Urte bukaera honetan, eskerrak eman nahi dizkizuegu ekarri diguzuen sustenguagatik eta zuekin partekatu nahi ditugu Biziren 2025eko aitzinatzeak. Parisko Akordioen sinadura duela 10 urte iragan dela eta, bilana, zoritxarrez, samina da. Maila guzietan, ekologiaren aldeko ekintza ez da gure belaundaldiarentzat eta etorkizun duina bermatzeko datozen belaunaldientzat, Euskal Herrian eta munduan zehar, buru egin behar dugun egoera larriaren heinekoa. Zuen sustengua behar dugu ekaitzari buru egiteko eta ekologiaren eta justizia sozialaren aldeko borroka Euskal Herrian eramateko.
Aurten, Bizik argitaratu du “Urrats ttipiak, hitzemanetarik eta larrialdiak galdatu heinetik urrun” izeneko txostena. Bertan, 2020tik geroz, kargualdiiaren hasieratik Ipar Euskal Herriko 56 Herriko Etxek eta Euskal Hirigune Elkargoak egin ekintza ekologikoen bilana xeheki aurkezten da. Izigarri maila handiko ekimena izan da, 2019an abiatua eta urte luzeko lanaren emaitza, iritzi publikoa argitzeko eta Herriko Etxe bai eta Elkargo mailako hauteskundeei begira hautagai-zerrendak kontzientziatzeko.



Bizik AHT GPSO (Bordele-Irun + Bordele-Tolosa) proiektuaren kontrako borrokari bultzada berria eman dio, lan-talde baten berraktibazioa segurtatuz, argument-orri berria zabalduz eta afixaketa-kanpainak eginez Baionako bestetan eta Lurraman. Publizitatea geldi kolektiboaren baitan, publizitatearen hedapena eremu publikoan arazo politiko bilakarazi dugu informazio-lan zorrotzaren eta gure ekintza mediatikoen bidez. Etxebizitzari dagokionez, babes berriak jaso ditugu Hego-Akitaniako eraikuntza xuhurraren Itunarentzat, eta ekiten segitzen dugu Herrian bizi plataformarekin. (ikusi hemen)



Etorkizuna ere ari gira eraikitzen Patxoki Berria proiektuarekin: elkarteentzat lokalak, hitzaldi gela, ostatu-jatetxea, aterpetxea eta etxebizitza sozialak bilduko dituen eraikinarekin, gaur egungo Patxokiaren ordez. Aldi berean, Robles-Arangiz etxea berritzen ari gira Beskoitzen. Izen bereko familiak Eraiki funtsari utzi duen etxe hori taldeendako formakuntza eta harreragune bilakatuko da. Tresna hauek, mugimendu eko-sozialaren zerbitzuko izanen dira, ekintza-gaitasun handiagoa emanen diete gaurko eta biharko militanteei.



Eskuin muturrak bere egutegi atzerakoia eta antidemokratikoa inposatzen duen une honetan, eta multinazionalek eta miliardunek sekulan baino botere gehiago metatzen duten garai honetan, Bizik behin eta berriz aldarrikatzen segitzen du justizia sozialaren eta elkartasunaren balioak: Maiatzaren 1eko manifestaldian, “Bloquons tout” mugimenduan parte hartuz, eta migratzaileen sustenguz elkartasun-ekintzak eginez: manifestaldiak, Urtats solidarioa, “J’accuse” auzia…



Esperantza, lagunarte giroa eta elkartasuna dira gorrotoari, bidegabekeriei eta ezintasunari buru egiteko erremediorik onenak. Horregatik antolatzen ditugu urtean zehar erregularki bestak eta ekitaldiak (Pintxo eguna, Baionako bestak, Publizitatearen kontrako gaua, musikaren besta…), eta horregatik sustengatzen ditugu zapalkuntza jasaten duten borrokak, hala nola Marieniako lurren aldeko borroka Kanbon.



2026an ere bide horretan segituko dugu, Euskal Herri jasangarri, burujabe eta solidarioa elkarrekin eraikitzeko. Aurten hainbat hilabeteko eztabaiden eta lanen ondotik argitaraturiko bide orriak gidatuko gaitu, herritarren eta etorkizun hobe baten alde.
Zuen sustengua behar dugu ekaitzari buru egiteko eta ekologiaren eta justizia sozialaren aldeko borroka Euskal Herrian eramateko. Elkarrekin, indar handia gira!
* * * * * * *
Dohaintza egitea edo kidetzea, engaiatzeko molde bat da ere, Biziren lana eta ekintza moldeak indartzen ditu eta. Zuen kidetzeak gure sustengu ekonomikoa bermatzen du eta, horrez gain, gure zilegitasun publikoa indarzen: kide gehiago = eragin handiagoa eztabaida publikoan. Gehigarria: zure emaitzaren zenbatekoaren % 66 zerga kenketa gisa baliatzen ahal dituzu. Sustengatzen ahal gaituzu, pagamolde hauen bidez:
- Kentze automatikoaz: https://bizimugi.eu/eu/bizi-ren-ekintza-sustenga-ezazue edo loturik den kidetze fitxa osatua itzuliz.
- Biramenduaz: Biziren kondura FR76 4255 9100 0008 0126 2033 265 erabiliz.
- Biziren izenean den txekea igorriz, Kordelierren karrikako 20., 64100 Baiona helbidera
- Euskoz egin biramenduaren bidez, Euskal Monetaren webgunean (Gure argibideak: Titularra: BIZI Elkartea; Kontuaren zenbakia: 711458641)

















