«Ezin dugu arazo bat konpondu, arazoa bera sortu duen pentsa moldearekin. » A. Einstein
Editoriala
«Gure etxea sutan da… » Aipu edo erreferentzia honek arrakasta handia ukan du… eta ia normaltzat bezala hartua izan da, berekin daraman larrialdiaren indarra ttipituz… Baina uda honetan ez dira ez Australiako edo Kaliforniako, hots urruneko suteen irudiak hurbildu, baizik eta Xibertako sugarren irudiak. Hemendik aitzina, beste pandemia honek ere hemen eta orain hunkitzen gaitu.
Sute honen eta jendarteak sorturiko kausen arteko lotura betigaldezkatua izaiten ahal da, COVID-aren kasuan galdezkatua den bezala. Alta, bi kasuetan, Météo France-en ikerketek eta Nature-eko artikulu berri batek dudari toki gutti uzten diote. Badakigu gure etxeak sutan direla, ikusi dugu. Eta badakigu sute horien arrazoinak zein diren.
Bizik! beti badu larrialdi horren konzientzia eta mugimendua gogoeta bat eramaiten ari da datozen 4 urteentzat bere helburuen finkatzeko. Lau urte ekiteko, konbentzitzeko eta trantsizioan den lurralde bat eraikitzeko.
Potreta – Oihana – 25 urte – Baiona
“Euskal Herrian dauden alternatiba guzietaz ohartzen naiz. Motibagarria da, alternatiba horien alde egiteko gogoa emaiten dit, ene balio eta ene engaiamenduekin adostasunean bizitzeko nahia berresten du”.
Badu urte bat Bizi-n sartu naizela langile gisa, epe mugatuzko kontratuan, Jakazan/k talde logistikoaren arduradun gisa. Ikasketak egin ditut eta nazioarteko elkartasunean zerbitzu zibiko bat, honek asko interesatzen ninduen bainan ez ninduen arras asetzen. Ohartu nintzen nahiago nuela tokian jokatu, nazioartean jokatu baino lehen. Bizi-n “tokian aritzen eta mundu mailan pentsatzen dugu”, eta horrek askoz ere eragin handiagoa badu. Aurten, baliagarriak izanen zaizkidan gaitasunak garatu ditut. Berehala preziatu ditut plantan ezarriak diren teknikak, eraginkorrak izan daitezen (bilkuren antolaketa, ekintzak, etab.). Usatua nintzen batez ere zentzu guzietara joaiten diren bilkura luzeetara. Eta bilkuretan serioski aritzeak ez du erran nahi hortik kanpo horrela egon behar dela! Lan mementoen eta lan arteko uneen artean oreka on bat bada, garrantzitsua da indar bizien mantentzea.
Orain barnean murgildurik naizela, lehen baino are gehiago ohartzen naiz Euskal Herrian dauden alternatiba orotaz, egin daitekeen guziaz. Hori etorkizunerako motibagarria da, alternatiba horien alde egiteko gogoa ematen dit, ene balioen eta ene engaiamenduekin adostasunean bizitzeko nahia berresten du. Zorionez, Euskal Herrian posible da!
Kanpoko berri: Trafiko aeronautikoaren ttipitzeko ekin
Bizi-k, Alternatiba-k eta ANV-COP21ek dei egiten dute urriaren 3an hegazkina ez hartzera. Covid-19ren krisiak galderak sortu dizkigu gure mugitzeko moldeari buruz: hegazkinak lurrean atxiki ditu, lehenago sekula gertatu ez zen bezala, hegazkintzan kaska uhin bat eraginez. Frantziako gobernuak miliarka euro esleitu ditu sail horren berriz abiarazteko, baina klimaren eta enpleguaren babesteko baldintza ausart bihirik finkatu gabe. Beraz, Frantziako eta enpresa handietako buruzagiek kaos klimatiko eta sozialera eramaten gaituen lasterketa eroaren segitzea erabaki dute. Aireko garraioa munduko klimaren berotzearen % 5en hobendun da jadanik, eta oraino gehiago garatzeko xedea du! Konfinamendu garaiak erakutsi du botere publikoak aireko trafikoa laster eta zorrozki mugatzeko gai direla, testuinguruak horretara bultzatzen baldin baditu. Alabaina, nahasmendu klimatikoa oraingo krisi sanitarioa baino lanjer handiagoa da oraino. Hegazkinlaritza berriz piztea, karbono gutiko garraiobideak ahultzen uztea (hala nola trena), ondorio latzak ukan ditzaketen ikaragarriko akats politikoak dira. Hautu egokiaren egiteko aukera historikoa dugu. Alternatiba anitz badira: trenez egin daitezkeen Frantzia barneko hegazkin bideen hestea, aireportuen handitzeko egitasmoen gelditzea, kerosenoa zergapean ezartzea, enpleguaren bermatzea eta enplegu aldaketaren laguntzea, diru laguntza publikoak beste gisa batez bideratzea… Alta, ez da hori gure gobernuak egiten duen hautua. Orduan, urriaren 3an, larunbatarekin, goazen aireportuetara!
Bisita gidatuak: Jakazan/k logistika taldea
Jakazan/k ez da Guianako papagaio baten oihua, baina bai, Bizi!ren logistika eta gertakari taldearen izena. Bere zeregina? Lan talde tematikoekin loturan kanpainak eta proiektuak gauzatzea.
Oso zeharkako taldea da eta ezinbestekoa elkartearen ibilbiderako, Bizi lagundu nahi dugularik sargune bikain bat. Ekintza oso praktikoak bideratzen ditugu (materiala kudeaketa, laguntzaileen antolaketa, egoitzen kudeaketa, Patxokin zerbitzuak, musika egitaraua, talo salmenta….). Misio horiek ohikoak diren gaitasunei dei egiten die, edo behintzat norberak azkar bereganatu ditzakeenak dira. Militante bilakatu nahi baduzu eta nondik hasi ez badakizu eta “estrategia politiko” dimentsioak pixka bat beldurtzen bazaitu, hau da hasteko bide egokiena!
Onurak? Behin taldean sartua Bizi eta bere kanpaina ezberdinak ezagutzeko bide egokia da zeren denetarik egiten da! Logistika taldeak Biziren ekitaldi guztietan parte hartzen du, beraz elkartearen zutabetariko bat da.
Zehazki, talde hori usu biltzen da (hilean bat edo bi aldiz, aktualitatearen arabera) Manu Robles-Arangiz Fundazioan: Parte hartu nahi baduzu ez duda eta zatoz gure ikustera!
Egin dugu! Klima kanpamendua Ipar Euskal Herrian
Urtero bezala, uda formatzeko parada izan da! Aurtengo berezitasuna: usaian estatu mailan gune bakar batean antolatua zen Klima Kanpamenduak tokia utzi du uda honetan hainbat lurraldetan barreiatuak ziren Klima Kanpamendu ttipiri. Iipar Euskal Herrian, deneri idekia zen formakuntza aste bat iragan da uztailaren 20tik 26ra Baionan.
Metamorfosi ekologikoa martxan ezartzeko eta sartzeko kanpainen prestatzeko, bakoitzak, erronka ekologiko eta klimatikoei, mobilizazioari, bortizkeriarik gabeko ekintza eta estrategiari buruz, justizia sozial eta klimatikoaren alde formatzeko parada ukan du. Zuzenean, Baionako karriketarik edo beste gune batzutarik, hitzaldiak eta lagun giroko trukaketak txandakatu dira izigarri praktikoak ziren formakuntzekin (irudi hartzea, bozeramailegoa, bilkura animazioa, estrategia…).
Desafioa gainditua izan da Biziren antolatzaile taldearentzat 150 parte hartzaile pasa eta 50 laguntzaileren presentziarekin. Tokiko Klima Kanpamenduak, aste bateko formakuntza arrakastatsuaren formatua hartu du, untsa merezituak ziren bakantzetara joan aitzin!
Egutegia
Irailaren16an, asteazkenez, 19:00-21:00: Kide berriei harrera MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan.
Irailaren 19an, larunbatez – Bakegileen Mobilizazio eguna.
Irailaren 21ean, astelehenez, 18:00-20:00: Trantsizioa Hitza Hitz lan taldearen bilkura, Bizi!-ren egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan
Irailaren 25ean, ostiralez, 19:00-21:00: Bizi! Barnekalde, Biziren tokiko lan taldearen bilkura, Donibane Garaziko Tartasenea etxean.
Irailaren 26an, larunbatez, 14:00: Trantsizioa Hitza Hitz lan taldearen bilkura berezia, Donibane Garaziko Tartasenea etxean.
Urriaren lehenean, ostegunez, 18:00-19:30: EtorkiZUna etorkinen gaia jorratzen duen Biziren lan talde tematikoaren bilkura, MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan.
Urriaren 5ean, astelehenez, 19:00-21:00: Euskaraz Bizi!n lan taldearen bilkura, MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan.
Urriaren 7an, asteazkenez, 19:00-21:00: Biziren hilabeteko bilkura idekia, MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan.