Leku Eder etxea, Beskoitzen kokatua eta Robles-Arangiz familiak ondoriotasunez utzia, azaroaz geroztik berritua izaten ari da. Baionatik hurbil, bilkura eta formakuntzarako zentro iraunkor gisa egokituko da. Azken hilabeteetan, auzolanari esker, hainbat topaketa, apairu partekatze goxo, ustegabe konpontze, elkar laguntza eta lagunarte giroren bidez kausitze kolektiboak lortu dira 70 pasa militante aktibatuz!
Lanek irailera arte segituko dute. Edozein laguntza ongi etorria da, bai konponketa-lanetarako, bai eguerdiko bazkaria prestatzeko, esperientzia izan edo ez. Egitekoak askotarikoak dira, eta denek parte hartzen ahal dute.
Lehen sei hilabete hauetako lanen laburpena!
Azaroa – Abendua
Etxean oraindik zeuden gauzak sailkatu, artxibatu eta altxatu dira. Kinkaileria antolatu da lana errexteko. Behereko tximiniak desmuntatu dira. Barneko murruetako zementuzko estaldurak gelaz gela kendu dira, harria agerian uzteko eta murru hezeek arnasa har dezaten. Hondakindegirako joan-etorriak etengabeak izan dira; ehunka orga eta ontzi hustu dira. Bidea harri berriz sendotu da. Dozenaka laguntzailek neguari eta hautsari buru egin diote, bide batez tokiko bista zoragarriaz eta sekulako otorduez gozatuz.

Urtarrila – Otsaila
Etxearen barnea hustuz joan da, eta gero eta gehiago oskol huts baten itxura hartu du. Hainbat sabaia kendu dira, murru desegin dira eta eskailera bat kendu da. Lanetarako komun idor batzuk instalatu dira etxe barnean. Etxe-behereko zati baten zorua berdindu da, eta betoinezko lauza plantan eman da. Habe nagusiak ezarri dira. Elektrizitateari dagokionez, hodiak pasatu eta lokien kokalekuak prestatu dira. Hainbeste desegin eta, berreraikitzen hasi gira!





Martxoa – Apirila
Bigarren estaian habeak ezarri dira, eta prestaketa frango egin dira lan handi bati lekua emateko: lur eta kalamu bidezko barneko isolamendua. Horretarako prestakuntza-auzolan berezi bat egin da artisau baten gidaritzapean. Ondotik, logelako zorua ezarri da, leiho berriak instalatu dira, elektrizitate-lanak aitzinatu dira eta etorkizuneko barne-banaketen prestaketak egin dira. Sabaiak zurezko artilez eta kotoizko artilez isolatu dira.



Beraz, lanek iraila arte segituko dute. Edozein laguntza ongi etorria da, bai konponketa-lanetarako, bai eguerdiko bazkaria prestatzeko, esperientzia izan edo ez. Egitekoak askotarikoak dira, eta denek parte hartzen ahal dute.
✅ Maiatzaren 26tik-31era: izen ematea hemen
✅ Ekainaren 12a, ostirala eta 13-14ko asteburua: izen ematea hemen











