AHT-ari Ez, ez hemen ez nehon! Informazio bilkura publikoa, Apirilaren 12an, asteartez, Baionan

Berrirz ere, txostenaren ondorioek beroketa globala +1,5°C-ra mugatzeko jardutea premiazkoa dela gogoratzen dute. Eta, hala ere, frantses Estatu mailan, Iparraldean bezala, inertzia politikoak norma izaten segitzen du: larrialdi klimatikoari dagozkion gai eta neurriak, justizia sozialarekin lotuak direnak bezala, ez dira larrialdiak galdatzen duen heinean… Oraino txarrago, beharrezkoak ez diren eta inposatuak diren proiektu handiek agenda politikoaren lehen lerroan segitzen  dute  GPSO-ak bezala… AHTren itzulerarekin.

Aspaldian isilpean egona, kostu ekonomiko eta ekologiko izugarriak dituen proiektu klimatizida hau agenda politikoaren lehen tokietara itzuli da, frantses Estatuko exekutiboak sustengatzen duen Alain Rousset Akitania Berriko eskualdeko presidentearen bultzadaz,. Amaigabe errepikatzen diren hipotesi okerren gainean, eta edozein azterketa eta oposizio herritarren kontra, proiektuak bere bidea  segitzen du arras antidemokratikoa den moldean. Izan ere, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluko presidenteak proiektuaren lehen faserako finantzaketa plana sinatu du. Hori eginez, hartu zituen engaiamenduak ez ditu errespetatu zeren Euskal Elkargoak, Gironde eta Lot et Garonne departamenduek proiektuaren gauzatzearen kontra bozkatu dute. Testuinguru honetan, Bizik CADE-ekin batera informazio bilkura publikoa antolatzen du apirilaren 12an, asteartean, 19:00etan, Baionako Lan Boltsan. Topaketa honek behargabeko proiektu handi eta inposatu honen ingurumen, ekonomia baita sozial arloko kostuen berri eman nahi du. Gure lurraldea jadanik gogorki hunkitzen duen etxebizitzaren krisian AHTak dituen ondorio kaltegarrien ezagutzeko parada izanen da.