Bizik Hendaian, legez kanpo diren 16 iragarki taulen berehala kentzea galdatzen du

Bizi! elkarteak Hendaiako hiriguneko bi bidaia-aterpeetako publizitate-panelak estali ditu. Bertan Bizik dio, egiaztagiriekin, 2024ko uztailaz geroztik Hendaian gutienez 16 iragarki taula legez kanpokoak direla. Elkarteak Euskal Herriko hautetsiei dei egiten die Herriarteko Publizitateari buruzko Tokiko Araudi (hPTA) berrian publizitatea ahal bezain bat mugatzeko arau zorrotzak onar ditzaten.

Biziko ekintzaileek berriz ekin dute legez kanpoko iragarki-taulen presentzia agerian ezartzeko. Urtarrilean Senperen egin bezala, oraingoan Hendaiako hiribarnean kokatuta da delako eremua.

Ostiral honetan, Bizik Hendaiako hiri-erdian den Jean Jaurès eskola aitzinean diren bi bidaiariendako aterpeetako iragarkiak kendu ditu eta bertan “Legez kanpoko publizitatea. Berehala kentzekoa!” hitzak marrazki moldez idatzi ditu. Egoera argi uzteko eta arazo handiago bat jendaurrean ezartzeko ekintza: gutienez 16 publizitate euskarri (8 bidaiariendako aterpe eta “sucette” izenez ezagutzen diren 8 informazio-pantaila) hunkituak dira (ikus zerrenda eranskinean).

Hendaiako Herriko Etxeak bere Herri mailako Publizitateari buruzko Tokiko Araudian (PTAn) salbuespenak eman zizkion “babesturiko guneetan” publizitatea instalatzeko, ingurumen-kodeak berez publizitate guzietatik babesten zituelarik gune horiek. Salbuespen hauek PTAren iraungitzearekin batera bukatu dira, legedi aldaketak direla eta, 2022ko uztailean. Herriko Etxeak 2 urte zituen egokitzeko, hau da, 2024ko uztailera arte. Data horretatik goiti, Hendaiako Herriko Etxeak eta Vediaud iragarki-taularen kudeatzaileak iragarki-euskarrien arlo honetan atxikitzea legez kanpokoa da.

Bizik Hendaiako Herriko Etxeari eskatzen dio, ahal bezain laster kentzeko eta  ez berritzeko, babesturiko gunean agertzen diren publizitate afixa guziak, legea betetzeko.

Alderdi juridikotik haratago, horrek erakusten du iraganean zenbait Herriko Etxek emaniko salbuespenen norainokoa. Euskal Elkargo mailan eztabaida martxan den une honetan, ekainean finkatua izanen den Herriarteko Publizitateari buruzko Tokiko Araudi (hPTA) berriaren definitzeko, garaia da konturatzeko kostaldeko herriek salbuespen kopurua handitu dutela legeak berez baimendutakoa baino askoz publizitate gehiago baimentzeko“. azpimarratzen du Elise Ayrault-ek, Biziko bozeramaileak.

Horregatik, elkarteak kide den Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboarekin batera, elkargoko hautetsiei galdegin die arau zorrotzak onar ditzaten Herriarteko Publizitateari buruzko Tokiko Araudian (hPTAn) publizitatea ahal bezain bat mugatzeko. Gutienez, hautetsiek jarrera babesgarrienak hartzea espero du herrien artean oraino dudan diren punduetan:

  • «Ondare naturala/arkitekturazkoa» den eremu bat plantan ezarri publizitate oro debekatzen duena, baita hiri-altzarietan ere;
  • Ipar Euskal Herrian publizitate digital oro debekatu;
  • “Habitata” guneetan publizitate argiztatua debekatu;
  • iragarki euskarrien kudeatzaileek defendatzen duten “Ardatz egituratzaileak” gune baten sortzeko proposamena baztertu;
  • iragarki taulen gehienezko neurria 4,5m2-ra egokitzea egoitza-eremuetan Euskal Elkargoko herri guzietan;
  • lantegiak hetsiak diren bezain laster aintzindegien atzean entseina eta iragarki digitalen itzaltzea plantan eman.