Urtarrilaren 7ko astelehen hontan, Bizi euskal mugimendu altermundialistako 25 aktibistek Isard COSen bulegoak okupatzen dituzte Pauen, bere zuzendaritza baita 64 departamenduko kontseilua publikoki galdezketatzeko.
Isard Cosek adingabeko atzerritar bakartuetaz 64 departamenduarentzat egiten dituen ebaluazioak salatu nahi izan dituzte. Partikulazki 2 ginear gazteenak, departamenduko eta ASE64 egituren babespean kokatuak zirelarik, Baionako helduen presondegian sartuak izan baitziren, ebaluazio bakar bat ere agindua izan gabe.
Gaitasun eza ala manipulazioa?
Euskal militanteek banderola batzuk atera dituzte eta Ginea Konakryan eskolaratze tasari buruzko txosten ofizial baten 106 orriak haunditurik, egoitza osoa estali dute. Isard Cosek bere ebaluazioarentzat eta etorkin gazte hauen erranen gezurtatzeko 2001 urteko txosten hori erabili du, 1999 urteko estatistiketan oinarritua, bi gazteak 2001 urtean sortu direlarik. Izan ere, Konakryan eskolaratuak izan direla eta gizarte maila apalekoak direla diote gazteek. Isard Cosen arabera, hori « ez da arras konpatiblea eskolaratzearekin, zeren eta gizarte maila gorenetako haurren %14a baizik ez da eskolaratua » Ginean.
Egiazki, Isard COSek aipatzen duen txostenaz ez du ezer ez ulertu edo nahitara gaizki interpretatu du eta txostenaren arrunt kontrakoa erranarazten dio. 106 orriko txosten zahar hori irakurriz, ixkiriatua da 1999an, « lehen mailan, eskolara doazenen tasa brutoa %61etan kokatzen da » eta « Konakryn da tasa gorena, non 7-12 urteko 10 haurretarik kasik 8 doazten lehen mailako eskolara ». Egia erraiteko, 1999an jadanik, gizarte maila goreko %20aren baitan, haurren %23a bakarrik ez zen eskolaratua lehen mailan herri osoan, eta Konakry askoz guttiago.
Bizi elkarteak 2008-2011 urtetako UNICEFen estatistikak nahi izan dizkio eskaini Isard Coseko zuzendaritzari, 2 gazte ginearrek 7 urte zituztelarik, argitara emanez, egiazki garai hartan, mutikoen eskolaratze tasa netoa lehen mailan %88,9koa zela eta askoz haundiagoa zela Konakryn, 2 gazteen bizilekuan.
Galderak Isar COS eta 64 departamenduko kontseiluari
Bizik 2 ebaluazio txostenak aztertzen dituen txosten bat banatu du, akats larri ugari, gezurrak eta « beren familiaren babesarik gabe betiko edo aldi bateko diren adingabeen ebaluazioaren moldeak » finkatzen dituen 2016ko azaroaren 17ko ministerio erabakiak gomendatzen duena urratzea azpimarratuz.
Mugimenduaren bozeremailetarik batek, Txetx Etcheverryk, Isard Cosen zuzendaritza eta 64 departamenduko kontseilua nahi izan ditu galdezketatu : « Gaitasun eza ala manipulazioa? Afera hontan gaitasun eza balitz bakarrik, afera biziki larria litzateke. Erran nahi luke Isard Cos-ek gezurtari bezala tratatzen dituela ginear gazteak, kondatzen dutelarik ber denboran gizarte maila apalekoak direla eta eskolaratuak izan direla. Eta hori 2001 urteaz geroztik, erabilia den txostena urte hartakoa baita ? Zenbat haur izan dira eginmolde horren biktima? »
Txetx Etcheverry ez da hor gelditzen: « 2 ebaluazio txosten horietan beste hainbeste bitxikeriek susmoa pizten dute, hau afera berezia baita, ibilmolde oker larri batzu izan baitira (2 adingabeen presondegiratzea justifikaziorik gabe 64 departamenduko salaketa batengatik, azkenean auzitegiak baztertua). Intentzio zehatz batek, bi gazte hauek ez ezagutzea adingabe gisa, 64 departamendua postura txarrean ezarriz, gidatu ote du 2 txosten horien idazlana?
Nahi dugu jakin nork dituen idatzi 2 ebaluazio txostenak, eta zein izan diren bere gogoak egiazki? Zein dira bere formakuntza, kalifikazioak, esperientzia? Hots, txosten hauek zintzoak eta leialak ote dira, eta kasu hortan zer diote Isard Cosen gaitasunaz? Izan ote dute helburutzat pertsona zehatz batzu edo 64 departamenduko kontseilua bera babestea? »
Bordaletik ari den Isard Cos-eko Zuzendariak deitu ditu Bizi!ko okupatzaileak telefonoz eta azken hauek luze eta zabal beren grinen esplikatzeko parada ukan dute, beren galderen pausatzekoa ere, ber momentoan Paueko lokalean uzten zizkiotelarik beren erranak frogatzen zituzten txosten eta dosierrak.
Zuzendariak adierazi du dosier horien berri hartuko zuela eta Bizi! elkarteari hitzordu bat emanen zuela ondoko egunetan 2 kasu horien aipatzeko bai eta ere adingabeko atzerritar bakartuen ebaluaketa prozedura osoa 64 Departamenduan aipatzeko.
Engaiamendu hartze horren ondorioz, Bizi!ko ekintzailek erabaki dute okupazioaren gelditzea.