AHT: Biziren ekintza, proiektu hau, Euskal Herriaren iritziaren kontra, CD64ak duen inposatzeko xedea salatzeko

Otsailaren 8an, 8:15etan, Biziko 20 ekintzailek 16 m²-ko bi banderola zabaldu dituzte Baionan den Departamenduko Kontseiluaren aitzinaldean LGV-GPSO delako AHT proiektu klimatizida salatzeko. Proiektuak eztabaidan segitzen du jendarte zibilaren eta Euskal Elkargoaren kontrako jarrera argia izan arren. Bizik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluaren eta bere lehendakariaren aldeko jarrera salatzen du, zeren proiektuaz zuzenean hunkitua den lurralde oso baten iritziaren kontra doa. Zentzugabeko proiektu hau bertan behera uztea galdatzen du elkarteak eta bat egiten du Iruneko deiarekin, jadanik diren trenbideen modernizatzeko, izan dadin Akize – Irun tartean, edo Bordele – Akize edo Bordele – Tolosa tarteetan ere.

Otsailaren 8 honetan, asteazkenarekin, Bizi elkarteko 20 ekintzaile bildu dira Baionan eta 16 m²-ko bi banderola zabaldu dituzte Departamenduko Kontseiluaren aitzinaldean Departamenduko Kontseiluari eta Jean-Jacques Lasserre-i galdatzeko GPSO – LGV uztearen aldeko jarrera har dezaten. “CD64, BORTXARIK EZ! EUSKAL HERRIAK AHTari EZ!” bezalako mezuekin banderolak zabalduz, militanteek kostu ekonomiko, ekologiko eta sozial izigarriak dituen proiektu polemikoaren kontrako jarrera errepikatu dute.

Izan ere, AHT proiektua, eztabaida garrantzitsuen iturria, agenda politikoan da oraino, nahiz eta iritzi publikoan eta goitituz doan hautetsi kopuruan, haren kontrako jarrerak badiren. 2021eko abenduan, Euskal Elkargoko hautetsiek jada bozkatu zuten masiboki, ia %80ak, proiektuaren printzipioaren kontra. Euskal Herrian, jendarte zibilaren eta arlo politikoaren baitan, proiektu honen errefusaren adibide enblematikoa. . Bozkatze horretarik geroz, badakigu AHT proiektuak zerga berria ekarriko duela AHTa  hartzen duen geltokitik ordu bat baino gutiagora diren herrietako bizilagun guzientzat, AHTaren kontra arizan diren herrientzat ere! .

Irungo, Baionako eta Bordeleko auzapezek, beren aldetik, Espainia eta Akitania Berriaren arteko trenbidea modernizatzeko ikerketa bat egitea galdatu dute. Orain beste 120 hautetsik  sustengatzen duten beren deia, jadanik diren trenbideak berritzeko xedearekin, errealista, merkeagoa eta ingurumena errespetatzen duen alternatiba da.

Hala ere, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluko presidenteak irmoki defendatzen segitzen du proiektu hau hunkituak diren herritarren eta hautetsien borondatearen kontra. Urtarrilaren 11n, ondoko oharra egin zuen Iruneko deiaren haritik: “Irekitzen ez den herria bere burua kondenatzen duen herria da”.

Antton Harignordoquy Biziren bozeramaileak salatu du: “Mundura irekitzeak ez du erran nahi miliarren gastatzea gero eta urrunago bai eta gero eta lasterrago, gutiengo batek bidaiatzeko parada ukan dezan. Mundura irekitzeak ez du erran nahi bigarren etxebizitzen jabeei aisetasun guziak eskaini behar zaizkiela, horrek klimarentzat eta tokiko biztanleentzat dakarzkien ondorio kaltegarriekin. Euskal Herri burujabe, jasangarri eta solidarioa eraikitzen duten proiektuei tokia uzteko garaia da”.

Geroztik, elementu berri bat etorri da AHT proiektuari kolpea emateko: Azpiegituren Orientaziorako Kontseiluak (COI-k) bere azken txostenean, Bordele-Akize AHT linearen eraikuntza, 2038tik haratago atzeratzea gomendatzen du, eta, plangintza ekologikoaren testuinguruan, jadanik diren trenbideen berritzea lehenestea, linea berriak egitea baino. Euskal Herriak jadanik frangotan AHT proiektuaren kontra dela argiki erran duelarik, Lasserre jauna, errespetatu Euskal Herriaren borondatea!