Bisita gidatua: Euskaraz Bizin

Bizi!ren baitan, euskararen presentzia funtsezkoa da. Elkartea sortu zenetik, ekintzetarako egiten diren banderolak, argitaratzen ditugun mezu, agiri edota txosten guziak euskaraz itzultzen ditugu. Gure baitan, konturatu gira euskaldun frango bazirela, izan berri edo zahar. Izan ere, orotara Bizi!k dituen 600 kideen artean, laurden bat euskalduna da!

Euskaraz Bizin taldeak euskararen sustatze lan hori eramaiten du eta tresna andanaren bidez, Bizi!, justizia ekologikoa eta sozialaren aldeko mugimendu euskalduna ere izan dadin ahalbidetzen du.

Tresna frango ditugu gure eskuen artean horretarako: tartean, hilabetero Gure Irratian eta Radiokultura.eus webgunean Bizirik gure emankizun propioa proposatzen dugu orain dela sei urte hasi genuena. Edukiak gutako batzuek prestatzen, egokitzen, eta beste batzuek grabatzen ditugu Baionako Radio Kultura-ko lokalean. Emankizun guziak, Bizi!ko webgunean eskuragarri dira! hemen

Bestalde, itzulpen lanak ere eramaten ditugu. Emailez testoak elkarbanatzen ditugu, ea nork posible duen bere kargu hartzea testoaren zati bat edo biren itzulpena.

Sare sozialetan ere, frantsesa nagusi izanik ere, entseatzen gira euskaraz ahalik eta gehien argitaratzen. Horretarako, komunikazio taldean euskaldunak ere sartu dira.

Aipa dezagun azkenik, Euskaraz Bizin-en azken ekimena, arrunt berritzailea! Euskararen Nazioarteko Egunaren kari, Abenduaren 3an, bazkideentzat zerbaiten proposatzeko asmoz, Euskal Museoko euskarazko bisita gidatu bat antolatu dugu.

Euskal Museoko euskarazko bisita gidatua