Bideo-pantailen bidezko publizitatearen kontrako ekintza: Bizik medio horien bidezko energia xahutzea salatu du eta azken hauen debekatzea eskatzen du

2022ko abenduaren 8 honetan, Klimaren mundu mailako egunaren karietara eta gobernuak aipatzen dituelarik jendartearen eta zerbitzu publikoen %60 hunkituko dituen balizko elektrizitate mozketak Bizik publizitate-panel digital handi bat kukutzeko ekintza burutu du. 11 militantek 6 m²-ko publizitate-pantaila estali dute “Bideozko Publizitatea aski da!” mezuarekin eta “Bideo publizitatea = energia-zentzugabekeria” mezua ager arazi dute.

«Arduradun politikoek herritarrei neurritasuna atxikitzeko deia egiten diete, baina, aldi berean, gehiegizko kontsumoa bultzatzen duten, argi kutsadura sortzen duten eta batez ere enpresa handien interesak asetzeko balio duten bideo iragarkiak zabaltzea ahalbidetzen ari dira, hurbileko saltegien kaltetan» dio sumindurik Elise Ayrault-ek Biziren bozeramaileak.

Ekintzaileek publizitate pantaila ukan dute helburutzat, zeren pantailak biderkatzen ari baitira BABean, eta haien aburuz, energia eta material xahutzearen sinbolo dira. RTEk, gainera, publizitate pantailak «beharrezkoak ez diren» kontsumoak direla kontsideratzen du, elektrizitate horniduraren inguruko tentsio gero eta handiagoa den testuinguruan. “Gero Energetikoa 2050“-ari buruzko txostenean, RTEk 2050ean karbono neutraltasuna lortzeko beharrezkoak diren energia murrizteko iturrien artean “publizitate-pantailak pixkanaka desagertzea” ere aipatzen du. Jadanik 2020an, Ademe-k ondokoa zion: “2 m²-ko LCD publizitate-pantaila digital batek 2.049 kWh urtean kontsumitzen ditu, hots, frantses Estatuko etxe baten batez besteko kontsumotik hurbil den argiztapen eta etxetresna elektrikoetarako (berogailurik gabe)”(1). Frantses Estatuan mota honetako 55.000 pantail zenbatu dira.

Neurritasun energetikoa sekulan baino presazkoa baldin bada ere, bideo-pantailezko publizitatearen biderkatzea, Bizirentzat, Estatu edo tokiko mailako botere politikoen klimaren arloko geldirik egotearen seinalea da. “Estatu eta euskal elkargo mailan erabakiak diren iragarkien gaueko itzaltzeak ez dira aski”, uste du Anthony Lubrano Biziko bozeramaileak. “Beharrezko neurri honek irrigarri izaten segitzen du, ez diolako erantzuten eguerdiko eta arratsaldeko kontsumo gailurren arazoari”.

Tiran den energia testuinguruan, Frantses Estatuko parke nuklearraren erdia baino gehiago gelditua delarik mantentze lanen edo arazo teknikoengatik, gobernuak erran du jendartearen %60arentzat itzalaldi arriskua ez dela baztertzen (2). Gainera, energiaren prezioen bat-bateko goratzeak krisi ekonomiko eta sozial larria eragin dezakeelarik, zaila zaio Biziri onartzea norbanakoei soilik eskatzea indar handi baten egitea. Elkartearen ustez, botere publikoek adibidea eman beharko lukete, herritarrei seinale kontrajarriak igortzetik gelditu eta erronka ekologikoen heineko neurriak hartu beharko lituzkete.

Duela kasik urtea jadanik, Bizik Euskal Herri eta Aturri aldeko Publizitatea Gelditu Kolektiboarekin bat egin du eskatzeko iragarki digitalen debekua sartua izan dadin lantzen ari zen Euskal Kostaldea-Aturri eremuko herrien arteko Tokiko Publizitatearen Araudian (RLPi-an) auzapezei igorria izan den gutun ireki baten bidez.

Ipar Euskal Herriko herrien arteko Tokiko Publizitatearen Araudia, lurralde osoan kanpoko iragarkiak ezartzeko baimenak eta debekuak finkatuko dituena, laster hasiko da landua izaten. Bizi! hautetsiekin eztabaidatzeko prest da eta azken hauei, bilkuren bidez, proposamenak azaltzeko eta partekatzeko ere. Bizik Ipar Euskal Herriko herritarrei dei egiten die Euskal Elkargoak plantan eman duen gai horri buruzko plataforman argizko publizitateen eta bideo-kartelen biderkatzearen kontra direla adierazteko.

(1) Modélisation et évaluation environnementale de panneaux publicitaires numériques https://librairie.ademe.fr/recherche-et-innovation/3871-modelisation-et-evaluation-environnementale-de-panneaux-publicitaires-numeriques.html(2)https://www.lemonde.fr/planete/article/2022/12/01/electricite-delestages-tournants-trains-et-metros-annules-ecoles-fermees-le-gouvernement-demande-aux-prefets-d-anticiper-d-eventuelles-coupures_6152478_3244.html