Bizi! berriz ere Victoria Erreginaren etorbidera


Joan den maiatzaren 15ean, Bizik Miarritzeko Victoria Erreginaren etorbidean ekintza bat burutu zuen salatzeko azken honen erreberritzea, tram’bus xedearentzako aitzinikusia zen diruarekin egin dela. Egun horretan agerian ezarri genuen, alimaleko diru zama lortu zuen delako «Grenelle de l’environnement» akordioen ondotik tram’busa diruztatzeko SMTCren proiektuak (gaur hiriko Auzapeza den Michel Veunac zen garai hartan egitura horren lehendakaria) agintzen zuela etorbide horretan, gune propioan, bide bat libratzea goi-mailako zerbitzua ematen duen autobusarentzako (GZEA).

Alta, 2018ko ekainaren hondarrean bukatua, tram’busarentzat aitzinikusia zen diruarekin diruztatua izanik ere, erreberritze horrek ez du sekulan autobusentzako bide propiorik plantan ezarri. Deitoragarria izateaz gain, larrialdi klimatikoaren aitzinean, funtsezko arazo etikoa erakusten du.

Era berean, salatu dugu Mugikortasunen Sindikatuak, GZEAko 1 eta 2 autobus ibilbideentzako, «Baliagarritasun Publikoko Izendapena»-ren aitzin-ikerketaren dosierrean 1,5 metroko bizikletentzako bazterbide bat egin behar zela etorbidean, eta azkenean hau ere ez dela gauzatua gaur arte.

Miarritzeko Herriko Etxeak orduan gezurtatu zituen Biziren akusazioak. Sud-Ouest egunkariaren maiatzaren 16ko argitaraldian, Christophe Landrin jaunak, Herriko Etxeko Zerbitzuen Zuzendari Nagusiak baieztatu zuen «Autobusa hiri-erdira heltzeko hainbat bertsio ikertu dira, baina Bizik sustengatu duena ez». Mugikortasunen sindikatuak, ber kazetan gezurtatu zuen bere aldetik «Victoria etorbidea antolatzeko proiektua autobusentzat ibilbide propio gisa aurreikusia izana zela».

Miarritzeko Auzapezak, bere aldetik, Biziren akusazioak ezeztatu zituen eta «barkamen publikoak» galdegin zituen. Horrez gain gehitu zuen «bizikletentzako 1,5 metroko bazterbidea ez da desagertu. Ekaineko aitzinikusia da.»

«Grenelle de l’environnement»-aren karietara aurkeztu den txostena publiko egitea

Bi hilabete berantago, joan den maiatzaren 15eko gure baieztapenak atxikitzen ditugu eta Mugikortasunen sindikatuari eta Miarritzeko Herriko Etxeari galdegiten diegu prentsari erakuts diezaioten «Grenelle de l’environnement» kari SMTCak aurkeztu txostena. Arduradun ezberdin guziek, prentsari eta tokiko jendeari ahalbidetu behar diote egiaztatzea, nork dion egia, guk ala haiek, Victoria Erregina etorbidearen kasuan, eta zer aitzinikusi zen etorbide horrentzat «Grenelle de l’environnement»-ari aurkeztua izan zitzaion proiektuan.

2019ko ekaina hondar honetan, bizikletentzako bazterbiderik ez oraino.

Ostiral honetan, ekainaren 28an, egiaztatu dugu, maiatzaren 15ean Veunac Jaunak aipatu zuen bizikletentzako bazterbidearen gauzatze obrarik ez dela. Batzuk pentsatuko dute pazientzia eskasa dugula, baina oroitarazten dugun hemen, Victoria Erregina etorbideko obrak 2018ko ekain hondarrean bukatu direla, hots duela urte bat.

Miarritzeko auzapezaren eta mugikortasunen sindikatuko zuzendariaren erranei ihardetsi genien «Pozten gara gaur berretsia den bizikletentzako bazterbide baten gauzatzearen promesaz, baina ikusten duguna sinisten dugu, eta presioa atxikiko dugu egiazko gauzatzea arte». Eta Bizik eman duen hitza atxikitzeko ohitura du.

Ondorioz, gaur berriz galdegiten diegu Miarritzeko Herriko Etxeari eta Mugikortasunen sindikatuari zehaztu dezaten bizikletentzako bazterbidearen gauzatze-data, jatorrian Baliagarritasun Publikoko Izendapenean aitzinikusia zena eta 2019ko joan den maiatzaren 15eko gure ekintzatik landa, ekaineko hitzemana zena.