Bizikutzu 28 – 2020ko apirila

Triste da pentsatzea natura mintzatzen dela, eta gizadiak ez duela entzuten. Victor Hugo

Editoa:

Bizitzen ari garen osasun krisiak ondorioak ukanen ditu, ez da dudarik. Horien irudikatzea posible da, baina arriskutsua da arrazoi xinple batengatik: krisi hau ez da oraino bukatua. Erritmo industrialean hedabideetan plazaratzen diren adituen txosten eta aurreikuspenak argitaratuak diren bezain laster gezurtatuak dira. Gure iritzi-demokrazian, politikak ere usu ber ibilmoldea du, emozioa eta berehalakotasuna aiseegi lehenetsiz, gogoetaren ordez. Herri hauteskundeetako bigarren itzuliak ez du izan behar “berriro ere ez”, 2008an izan zen diskurtso hutsaren oihartzuna, ekintzek bakarrik ekartzen ahal baitituzte mundu errealean erantzun gogobetegarriak.

Ekintza konkretu horiek “Ituna 2020” dokumentuan zerrendatuak dira, eta nahiz eta epemugak urrun izan eta erronkak eskasak agertu, horretaz oroitu beharko dugu… aldi honetan!

Aitor – 40 urte – Landibarre

Bizin benetan gauzak egiteko parada dago, zure eskuz, nahi duzun mailan inplikatuz.”

Duela hiru urte laborantxa biologikoan instalatu gira emaztearekin Landibarren, urte batzuk molde konbentzionalean bizi ostean, zentzu gehiago duen bizitzarat gerturatu asmoz; jendearentzako osasuntsua den janaria ekoiztea. Gaztetik naturaz interesatua, orain hiru-bat urte konturatu naiz gure egoera, espezie gisan, larriki arriskuan zela. Zerbait egiteko beharra senditu dut eta Biziren web orrira gerturatu naiz. Biziren itzulpen taldean hasi nintzen laguntzen, frantsesetik testuak euskaratzen. Bizik euskarari garrantzi handia ematen diola iruditzen zait, eta maite dut. Eta behin hasita, gehiago inplikatu naiz elkartean… Baxe Nafarroako  Bizi Barnekalderen bilkuretan ere parte hartzen dut, gure inguruan tokiz-tokiko konponbideak aurkitzeko asmoz. Ez naiz inoiz oso eroso bertzeen aurrean mintzatu, bainan hemen bilkuren egiteko erak errazten du hitzaren hartzea eta oso laguntzailea da hau norberaren ikusmoldea aurkezteko.

Bertze elkarteek sosa besterik eskatzen dutenean, Bizin benetan gauzak egiteko parada dago, zure eskuz, nahi duzun mailan inplikatuz. Azken urte kezkagarri hauek ongi igarotzen laguntzen nau ekintzetan sartuta ibiltzeak, gauzen egiten. Egiteak berak laguntzen bainau ni, agian nik laguntzen dudana baino hein handiagoan. Eta klimaren aldeko kausa ere aitzinarazten baldin badu, hainbat hobe !

Kanpoko berri: Coronavirusa, beharrezko elektroshocka?

Gaur egun osasun krisi handi bat bizitzen ari gara eta azken honek hain iraunkor iduri zuten gure bizimoldeei egonkortasuna galarazten die… Pandemia hau, eta honen ondorioz gertatzen den izialdura, ez dira zerutik eroritako halabeharrak, baizik eta politika neoliberalen eta mundializazioaren ondorio zuzenak: ekosistemen gain jendartearen aktibitateek sortzen duten presioa dela-eta, hainbat eritasun agertzen dira, birusak zabaltzen dira, salgaien eta jendearen gehiegizko garraioak direla medio, eta urte luzeetan eraman diren odolusteak direla medio ikerketa eta osasun sistemak ahuldu dira. Krisi honek adierazten du gure jendartearen erresilientzia gaitasun ttipia maila makroekonomikoan: finantza mundua ikarak hartu du eta ekoizpen sistema salgaien garraioaren gelditzearekin trabatua da. Konfinamendu neurriak ez dira aski epidemiaren gelditzeko, eta lehen lerroan uzten dituzte prekaritatean direnak (erizainak, kutxazainak, zikin-biltzaileak,…). Ekonomiaren gelditzearen lehen biktimak ofiziale eta komertzio ttipiak izanen dira, Amazonek bere etekinak hanpatzen ikusten dituelarik. Baina krisiak adierazten du ere jendarteen irudimena, eta erresilientzia mota ezberdinak tokiko mailan: etxeko masken ekoiztea, sare sozialetan ekimenak ekoizle eta kontsumitzaileak harremanetan sartzeko… Zaila da aitzin-ikustea zer ondorioz izanen diren arlo ekonomiko, ekologiko edo demokratikoan. Baina jadanik horietarik zonbait ezagutzen ditugu: jardueren apaltzeak kutsaduraren eta berotegi efektuko gasen isurketen apaltze masiboa ekarri dute, behar orduan, gobernuek, jendearen ongizatearen izenean, neurri zorrotzen hartzeko gaitasuna badute. Eta krisi honek beharrezkoa den elektroshocka sortzen balu jendartean krisi ekologikoaren aitzinean sistema zalantzan ezartzeko?

-Bisita gidatua: Publizitateari Ez Euskal Herri Aturri kolektiboa

Joan den otsailean Publizitateari Ez Euskal Herri Aturri kolektiboa sortu da!

Elkarte hau sortu da Euskal elkargoak Euskal kostalde Aturri eremuko herriarteko Publizitatearen tokiko araudiari (hPTA-RLPi) buruzko elkarlana bururatzen zuela.

Taldearen helburua? Publizitatearen eragina mugatzea espazio publikoetan, ondorio ekologikoak, sozialak eta ingurumenekoak ttipitzeko. Bizi, elkarte sortzaileetako bat da, CADE, Paysages de France eta herritar talde batekin batean.

Sortu bezain fite, taldeak egungo hPTA proiektuan dauden gabeziak salatu ditu (publizitate digitaleko pantailen baimena, publizitatetik zorrozki babestuak diren eremuen eskasia, proposatutako testuaren irakurgarritasun falta, eremuaren zatiketaren argitasun eza eta proposatutako arauen konplexutasuna).

2020ko martxoaren 14an desobedientzia zibileko ekintza burutu zuen publizitate digitaleko pantailen debekua eskatzeko eta herrietako hauteskundeetan aurkezten ziren hautagaiek publizitateari buruzko beren jarrera jakinaraz dezaten. Horretarako galdeketa bat igorri zitzaien eta erantzunak taldearen Facebook orrian eskuragai da.

Taldearekin bat egiteko, igor mezu bat stoppub-pba@riseup.net helbidera. Gainera, beren ekintzak segitu ditzakezu beren facebook orrian: “Publizitateari Ez Euskal Herri Aturri”.

Egin dugu:  Metamorfosi ekologikoa herriko hauteskundeen kanpainaren bihotzean ezartzea

Dagoeneko, herriko hauteskundeetarako hautagai diren 84 zerrendak Bizi!-ren metamorfosi ekologikorako ituna izenpetua dute. Lehen itzuliaren ondotik, horietarik 34 hautatuak izan dira. Itun horrek larrialdi klimatikoaren eta krisi ekologikoaren desafio kolektiboa altxatzeko zazpi engaiamendu azkar biltzen ditu. Jadanik 70 zerrendak izenpetu zuten ofizialki martxoaren 5ean Uztaritzen egin zen gaualdian. Martxoaren 7an larunbatarekin, Baionan, herriko hauteskundeen erdian klima eta ekologia gaiak sartzeko mobilizazio aste potolo bati eman zitzaion amaiera.

60 pertsona baino gehiagok Bizi!-ren deiari erantzun zioten eta aldizkatuz joan ziren aste osoan zehar Ipar Euskal Herriko herrietara metamorfosi ekologikoaren gaia eramateko. Martxoaren 2tik 7ra, ibiltariek Baiona eta Maule lotu zituzten, baldintza meteorologikoak txarrak izan arren, larrialdi klimatikoaren mezua zabaltzeko. Herritar martxa hori familia giroko manifestaldi handi batekin burutu zen Baionan.