Biarritz: Bizik larunbatean, urriaren 3an, hegazkinaren ez hartzeko gomita luzatzen du!

Bizik larunbatean, urriaren 3an, hegazkinaren ez hartzera deitzen du, aireko trafikoaren ttipitzearen eta sektore horren berregokitzearen alde.

Covid-19aren krisiak hegazkin guziak lurrean iltzaturik atxiki ditu orain arte sekulan ez delarik holakorik gertatu. Birusaren zabaltzea gelditzeko inposatua izan den egoera honek hegazkingintza sektorean talka uhin bat eragin du eta mugikortasunarekiko gure harremanak galdezkatu ditu.  

Frantses gobernuak miliarka euro eman ditu sektorean, azken hau berriz abiarazteko, baina baldintza anbiziotsu izpirik gabe klima edo enplegua babesteko. Nahiz eta jadanik eskasak diren beren engaiamendu ekologikoen errespetarazteko ez gaitasuna erakutsi duten, Estatu mailako arduradunek bai eta ere aeronautikako enpresa handietako buruzagiek hondamendi klimatiko eta sozialari buruzko lasterraldi eroa jarraitzera baimentzen dute beren burua. Aireko garraioak jadanik mundu mailako beroketa klimatikoaren %5a sortzen du, hots Alemania bezalako herri bat bezainbat, eta oraino goititzeko esperantza badu. 

Aeronautikako enpresen buruzagitzek, bereziki Air France eta Airbus-ekok, milaka enpleguren kentzeak jakinarazten dituzte, nahiz eta frantses Estatuak laguntza masiboa ekarri dien. Trafikoaren muga gabeko garapenean eta balizko berrikuntza teknologikoetan  apostua eginez, buruzagi horiek arriskuan eman dute langileen egoera eta gure ekosistema, eta hori, arduradun politikoen laguntzarekin. 

Trafikoa murriztu eta enpleguak berregokitu

Konfinamendu garaiak erakutsi digu botere politikoak gai direla laster eta molde zorrotzean airezko trafikoaren murrizterat, hori beharrezkoa izanez geroz. Alta, nahasmendu klimatikoa, gaur egun bizi dugun osasun krisiari konparatuz, arrisku oraino larriagoa da. Hegazkingintza  berriz abiaraztea eta karbono isurketa apaleko sektorea den trenaren sektorea  ahultzen uztea, ondorio dramatikoak ukanen dituzten bi akats politiko dira.

Guk, Amalurrean bizi baldintza duinen atxikitzearekin bateragarria ez den industria xortakakoarekin iraun arazteko diru publikoa erabiltzeari, ez diogu! Pentsaraztera emaiterat datozen hamarkadetan ekologikoki arduratsua den hegazkingintza bat posible dela… horri ere ez diogu! Hegazkingintzako sektoreko langile guzien geroa zalantzan emaiteari, hor ere, ez diogu!

Aldiz, bai handi bat diogu, kolektiboki, jendarte mailan, gure toki aldatze manerei buruz eta hegazkingintzako langileekin industriaren berregokitzeari buruz birpentsatzeari.   

Aterabide anitz badira: trenez egiten ahal diren Estatu mailako toki aldatzeak kendu, airoportuen handitze proiektuak bazterrera utzi, kerosenoa zergapetu, langileen enpleguak segurtatu  eta sektorearen berregokitzea jarraitu, diru laguntza publikoak beste norabide bati buruz eman (bereziki gaur egun galtzeak egiten dituzten eskualdeetako aireportuei eta low-cost konpainiei doazen diru laguntzak) alternatiben garatzeko, adibidez, trenarena. 

Alta hori ez da frantses gobernuak egin duen hautua. Ondoriz, larunbatean, urriaren 3an, Bizik bortizkeriarik gabeko ekintza herritar deliberatu batean parte hartzeko deialdia egiten du.  

Zirkulazioa ainitz nahasia izanen da, ondorioz Bizik kontseilatzen du, gaurdanik bakoitzari behar diren neurriak har ditzan eta ez dezan hegaldirik aintzin ikus data hortan. 

Egun berezi hori mezu baten pasarazteko parada izanen da: herritarrek ez dituzte nahi pairatu klimaren arloan gobernuen geldirik egotearen ondorio lazgarriak, premiazkoa da denen osagarriaren eta gaurko eta datozen belaunaldien bizi baldintzak babestea. Gaurdanik behar da aire trafikoa ttipitu eta sektore hori berregokitu!