Bizik AXAren publizitate faltsuak ezarri ditu Hendaian, asurantza etxeak Ozeano Bareko aparteko biodibertsitatea duen Koral Triangeluan erregai fosiletako energia-proiektu berriak asuratzeari uko egiteari uko egin diolako. Ekintza nazioarteko mobilizazio egun baten baitan egin da.
2026ko irailaren 27an, Hendaian. Gaur, bost herrialde ezberdinetan, ekintzaile ekologistek AXAren publizitate faltsuak ezarri dituzte, honako mezua erakutsiz: «Ozeanoaren suntsipena asuratzen dugu. Babesten baginu bezala eginez» Euskal Herrian, Bizi! talde ekologista izan da afixa horiek Hendaia hiriko hiri-altzarietan ezartzeaz arduratu dena, ozeanoari eta Txingudiko badiari so diren guneetan.
Estatu Batuetan (New York), Espainian (Bartzelona), Erresuma Batuan (Londres), Alemanian (Leipzig) eta Frantses Estatuan, ANV-COP21 mugimenduak (Rennes, Hendaia, Grenoble eta Niza) aldi berean egin ekintza hauek kanpaina baten parte dira. Helburua AXAk Koral Triangeluan gas-proiektu berriak asuratzeari uztea da, ezohiko biodibertsitatea duen eremu hori babesteko.
Koral Triangelua aparteko aberastasun ekologikoa duen eremua da, Ozeano Barean kokatua. Planetako koral-espezieen %76 hartzen ditu, atunaren ugalketarako funtsezko eremuak, karbono-hobi handiak diren mangladiak, baita 360 milioi pertsona baino gehiagoren bizimoldearentzat ezinbestekoak diren jarduera ekonomikoak eta baliabideak ere.
Garrantzi ekologiko eta sozial handia duen arren, eta klima-aldaketa laster bizkortzen ari den honetan, Koral Triangelua gas fosila ustiatzeko proiektu berriek mehatxatzen dute, besteak beste, GNLaren (gas natural likidotua) inportaziorako terminal berriek.



«AXAk harro aldarrikatzen du koralezko arrezifeak, mangladiak, kostaldeko ekosistemak eta ozeanoen erresilientzia babesten dituela. Hala ere, AXAk uko egin dio Koral Triangeluan gas natural likidotuko proiektu berrien asuratzea baztertzeari, nahiz eta proiektu horiek biodibertsitatearentzat eta klimaren aldeko borrokarentzat mehatxu zuzena izan», adierazi du Hendaian izan den Biziko Elouan Trichard bozeramaileak.
Eskualdeko herritarrek erregai fosilen hedapenaren kontra ekiten dute, eta borroka horrek arrakasta frango lortu ditu. Ekintzaileek borroka hori babesten dute, asurantza etxeei proiektu horien arriskuen eta eraginen berri emanez, eta enpresei proiektu horiek behar dituzten asurantza eta berraseguruen babesa ukatzera edo kentzera bultzatuz.
«Klima-hondamendiak molde dramatikoan ugaritzen ari diren honetan, arras ulertezina da AXA bezalako asurantza etxe handi batek fenomenoa larriagotzen duten erregai fosilak babesten segiitzea. AXAk seinale erabakigarria bidal diezaioke asurantzen munduari, energia hilgarri horiei babes oro kenduz. Gure planetan bizitzeko baldintzak eta denen etorkizuna dira jokoan!», adierazi du JuIiette Caroulle ANV-COP21eko bozeramaileak.
















