Larrialdi klimatiko eta soziala:
Urriaren 3an, larunbatez, elkarretaratze alai eta herrikoia Biarritzeko aireportuaren aitzinean
Urriaren 3an, larunbatez, goizeko 10:00etan, Bizik deitzen du Biarritzeko aireportuaren aitzinera, elkarretaratze alai eta herrikoi batera, aireko trafikoaren ttipitzearen eta industria horren berregokitzearen alde.
Hegazkinen ondorioak klima aldaketaren arloan argiki gutietsiak dira.Usaian erabiliak diren zenbakiek CO2-az kanpo diren gasak ez dituzte konduan hartzen. Ondorioz, sektore horrek Frantses Estatuko karbono aztarnaren %7aren ardura badu (1).
Ondorio horiek oraino gutietsiagoak dira konduan hartuz sektoreak dituen garapen mailak: duela hainbat hamarkada, aireko trafikoa bikoizten da hamabost urtetarik eta aireportu azpiegituren eraikuntza proiektuak munduan zehar biderkatzen dira. Frantses Estatuan Nice-eko 2. Terminalaren edo Roissy-ko 4. Terminalaren handitzeek aintzin ikusten dute aireportuaren trafikoaren %50eko goititzea hemendik 2030era lehen kasuan eta %38ko goititzea hemendik 2037ra bigarren kasuan.
Pariseko akordioaren errespetatzeko molde bakarra da aireko trafikoaren azkarki murriztea. Frantses Estatuan, aireko toki-aldatzeen erdia, biztanlegoaren %2ak egiten du. Aireko trafikoaren ttipitzearen neurriek ondorioz, hegazkina hartzeko ohitura eta medioak dituzten pertsonak bakarrik hunkituko dituzte. Alabainan, hegazkinezko toki-aldatzeak doi bat merkeagoak bilakatu badira, hegazkinaren erabilpena, ezberdintasun sozialen adierazgarri indartsua da, horrek erakusten duelarik, norbanakoaren karbono aztarna eta bizi mailaren arteko lotura. Oraindanik plantan eman behar dira neurri batzu bide horren hartzeko.
Aireko trafikoaren ttipitzeak ondorioak ukanen ditu sektore horretan diren enpleguen mailan. Enplegu horiek gaur egun langileekin elkar-aditze izpirik gabe hartuak diren erabaki politiko eta ekonomikoen menpe dira, gobernuak plantan eman laguntza plana izan arren Air France, Airbus eta hainbat enpresa azpikontratatuetan plan sozial erraldoiak paiartzen dituztelarik.
Alta langileak dira beren lan sektorearen berregokitzearen prestatzeko gisan. Industria horren eta hegazkingintzako enpleguen berregokitze plan bat galdatzen dugu. Horren lortzeko langile, hautetsi eta herritarrek elkarrekin hizketatzeko parada ukan behar dute gure lurraldeen errealitateari integratua izanen den mugikortasun sistemaren birrantolaketaren pentsatzeko. Langileen trebetasuna behar da erabili jasangarria den jendarte batekin bateragarria diren sektoreetan: enpleguen birtokiratzea garatu, tokiko sare bat ehunduz, tokiko turismoa, mugikortasun eztiak, energia neurritasuna sustatu, burdinbide sarea garatu, europar sarean integratu behar diren gaueko trenen zaharberritzearekin, eta, garraio horiek denek hartzeko gisan ezarri.
Biziren bozeramailea den Julien Clapié-rentzat “Biarritzeko aireportua injustizia sozial eta klimatikoaren sinboloa da. Aireportu honen urteko aktibitatea negozio trafikoek segurtatzen dute eta aireko sektorearen abiaduraren ttipitzearen ondorioz, aireportuak kanporaketen egiterat behartua izaiteko arriskua du. Presazkoa da sektore horretako enpleguan berregokitzea!”
Larrialdi klimatiko eta sozialaren aitzinean, Bizik jendarte jasangarri eta solidario baten sortzeko elkarretaratze herrikoi eta alai batetara deitzen du, Biarritzeko aireportuaren aitzinera, larunbatean, urriaren 3an, goizeko 10:00etan. Elkarteak aireko trafikoaren ttipitzea eta sektore horretako langileentzat berregokitze eta formakuntza plan baten plantan emaitea galdatzen du. Egun hau kokatzen da Estatu mailan Alternatiba eta ANV COP21-ek antolatzen duten mobilizazioaren baitan. Biarritzen, Bordale, Clermont, Lille, Marseille, Nantes, Nice, Paris eta beste hainbat herritan ibilaldiak, txirrindiraultzak, elkarretaratzeak, aireportu okupatzeak eta ekintza determinatuak antolatuak dira, justizia ekonomiko, sozial eta klimatikoaren alde, nehor ez uzteko bide bazterrean!
(1) B&L évolution-en ikerketa : «Klima, (oraino) hegazkina hartzen ahal dugu?»