Auzi desleial baten buruan, Dei auzitegiak Moriba Koivogui adindun deklaratzen du

Prentsa Agiria

Auzi desleial baten buruan, Dei auzitegiak Moriba Koivogui adindun deklaratzen du

Kasazio errekurtsoa eta elkarretaratzea ostegun honetan otsailaren 14an, 18:30etan

Departamenduaren Baionako Egoitza Nagusiaren aitzinean

Baionako Cassin Lizeoan eskolatua den Moriba Koivogui ginear gazteari buruz Dei auzitegiaren erabakia asteazken honetan, otsailaren 13an, hartua izan da. Erabakiak dio Moriba adinduna dela eta dudan ezartzen du ere azken hau umezurtz dela.

Bizi!k kontsideratzen du auzi hau iragan dela molde desleial batean eta erabakia gaitzesten du. Elkarteak deitoratzen du oro har etorkin gazteen txostenak jujatuak diren moldea. Kasazio errekurtso bat pausatua izanen da Moriba Koivogui-ren kasuarentzat eta etorkin guziekiko elkartasun elkarretaratze bat antolatua da ostegun honetan, otsailaren 14an, 18:30etan Departamenduaren Baionako Egoitza Nagusiaren aitzinean, justiziaren, zuzentasunaren eta errespetuaren galdatzeko atzerritar adingabe bakartu guzientzat.

Auzi desleiala

Moribaren abokatuek defentsa mintzaldia egin dute 64 Departamenduak justiziari aurkeztu argumentoen berri ukan gabe, jakinez 64 Departamenduak Dei Auzitegiari hel arazi zuela gutun bat non gaztearen adingabe bakartu izaitea bera zalantzan ezarria zen, eta hori ondorio gisa aurkeztua, horren berri defentsari eman gabe. Departamenduaren abokatuak aldiz Moribaren abokatuen argumentoen berri ukana zuen, zeren beren ondorio idatziak auzialdia aitzin hel arazi zituzten, kontraesanen printzipioak gomendatzen duen bezala.

Bestalde, jujeek errefusatu dute konduan hartzea Faget Abokatuak idatziz egina zuen galdea eta haiei hel arazi zizkien Moriba Koivogui-ren burasoen heriotza agiriak, auzialditik landa bakarrik heldu direnak. Abokatuak galdegiten zuen agiri horiek bere idatzizko ondorioei gehituak izaitea.

Dei auzitegiak beraz dudan ezartzen du bere erabakiaren bidez Moribaren umezurtz izaitea, jakinez gure esku ditugula bere aitaren eta amaren heriotza agiri ofizialak. Adindun deklaratzen du, hezur neurtzeen ondorioek alderantzizkoa erraiten badute ere, kontsulatik adingabea erakusten duen karta baldin badu ere, eta jakina bada ere bere amaren sortze urtea 1988a dela, eta horrek erran nahi lukeela (Moriba adinduna balitz prozeduraren hasieran, hots 2018ko otsailean) haren amak Moriba ukana izan behar zuela 11 urtetan!

Elkarretaratzea, ostegun honetan, otsailaren 14an, 18:30etan Baionan:

Horrek erakusten du zuzentasun eta seriotasun eskas osoa atzerritar adingabe bakartuei dagozkien justizia-erabakietan. Erabaki politikoak dira eta ez justiziakoak. Eta Moriba Koivogui-ren kasuan, kontsideratzen dugu 64 Departamendua, bere gehiegikeriaz eta jokamolde desleialez, Baionako lizeoko ikasle gazte baten egoera hunkitzen duen erabakiaz osoki arduradun dela.

Horregatik elkarretaratze batera deitzen dugu ostegun honetan, otsailaren 14an, 18:30etan Baionan, 64 Departamenduaren Egoitza Nagusiaren aitzinean (4, Platanes-en hiribidean):

– Afera honetan 64 Departamenduaren eginkizuna salatzeko

– Etorkin guziekin elkartasunez. Justiziaz, zuzentasunez eta errespetuarekin tratatuak izan daitezen galdegiteko!

Asteazkenean, 2019ko otsailaren 13an, Baionan,

Bizi!

20, Cordeliers karrikan 64 100 Baionan

Tel: 05 59 25 65 52 / 06 14 99 58 79

Moriba Koivogui aferari buruz xehetasun gehiago hemen: https://bizimugi.eu/eu/francais-lettre-ouverte-au-departement-64, hemen: https://bizimugi.eu/eu/mineurs-etrangers-le-departement-64-doit-sexpliquer eta hemen : https://bizimugi.eu/wp-content/uploads/2019/01/Isard-COS-incomp%C3%A9tence-ou-manipulation.pdf