Bizikutzu 33 – 2021eko martxoa

«Bakarrik, zaluago goaz, elkarrekin, urrunago goaz» afrikar atsotitza

Editoriala

Grande Synthe herriaren alde Estatu Kontseiluak eman lehen erabakitik landa, orain Auzitegi Administratiboaren txanda da Estatu Frantsesa ziztatzeko, krisi klimatikoaren alorrean duen arduragatik. Bi instituzioek gobernuaren geldirik egotea agerian utzi dute. Eta zuzenbidea formala denez, frantses Estatuak izenpetu dituen engaiamendu eta hitzarmenak ez errespetatzea da kondenatua dena. Ber maneran, gauzatuak ez diren hitz-emateak dira agerian utziak, azken hauek gure demokrazia higatuz eta mesfidantza indartuz.

Baina, ikus dezagun basoa erdi betea: zuzenbideak azken finean aitortzen ditu Estatuaren eskasiak ingurumen alorrean eta manera horretan, zuzenbidea, erabiltzen ahal dugun arma ere bilakatzen da.

Hori ez da aski izanen. Ekintza pertsonal eta kolektiboak baitezpadakoak izaten jarraituko dute, eta Bizik segituko du Iparraldean horren eragile nagusi izaten.

Potreta: Johan, 19 urte, Baiona

«Ezin nuen pentsatu ene geroa etorkizun ekologikoago eta solidarioagorantz eramanen ez ninduen lan batean»

Johanek eguneroko jarduera guzietan du ekologia obratzen. Lizeoen erreformaren kontrako mugimenduan azkarki parte hartu zuen 2019an Biziko koordinazio-kide gisa. Greta Thunbergi jarraikiz, Fridays For Future ekimenaren Euskal Herriko adarraren sortzean parte hartu zuen, hau da klimaren alde greban ezarri ziren gazteen mugimendua. Gaur egun ikasle da Bordelen IUT Sciences et génie des matériaux eskolan, Low Tech elkarteko kidea da, ingurumena hobeki errespetatzen duen eta denentzat eskuragarria den teknologiaren alde borrokatzen dena. Diploma ukan ondoan, Sup’écolidaire eskolan sartzea du helburu, proiektu ekologiko eta solidarioen kudeaketarako formakuntza segurtatzen duen Lyoneko eskola pribatua. Berak dionez, engaiatua izateari esker, ohartu da ekologia egunero bizitzeko premia sentitzen zuela. «Ezin nuen pentsatu ene geroa etorkizun ekologikoago eta solidarioagorantz eramanen ez ninduen lan batean»

Bizi elkartean lanean hasteak, aire bafada baten efektua egin zion. Elkartearen egitura biziki koordinatua eta ongi pentsatua preziatzen du bereziki. «Ezagutza ugari eta oraingo munduaren ikuspen biziki argia bildu ditut, baita, ene ustez, heldutasun zerbait ere».

Kanpoko berri: Zer zen elurra?

Kontrastea sesigarria da. Artzamendiko aldapa basati eta elurrez estalien erdian: auto galkadura. Goraka doazen ibilgailuak, bide hertsi eta bihurgunetsuaren orga-aska lohitsuetan aparkatzen saiatzen diren gidari urduriek blokatzen dituzte. Gehiago dena, gidari nardatu baten tuta kolpeak guziz garbia den bazter honetako isiltasun goxoa urratzen du. Urteko lehen igandea da, eta denek, erori berriz den elur hori baliatu nahi dute, bertan ibiltzeko, lerratzeko edo sinpleki beren seme-alaba oso gazteei ezagutarazteko. Baina ez genuke pentsatu behar, lehia kolektibo hau haur tirria batzuk asetzeko borondatea dela bakarrik. Presa horretan, ohartzen gara orain dela hamarkada batzuk gertakari guziz normala zen honek, bakan bilakatzeko joera duela.

Joan den hilabetean, Météo France-k, Pierre Simon Laplace Institutuak eta CERFACS (Oinarrizko eta Ikerketa Aplikatuen Zentroak), Frantziako klimari buruzko beren aurreikuspenetan 2100. urterako +4 graduko gorakadak eragin ditzakeen ondorioak agerrarazi dituzte, eta azpimarratu dute mendialdeko zonaldeek dutela gehienik jasanen berotze klimatikoa. Beren jokaleku ezkorrenean (hiru aldaera: isurpen kontrolatuak; neurtuak; edo murriztu gabeak), adituek Pirinioetako zenbait gunetan 6 gradurainoko gorakada aurreikusten dute mende honen bukaerarako. Horren ondorioz 1800 metro azpitik elurra zuhurtuko litzateke. Hemen Euskal Herrian, Orhiko gailurra baizik ez litzateke ausartuko zuriz beztitzera, ordu arte ez bada deus egiten.

90eko hamarkadan, desagertzeko arriskuan dauden animalia-espezieen egoera larria ezagutarazteko, WWF erakundeak sweat-shirt bat salgai ezarri zuen pakidermo baten marrazkiarekin eta honen azpian irakur zitekeen: “Zer zen elefantea?”

Ez dezagun sekula beharrik ukan gure haurrei elurra zer zen azaltzeko.

Bisita gidatua BIZIn: Talde digitala

Informatika taldearekin (elkartea gai teknikoetan sustengatzen duenarekin) nahasi gabe, talde digitalak orotariko gaien bidez gure bizitzan digitalizazioak duen eragina lantzen du. Arazo nagusia, soiltasun digitalarekin, tresnen zaharkitzearekin eta datuen biltegiratzearekin batean, teknologia digitalak ingurumenean duen inpaktua da. “Klima” gaia teknologia berriekin lotzen du konkretuki.

Eremu horretatik haratago, taldearen xedea zabalagoa da. Batetik, arlo digitaleko pribatutasunari bereziki kasu emanez: GAFAei, datu pertsonalen kudeaketari eta zaintzari. Eta bestetik, “etika digitalaren” inguruan molde globalagoan lan eginez, software libreak, komunak, inklusioa eta digitalerako sarbidea, Adimen Artifizialaren eginkizuna etab. biltzen dituen gaia.

Etorkizuneko gai erabakigarrietan ongi ainguratutako taldea, hilean behin biltzen da (momentuz bideokonferentziaz) eta adituak bezainbeste, hasiberriak kide gisa hartzen ditu, arras preziatuak, eraikitzen ari den taldearen bide-orrian aitzinarazteko! Deialdia egina da, ez duda eta haiengana hurbil zaitez!

Egin dugu: helburuak finkatu ditugu, horien obratzeko ahalak hartu, araberako bide-orria idatziz

Sei hilabeteko eztabaida eta gogoeta sakonen ondotik, Bizi-ren «trantsiziotik metamorfosira» izeneko bide orria idatzi dugu 2020-2024rako (bizimugi.eu webgunean irakurgai). Iparrorratza dugu hau, ekintzak antolatzeko tresna eraginkorra, helburu zehatz honekin: gure lurraldearen metamorfosi sozial eta ekologikoaren bidean aitzinatzea.

Ekintza ohargarriek eta garaipenek kide kopurua 4 urtez % 60 emendatzea ekarri dute; horri esker Bizi elkartea ingurumenaren aldeko borrokaren alorrean modu egonkorrean ezarri da Euskal Herritik anitzez haratago; haatik, ezin uka, aitzinatze konkretuak, izan tokikoak ala Estatu mailakoak, oso ahulak direla oraino.

Beraz lehen helburua hau dugu: herriko bozetan aurkeztu ziren zerrendek hartu engaiamenduen zaintzea, zerrenda haiek metamorfosi ekologikoaren ituna izenpetu zutelako; biztanleriaren %62 ordezkatzen dute. Beste helburuak hauek ditugu: mugikortasun alorraren aldeko ekintzak eta gogoetak jarraitzea, berdin migrazioa hunkitzen duten gaientzat, baina lan-sail berriak irekitzea ere, bizitegiak edo digitala besteak-beste.

Urgentziazko borroka handi hau, hezkuntzaren eta informazioaren bidez ere (ala oroz gainetik?) pasatuko da. Kultura-borroka beraz, Bizi masa-mugimendu bilakaraziko duena, politika publikoak orientatzeko indarra izanen duena.

EGUTEGIA

Osasun krisiari lotuak zaizkion baldintzak aldatu arte, bilkurak telematikoki eginen dira. Bertan parte hartzeko, eta zuen interesa duen bilkuraren lotura ukaiteko, zehaztasunen lortzeko, idatzi info@bizimugi.eu helbidera.

Martxoan

  • Martxoaren 3an, asteazkenez 19:00 – 21:00 Biziren Hilabeteko Biltzarra, kideei eta heldu berriei irekia.
  • Martxoaren 11n, ostegunez 18:30 – 20:15 Migranteak – Etorkizuna lantaldearen bilkura, lotura eskuratzeko idatz migrants@bizimugi.eu
  • Martxoaren 13n, larunbatez 9:30-11:30 Digitala lantaldearen lehen bilkura, Manu Roblez Arangiz Fundazioaren egoitzan, Cordeliers karrikako 20an, Baionan
  • Martxoaren 15ean, astelehenez, 18:30 – 20:30: Hitza Hitz / Begiraleak –Lurralde trantsizioa lantaldearen bilkura.
  • Martxoaren 15ean, astelehenez, 19:00-21:00: Jakazan/k Logistika lantaldearen bilkura.
  • Martxoaren 17an, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Kide berriei harrera
  • Martxoaren 18an, ostegunez, 19:00-21:00: Komunikazioa lantaldearen bilkura.

Apirilean

  • Apirilaren 7an, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Biziren Hilabeteko Biltzarra, kideei eta heldu berriei irekia.
  • Apirilaren 8an, ostegunez 18:30 – 20:15 Migranteak – Etorkizuna lantaldearen bilkura, lotura eskuratzeko idatz migrants@bizimugi.eu
  • Apirilaren 15ean, ostegunez, 19:00-21:00: Komunikazioa lantaldearen bilkura.
  • Apirilaren 19an, astelehenez, 18:30 – 20:30: Hitza Hitz / Begiraleak –Lurralde trantsizioa lantaldearen bilkura.
  • Apirilaren 19an, astelehenez, 19:00-21:00: Jakazan/k Logistika lantaldearen bilkura.
  • Apirilaren 21ean, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Kide berriei harrera