Bizik hondartzarako ateraldia antzeztu du nahasmendu klimatikoaren ondoriak agerian emateko

Aturri eta Errobi bi egunez urpean egon ondotik, Biziko ekintzaileek ekintzara deitu dute, egoeraren urgentzia agerian emanez. Hondartzako buiak, urpeko maskak, arnas hodiak eta bainujantziak ikusten ziren Baiona Ttipiko karrika batean, ostiral honetan, urriaren 18an, hondartza bazterrean ginela pentsaraziz. “Gaur oinak uretan, bihar noraino?”, “Metamorfosirako buxeta, berehala!” edo “Larrialdi klimatikoa hemen daukagu” irakur zitekeen ekintzaileen pankartetan.

Desoreka klimatikoa konkretua da, agerikoa da, eta ez da konponduz joanen. Larrialdi klimatikoa hemen daukagu. Noraino igoko da ura 10, 20, 30 urte barne? Konponbideak behar dira, berehala. Hori inbertsio publikoekin hasten da, dirua behar da metamorfosi ekologiko eta sozialerako.” zioen Lilas Dinclaux-ek, Biziko bozeramaileak.

Hemen berean ageri diren ondorioak Frantziako Estatuan azken egunetan gertatu uholdeek eragindako kalteen parte bat baizik ez dira. Muturreko gertakari klimatikoak mundu osoan zehar larriagotzen ari dira. Hala nola AEBetako urakanak Floridako biztanleak ihesarazi dituen.

Eguraldi txarra beti bortitzagoa eta errepikakorragoa izanen dela ikusirik, Bizik salatzen ditu 2025erako iragarriak diren diru-murrizketak, trantsizio ekologikorako buxetari ere kalte eginen baitiote, eta eskatzen du dirua inbertitua izan dadin klimaren aldeko erronkak merezi duen heinean. Elkarteak gogorarazi duenez, Jean Pisani-Ferry eta Selma Mahfouz ekonomialariek, larrialdi klimatikoari aurre egiteko beharrak ebaluatzen dituen txosten batean, urtean 34 miliar euro gehiago inbertitu behar direla aipatu dute. Oraingo eta geroko belaunaldiekiko zor ekologikoa mugatzeko, eta metamorfosi ekologiko sozialki bidezkoa plantan ezartzeko, inbertsio publikoak erronken heinean egitea eskatzen du elkarteak.

Jendea muturreko gertakari klimatiko horien ondorioak pairatzen ari da, dagoeneko, eta horiek ugaritu eta larriagotu baizik ez dira eginen heldu diren urteetan, norabidea ez bada aldatzen. Bizik Frantziako gobernuari fermuki eskatzen dio ekologia eta lurralde bizigarriak atxikitzeko baliabideak ez sakrifikatzea pertsona aberatsenen faboretan. Bizi taldeko militanteek zinez arduragabetzat jotzen duten sakrifizio hori, eta jendea haiekin mobilizatzera deitzen dute.