60 pertsona bildu dituen bigarren lan-asteburutik landa, “Euskal Herria Burujabe 2023” ekitaldia egituratzen ari da! Urriaren 7 eta 8an, Baionako hirigunea eraldatuko da eta eragile anitz hor izanen dira lurraldearen metamorfosi ekologikoa parte hartzaileentzat zehazki nabaritzeko asmoz.
Deneri irekiak ziren lan-egun horien bidez, Bizi! elkarteak bakoitza gomitatzen zuen hitzaldi, ikusgarri, trukaketa, erakusketa, kontzertu, tailer, erakusketa eta jokoekin, urriaren 7an eta 8an Baionako karrikak beteko dituen egitasmo honetaz gogoa betetzera eta eztabaidatzera, hitzordua berenganatzera eta ekitaldia elkarrekin eraikitzera eta eztabaidatzera.
“Klima aldaketa gero eta larriagoa eta ikusgarriagoa da gure eguneroko bizian eta gure lurraldean. Berote handiak, uholdeak, idorteak eta sute handiak gero eta usuago gertatzen dira. Ur murrizketak biderkatzen dira. Aurten otsailetik goiti izan dira. Gure lurraldea eta gure bizimoldeak itzulipurdikatuak izanen dira eraldaketa sakonak ez badira berehala gertatzen, deitoratzen du Biziko Maylis Garciak. Baina aterabideak badira. Euskal Herria Burujabe 2023k lurraldearen eraldaketa ekologikoarentzat beharrezkoak diren ekintza kolektiboen palankak nabarmenduko ditu!».
2009tik geroz, Bizik, planetaren mugak errespetatzen dituen, elkartasuna eta justizia soziala garatzen dituen eta bere patuaren jabe den jendarte bat sortzeko ekiten du. Alternatiba 2013 eta 2018k posible egin zuten klima-aldaketari buru egiteko alternatibak nabarmentzea eta herritar mugimendua suspertzea frantses Estatu osoan eta baita beste leku batzuetan ere. Ildo beretik, Euskal Herria Burujabe 2023 egitasmoak klimaren erronkari buru eginen dion lurralde proiektu jasangarri, solidario eta burujabe bat elkarrekin eraikitzeko erronkari erantzutea ahalbidetuko du.
Euskal Herriko 7 probintzietan 7 deialdi ekitaldi aitzinetik iraganen direlarik, lehena apirilaren 25ean Baionan egin da Habitata-Etxebizitza gaiarekin, Euskal Herria Burujabe 2023k 10 000 pertsona eta 500 laguntzaile bilduko ditu. Bizik deia luzatzen die herritar guziei, gazte zein helduei, urriaren 7 eta 8an Baionan ospatuko diren besta giroko egun engaiatu horietan parte hartzera!