2017ko Frantses Estatuko Presidente hauteskundeak

Faxismoaren kontra eta diruaren erreinuaren kontra, gure alternatiba: elkartasuna!


Bizi!k konduan hartzen ditu Frantses Estatuko Presidente hauteskundeetako lehen itzuliko emaitzak. Front National alderdia, lehen itzulian berean ikusterat botzen %21,43a lortzen, guretzat izigarri kezkagarria da. Europar Batasuneko hamar bat herritan lehen alderdia den eskuin muturraren igotze hau etengabe behar dugu borrokatu, Ber maneran, ulertu behar dugu ere zein diren igotze honen arrazoinak: bazterrera uzte eta bakardade sentimendua, gero eta gehiago anti-sozialak, zuzengabeak eta desberdintasun sortzaileak diren politiken kontrako sumindura, politika eta hedabideak aberatsenen eta boteretsuenen zerbitzurat ezartzerat…Europa, demokrazia, berdintasun, elkartasun eta anaitasun idealak, horrelako politiken golpe errepikatuen pean hiltzen ari dira. Azken hauek ere, mehatxatzen dituzte gure planetaren oreka ekologiko eta klimatikoak, eta, urtero kaltetzen dituzte gero eta gehiago, jendarteen molde gizatiarrean bizitzeko baldintzak Amalurran.

Emmanuel Macron suntsitzailea den politika honen ordezkaririk karikaturazkoena da. Muga gabeko garapena, edozoin izanikan ere horrek sortzen dituen xehatze sozial eta ekologikoak, behar gabeko proiektu erraldoi eta inposatuak, lana igandekari, CETA (Merkataritza eta inbertsio ituna), bide-garraioak, langileriaren gizarte abantailen eta lan zuzenbidearen xuntsitzea, nagusi handiei, deusen truk eginak diren opariak, CICE bezala, behargabeak eta hondagarriak, gure jendarteen Uber-izazioa, hauexek dira Errepublikako datorren Lehendakariak bultzatzen dituen balore eta politikak. Macron jaunak desiratzen du gazteek miliardunak bilakatzeko ametsa ukan dezaten solidarioak izaiteko ametsaren ordez. Macron-ek bultzatu dituen politikak eta gaur egun oraino defenditzen dituen politikak, Fronte Nazionalaren etengabeko igotzearen lurrustela dira. Ber denboran, politika horiek nahasmendu klimatikoa eta bioaniztasunaren erortzea larriagotzen eta bizkortzen dituzte.

Beraz, hirutan arriskutsua den egoera baten aintzinean gira. Eskuin mutur gero eta boteretsu bat, gure funtsezko baloreak mehatxatzen dituena. Hautatua izanen den presidente bat, datozen hilabeteetan anti soziala eta anti ekologikoa den egiazko ofentsiba bat plantan emaiteko estrategia argiki bere gain hartzen duena. Eginkizun erabakigarri bat ukanen duten legebiltzarreko hauteskundeak. Haien ondorioetaz kezkatuak izaiten ahal gira, alabainan hautesleen %46atik goitik (parte hartze frango handi batekin) eskuin muturretako hautagai batentzat (Le Pen, Fillon, Dupont-Aignan) bozkatu dute.

Ez da etsimenduaren tenorea. Igande honetan, apirilaren 23an, Bizi!k biltzar berezi bat egin du hauteskundeen lehen itzuli honetako emaitzen hausnartzeko. Ondorioz, mobilizaziorako deia luzatzen du. Gaurdanik, behar dugu molde masiboan erakutsi gure determinazio osoa faxismoa eta haren aintzinatzea ahalbidetzen dituzten eta gure jendarteak, gure klima eta ingurumena suntsitzen dituzten politiken, borrokatzeko. Horretarako deia luzatzen dugu Maiatzaren 1an, 10:30tan Baionan manifestatzeko. Hitzordua finkatua da Santizpirituko zubiaren puntan, geltokiaren aldean). Gure lema ondokoa izanen da: «Faxismoaren kontra eta diruaren erreinuaren kontra, gure alternatiba: elkartasuna!»

Bururatzeko, Bizi! ohartzen da Fronte Nazionalak bakarrik botzen %12a lortu duela Ipar Euskal Herrian. Hemen bada dinamika sozial eta herrikoi bat, sistema nagusiari eta haren politika suntsitzaileei alternatiben eraikitzeko eta komunitate ideki eta babesle baten sortzeko. Hemen bada lurralde eta nortasun kolektibo bati kidetasun sentimendu baten eta atxikimenduaren adierazteko molde solidario bat, perspektiba aurrerakoian. Praktika horiek saihesten dute hemen faxismoaren aintzinatzea beste eskualdeen heinekoa izan dadin. Hori izan dadila mundo ekologista eta aurrerazalearen inspirazio iturri, poderean direlarik dena suntsitzen duten eskuin mutur honi eta diruaren erlijioari beharrezkoa den alternatibaren ber-eraikitzeko momentoan.

Baionan, 2017ko apirilaren 24an

Bizi!