Maiatzaren Lehena: Alda eta Bizik antolakuntza kolektiboa kontuan hartzen dute

Alda eta Bizi! elkarteek elkarrekin manifestatu dute ostiral honetan, maiatzaren 1ean, Baionan, mundu jasangarri eta solidario bat eraikitzeko antolakuntza kolektiboaren garrantzia gogorarazteko. Kontzertu, animazio berezi eta koloretsuaren bidez, bi elkarteek esperantzaz eta borrokatzeko nahikeriaz beteriko  mezua zabaldu dute gaur egungo krisi anitzei buru egiteko.

Dena antolakuntza afera da”, “Elkarrekin irabazten dugu”: lelo horiekin abiatu da Bizi eta Aldak antolaturiko besta giroko jende lerroa, umoretsua eta deliberatua, Baionako tren geltokitik, 2026ko maiatzaren 1 honetan. Deialdian kolore biziak eramatera gomitatu dute, “inposatu nahi diguten mundu ilunari buru egiteko”.

Banderolak, pankartak eta banderak eskuetan, manifestazioa hiriko karriketan barna ibili da, elkarteen soinudun kamioiaren gainean kokatua zen III – Hirukote taldearen doinuak lagun. Ibilbide osoan zehar, eskuin muturreko sinboloz eta multinazionalen logoez (Airbnb, Bayer edo Total) apainduriko jaka handidun irudiak erakutsi dira, eta ibilbidearen bukaeran, Gaskoien plazatik hurbil, pintura koloredunez kukutu dituzte manifestariek.

Esperantzaz eta borrokatzeko nahikeriaz beteriko  mezua zabaldu nahi dugu. Berriek etsigarriak eta askorentzat ezin aldatuak iduri dute, eta miliardunek ezintasun sentimendu hori eta indibidualismoa elikatzen dituzte beren interesak babesteko”, azaldu du Eneko Bellan-ek, Biziko bozeramaileak.

Banatu duten esku-orrian, elkarteek honakoa azpimarratzen dute: “Trumpek eta haren aliatuek nazioarteko zuzenbidea zangopilatzen dute. Eskuin muturrak bere eragina mundu osoan zabaltzen du.Aberastasunen arloan  desberdintasunak sekulan baino handiagoak dira. Miliardunek komunikabideak erosten dituzte eta beren ideologia zabaltzen dute. Biziaren, etxebizitzaren, energiaren  kostuak bizia ezinezkoa bilakatzen die klase herrikoiei. Mundu mailako klima-aldaketaren mehatxua  ez da kontuan hartua.”

Euskal Herri edo nazioarte mailako atzoko eta gaurko mobilizazio arrakastatsuen adibide frango aipatuz, bi elkarteek sindikatuetan, kooperatibetan, elkarteetan, auzo kolektiboetan eta abarretan inplikatzera deitu dute.“Edozoin izanikan ere gure ibilbideak, gaitasunak edo denbora libre maila, balio bilakatzen ahal gira elkarrekin jardunez gure egunerokoan bizi ditugun bidegabekeriei edo haserretzen gaituzten berriei buru egiteko. Dinamika hori gabe, gaur den Euskal Herria arras desberdina litaike, eta etorkizuneko norabidea marrazteko parada badugu. Norberaren baitan hesteko ordez, landu dezagun ekintza kolektiboa gaurko eta biharko erronkei buru egiteko!” ondorioztatu du Ainize Butron-ek, Aldaren bozeramaileak.