Bizikutzu 34 – 2021eko maiatza

“Atzoko eroak behar izan ditugu, gaur ekiteko” Thomas Sankara

Editoriala
Gure azken zenbakian, ingurumenaren alorrean, gaur egun justiziak kondenatzen dituen Estatuak dituen eskasiez mintzatu ginen. Baina ez luke eragile horrek bakarrik bereganatu behar gure arreta.
Isil-isilik, sektore pribatuak ere erabat parte hartzen du klima aldaketan. Horrela, nazioarteko sei Gobernuz Kanpoko Erakundek argitaratutako azken txosten batek (“Banking on climate chaos”) agerian uzten du COP21az geroztik, munduko bankuek neurri handi batean erregai fosilak diruztatu dituztela.
Iaz, sektore honetan, Frantziako bost banku handienetako (BNP Paribas buru), %35 baino gehiagoko inbertsio emendatzearekin nabarmendu dira!
Hautu politikoak egitea garrantzitsua baita, batez ere hauteskundeetan, beharrezkoa da gutarik bakoitzaren hautuetan eta eguneroko ekintzetan arduratsua izatea, banku-kontua irekitzerakoan adibidez …

Potreta: Isabelle, 37 urte, Angelu

«Biziko militante izateak talde-lanaren boterearen esperientzia egitera narama, hots eragile politiko osoak diren elkarteen boterearen esperientzia.»

Arrangoitzen sortua, hiri batean bizitzea erabaki nuen, horri esker egunean eguneko bizian autoa ez erabiltzeko gisan. Duela zenbait urte Biziko kide bilakatu nintzen, elkarteak zeramatzan borrokekin bat egiten nuelako. Elkartearen jarduerei urrundik jarraitu ondoan, noizbehinka haietan parte hartuz, ATV edo Garraiobide alternatiboak taldean engaiatu nintzen, BABko ahal bezainbat biztanle 3 km baino gutiagoko bidaientzat autoa ez gehiago hartzera akuilatzeko kanpaina kari. Parte hartzen dut ere hirien antolaketa kudeatzen duten hainbat zerbitzuekiko harremanen jarraipenean.

Garraiobide alternatiboak taldean engaiatu aitzin, bide-antolaketa alorrean egiten ziren hautuek usu nardatzen ninduten. Sail horretan parte hartzeak hautu horietara daramaten betebeharrak hobeki ulertzera nakar, baita botere kolektiboaren esperientziaren egitera ere, hots eragile politiko osoak diren elkarteen boterearen esperientzia. Antropologia saileko ikasketak berriz hasi nituen duela 4 urte. Bizin militante izateak konkretuan murgiltzera eta talde baten ibilerari so egitera narama, baita elkartearen eta instituzioen arteko indar harremanari eta laneko edota komunikazioko metodoei behatzera ere. Bestalde gaitasun desberdinak dituzten pertsonekin lan egiteko parada ematen dit horrek, eta, haiekiko harremanen ondorioz, nihauren gaitasunak garatzeko parada ere.

Kanpoko berri: Euskarazko irakaskuntza frantses legean ezagutua

Hizkuntza aniztasuna bioaniztasuna bezain funtsezkoa da. Erresilientzia, kultura eta adimen aberastasun iturri da. Apirilaren 8a, egun historikoa izan da lurralde hizkuntzentzat. Frantses Legebiltzarrak Estatu frantsesean mintzatuak diren hizkuntza gutituen babesteko lehen legea onartu zuen aldeko 247 botzekin eta kontrako 76 botzekin. Paul Molac bretainiar Diputatuak eramana, «Ondarearen babesteari eta eskualde hizkuntzen sustatzeari buruzko» lege proposamenari bere edukia hustu zioten, Diputatuek, lehen irakurketan. Baina Senatuak testua emendakin garrantzitsu batzuk gehituz onartu zuen gero, eta jatorrizko lege proposamenaren zentzua berriz eman. Gobernuaren eta bereziki Hezkuntza Ministroa den Jean-Michel Blanquer-en uzkurkeria guzien gainetik, elkarteen eta hautetsien mobilizazio azkarrari esker, Diputatuek proposamenaren alde bozkatu zuten. Lege honi esker, murgiltze eredua ofizializatzen da hezkuntza publikoan, eta horren bidez beren eskoletan hezkuntza elebiduna edo murgiltze eredua eskaintzen ez duten Herriko Etxeek parte hartu beharko dute murgiltze eredua proposatzen duten eskola pribatuetako eskolatze gastuetan.

Borroka ez da behin betiko irabazia, gehiengoko hirurogei Diputatuk errekurtso bat pausatu baitute Konstituzio Auzitegian, eta, azken hau baztertua bada, ikusi beharko da oraino noiz hartuko diren obratze dekretuak…

Apirilaren 8 honetan ere Euskaraz Bizin lan taldeko kide aktiboa genuen Jasone Salaberria maiteak bere azken hatsa eman zuen. Ez du parada ukan euskararen aldeko legebiltzar mailako garaipen honen preziatzeko. Gure pentsamendu guziak hari eta haren hurbilekoei buruz doaz.

  • Bisita gidatua: Hitza Hitz taldea

Zure etxetik hurbil ekiteko gogoz zaude? BIZIko Hitza Hitz taldea behar duzuna da, menturaz!

Sortu denetik, “Hitza Hitz – Lurralde mailako alternatibak” taldearen helburua da Herriko Etxeak eta gure lurraldea funtsezko metamorfosi ekologikoa egitera sustatzea, neurri egoki eta konkretuetan engaiatzera sustatuz eta gero engaiamendu horiek betetzen dituztenetz begiratuz.

Gaur egun, taldearen lan nagusia informatzea, sentsibilizatzea eta ekitea da, Ipar Euskal Herriko udaletxeek eta Euskal Elkargoak “Metamorfosi ekologikoaren aldeko ituna” errespeta dezaten.

Horretarako, Hitza Hitz taldeak berripaper bat (Internetekoa eta paperezkoa) argitaratzen du eta zabaltzen, bai eta lurraldearen metamorfosiari buruzko urteko txosten bat ere. Beharrez, desobedientzia zibileko ekintzak ere antolatzen ditu. Taldearen azken ekintza Mauleko auzapezak kenarazi duen bizikleta bide bat pintatzea izan da. Alabaina, auzapez hori bere herriko bide guziak bizikletendako egokitzera engaiatu zen.

Parte hartu nahi duen pertsona oro “begirale ekologiko” gisa engaia daiteke, ekintza eredugarriak agerian emateko edo klimari kalte egiten dioten proiektuak salatzeko. Begirale gehiago izan, eta lurraldearen metamorfosi ekologikoa gehiago sustatuko dugu!

  • Egin dugu! Erronka ekologikoen heineko Klima-legearen alde manifestatu

Martxoaren 28ko larunbat hartan, Biziren banderola gibelean, 400 manifestari baino gehiagoko burrusta Angeluko etorbideetan isuri zen. Merkatura zihoaren behariak guri so zeuden, batzuek irriño bihotz-sustagarria botatuz, beste batzuek aurpegi etsitua erakutsiz. «Zertarako balio du?» ziotela iduri zuen.

Bai, zertarako balio ote du? Ozeanora isuri ur xorta bat ote litzateke? Zertarako balio du erabakitzea gure ur xorta ozeanoari gehitzea, hamar milaka frantsesen gisan, sasoiko eztiegi den igande goiz honetan?

Beharbada ozeanoa xorta bakartuen biltzarra baizik ez baita. Edo beharbada denak itsasontzi berean gaudelako. Eta hau hondatzen ari delako. Ondorioz, ura etengabe hartzen ari den sototik oihuka errepikatuz ari gara, pankartak altxatzen ditugu, Florence Lasserre diputatuaren egoitza aitzinean banderola bat hedatzen dugu. Zeren eta gain hartako zubian (Legebiltzarrean), kapitainak bere bigarren aitzindariekin nahiago bailukete beren burua itsasora bota, abiadura (hazkundea) ttipitu baino. Klima legearen anbizioak murriztu dituzte, meskaratu, moztu, lege horrek itsasontzia ur gainean atxikitzeko xedea baizik ez zuelarik. Horra zergatik ibili ginen goiz hartan. Egun batez igeri egitera behartuak ez izateko.

  • Egutegia

Osasun krisiari lotuak zaizkion baldintzen arabera, bilkurak telematikoki edo fisikoki eginen dira. Zehaztasunen lortzeko, bertan parte hartzeko, eta zuen interesa duen bilkuraren lotura ukaiteko,, idatzi info@bizimugi.eu helbidera.

  • Maiatzaren 5ean, asteazkenez 19:00 – 21:00 Biziren Hilabeteko Biltzarra, Cordeliers karrika 20, Baionan.
  • Maiatzaren 10ean 19:00 – 21:00 Garraioak lantaldearen bilkura
  • Maiatzaren 13an, ostegunez 18:30 – 20:15 Migranteak – Etorkizuna lantaldearen bilkura, Cordeliers karrika 22, Baionan.
  • Maiatzaren 17an, astelehenez, 18:30 – 20:30: Hitza Hitz / Begiraleak –Lurralde trantsizioa lantaldearen bilkura, Cordeliers karrika 20, Baionan.
  • Maiatzaren 17an, astelehenez, 19:00-21:00: Jakazan/k Logistika lantaldearen bilkura, Cordeliers karrika 22, Baionan.
  • Maiatzaren 19an, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Kide berriei harrera, Cordeliers karrika 20, Baionan.
  • Maiatzaren 20an, ostegunez, 19:00-21:00: Komunikazioa lantaldearen bilkura, Cordeliers karrika 20, Baionan.
  • Ekainaren 2an, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Biziren Hilabeteko Biltzarra, kideei eta heldu berriei irekia, Cordelier karrika 20, Baionan.
  • Ekainaren 7an, astelehenez 19:00 – 21:00 Euskaraz Bizin lantaldearen bilkura, Cordeliers karrika 20., Baionan.
  • Ekainaren 10ean, ostegunez 18:30 – 20:15 Migranteak – Etorkizuna lantaldearen bilkura, Cordeliers karrikako 20., Baionan.
  • Ekainaren 12an eta 13an: “Bizilekuaren arazoa Iparraldean” gaiari buruzko formakuntza-asteburua
  • Ekainaren 16an, asteazkenez, 19:00-21:00: Kide berriei harrera, Cordeliers karrika 20, Baionan.
  • Ekainaren 17an, ostegunez, 19:00-21:00: Komunikazioa lantaldearen bilkura, Cordeliers karrika 20, Baionan.
  • Ekainaren 21ean, astelehenez, 18:30 – 20:30: Hitza Hitz / Begiraleak –Lurralde trantsizioa lantaldearen bilkura, Cordeliers karrika 20, Baionan..
  • Ekainaren 21ean, astelehenez, 19:00-21:00: Jakazan/k Logistika lantaldearen bilkura, Cordeliers karrika 20, Baionan.
  • Uztailaren 7an, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Biziren Hilabeteko Biltzarra, kideei eta heldu berriei irekia, Cordeliers karrika 20, Baionan.