Patxokin, obra handiak hasi aitzin, azken besta!

Patxoki leku enblematikoa da euskal militantziarentzat, 1987an sortu zenetik Baiona Ttipian. Patxa kolektiboaren lokal gisa abiatua eta “euskal rock erradikalaren” erreferentzia-leku gisa ezaguna, urte hauetan guzietan rol garrantzitsua izan du borroka eta dinamika abertzale, ekologista, feminista, antimilitarista, kultural, solidario (euskal preso eta migratzaileen aldeko mugimenduenak), birtokiratzaile (tokiko ekonomia eta elikadura berrantolatzearen alde), iraunkorretan (birziklapenean eta berrerabilpenean), etab.-etan. 

Ia lau hamarkadaz, bertan harrera egin da, kontzertu, bilkura, formakuntza, logistika-tailer, laguntzaile-zintzur-bustitze-kilikatze, militante,  egoera prekarioan diren pertsona, etorkin, AMAP permanentzia ezberdin, konpon-kafe, elkarte material atxikitze, etab.… ezberdinei.

Borroka-leku historiko honen desegitea ez da ibilbide honen bukaera,  arras alderantziz, eskala-aldaketa bat baizik, Patxoki Berriaren eraikuntzarekin. Lau estaiako eraikin berriak, bi urte barne, elkarteentzat lokalak, 160 laguneko konferentzia eta biltzar nagusi gela, ostatu-jatetxe herrikoia, bizileku eta ostatatatze gune kolektiboa, eta etxebizitza sozialak bilduko ditu.

Patxokiren 40 urteak duintasunez ospatzeko eta Patxoki berriari bizi luzea opatzeko, hitzordua finkatua da azaroaren 29an larunbatarekin, oraingo eraikinean eginen den azken bestarako, Baionako Tonneliers-en karrikako 23bis zenbakian.

Patxokik gomitatzen ditu urte hauetan lekua biziarazi duten militante eta artista belaunaldi guziak, bertan aritu diren laguntzaile guziak, eta gaualdi ahaztezinak bizi izan dituzten pertsona guziak elkarrekin ospatzera “Azken Patxoki Dantza” izeneko besta giroko gaualdi musikal eta militantea.

Orain eta beti, besta bai, borroka ere bai!
Patxokia


Egitaraua

17:30 – Poteoa Baiona Ttipian, PAF – Pour une alternative féministe-ekin
18:30 – Ateen irekitzea + taloak
20:00 – Kontzertuak gau guzian: Zetkin (punk feminista), Izan (Dantzaldi rock), Ikusiko (punk) eta Aloe Vera & Lilz DJak!