kudeaketa, komunak, hondarkinak…
  • komunikazioa : argazkiak, sare sozialak, prentsa…
  • Itzulpena, euskarri guziak elebidunak izan daitezen
  • Karrika animazioa eta kontzertuak: artista, soinu teknikari eta abarren harrera,… 
  • Boluntarioen kudeaketa : haien hautaketa, plangintzen burutzea eta harrera …
  • «Haur eta nerabe»-en gunea familiei harrera egiteko eta jostatuz sentsibilizatzeko.
  • Eta larunbat arratsaldean besta irekitzeko talde berezia.

Zuk ere gertakari handi eta paregabe hortan parte har ezazu boluntario eginez! Izena inprimaki honetan eman ezazu: https://urlz.fr/nfyJ

Egin dugu! Baionako Bestak militante gisa

Uda honetan ere, Biziko kideak zuri-gorriz jantzi ziren Baionako Bestetan, Patxa plazako “Besta bai, borroka ere bai” erran zuhurra segituz. Baiona erakusleiho erraldoi bilakatzen den momento hortaz baliatuz, goizero, talde bat Euskal Herria Burujabe ekitaldiaren berri emateko afixak kolatzen eta ostatu militanteetan pegatinak banatzen ibili zen.

Patxokia  leku atsegina, segurua eta herrikoia bezala ezagutua da. Gau eta egun han berean txandaka aritu ziren ehun bat laguntzaileri esker. Eguerditan arroltze ta xingar edo piperrada hauta zitezkeen, 1.000 plater baino gehiago zerbitzatu zirelarik. Tokiko osagai biologikoekin eginiko otordu sinple eta merkea, garai hauetan Baionan arraroa! Urtez urte arrakasta baieztatzen da eta lagunen, lankideen, baita ezkontza bateko gomiten arteko bazkarirako hitzordu bilakatzen da! Arratsetan taloen aldi izan zen, 1.600 zerbitzatu ziren! Eta ia 3.000 pinta garagardo 5 egunez! Barraren alde batean bezain bestean goxoa zen giroa eta lagun taldeak antolatzen ziren elkarrekin lantalde gisa izena emateko.

Edarien eta plateren etekinek, urte osoan zehar Biziren ezinbesteko oinarri logistikoa den Patxokiaren segurtatzea ahalbidetzen dute. Aurten, taloek, neurri batean,  EH Burujabe ekitaldia  finantzatuko dute, hura ere besta giroko hitzordua, laguntzaileak beharko dituena!

Hitzorduak

  • Irailaren 1etik, urriaren 7ra: Euskal Herria Burujaberen prestaketa trinkoa, laguntza oro ongi etorria da! Izena eman hemen: https://urlz.fr/nfyJ edo pasa gure ikusterat Manu Robles-Arangiz Fundazioan, Cordeliers-en karrikako 20an, Baionan
  • Irailaren 5ean, asteartearekin 19:00-21:00 Etxebizitza lantaldea-ren bilkuraManu Robles-Arangiz Fundazioa, Kordelierren karrikako 20., Baionan
  • Irailaren 7an,  ostegunarekin, 19:00 – 21:00 Zintzur-bustitze-topaketa berezia: Euskal Herria Burujabe-ri buruz!
    Patxokian, Tonneliers-en karrikako 23an, Baionan
  • Irailaren 11n, astelehenarekin 18:30 – 20:30 Begirale Ekologikoen topaketa,  Manu Robles-Arangiz Fundazioa, Kordelierren karrikako 20., Baionan.
  • Urriaren 7 eta 8an, larunbata eta igandea: EUSKAL HERRIA BURUJABE ! Besta giroko  ekitaldi militante handia, Baiona Ttipian
  • Azaroaren 1ean, asteazkenarekin 19:00 – 21:00 Biziren Hilabeteroko topaketa,  Manu Robles-Arangiz Fundazioa, Kordelierren karrikako 20., Baionan.