11 000 jendek manifestatu dute Parisen, bakearen alde Euskal Herrian

 

 

Bakea Euskal Herrian : orain presoak !

11 000 jendek manifestatu dute Parisen

Antolatzaileen hastapeneko helburua -hots Parisen 5000 jende biltzea euskal presoak eta familiak hunkitzen dituen salbuespen erregimenarekin bukatzea eskatzeko- gainditua izan da ausarki. Azkenean, 11 000 jende ginen abenduaren 9an Bakegileak eta Bake bidearen deiari erantzuten, urte hastapenean iragan zen ETAren armagabetzearen manifestaldi ohargarriaren ondotik frantses gobernuari Euskal Herriko bake prozesuan parte hartzea eskatzeko.

Euskal Herriko hautetsiek eramandako « Bakea Euskal Herrian : orain presoak ! » banderola, Euskal Herriko auzapezen Biltzarreko presidentea eta joan den uztailetik justizia ministerioarekin eztabaidak eramaten dituen delegazioak (*)  manifestaldia ireki dute 12:30tan. Lehenago, Euskal Herritik trenez, autobusez edo bide oroz etorri ziren milaka jende hasi ziren elkartzen Montparnasse inguruan, goizeko 11etatik goiti.

 

 

 

200 hautetsi eta gizarte zibilaren ordezkarik manifestaldiaren lehen lerroak osatzen zituzten, haietan Euskal Herriko auzapez eta eragile ugari eta Frantziako beste pertsonalitate batzuk, Alain Lamassoure, Benoit Hamon, Emmanuelle Cosse, Frédérique Espagnac, Cécile Duflot, Jose Bove, Ugo Bernalicis, Mr Gayot, Philippe Poutou…

Ondoren, Frantzian eta Espainian espetxeratuak diren euskal presoen familiek osatu dute jende lerroa, euskaraz eta frantsesez idatzitako « Etxean nahi ditugu ! » banderolaren lemapean.

Hauxe da jendaldea ! ETAren armagabetzea antolatu zuten Bakegileen zapi urdina janzten zuten askok. Euskal Herritik nagusiki etorritako jendez beteriko manifestaldia, baina Frantziatik bakea eta presoen aldeko aldarrikapena sustengatzera etorri ziren beste ehunka jende ere hor zeuden.

 

 

Fabienne Servan Schreiber film produktoreak hartu du lehen hitza, « Betiereko balore unibertsal hauen izenean bildu gara gaur, gatazkari konponbide bat atxemateko Euskal Herrian ematen diren indarrak bermatzeko eta sustengatzeko. Etorri da bake justu eta iraunkor baten baldintzak finkatzeko garaia ».
Irakurri bere hitz hartzea

Joana Haranburu euskal preso baten alabak zehaztu du : « Azken urte hauetan pausuak egin dira euskal gatazka politikoa konpontzeko, bake iraunkor batera heltzeko. Baina presoak eta beren ahaideentzat, haurrak, burasoak, aitatxi-amatxiak, lagunentzat… ametsgaizto berdina izaten da, ez da ezer aldatu, oraino gaitzago ez bada ».
Irakurri bere hitz hartzea

Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak zehaztu ditu manifestaldiak eramandako aldarrikapenak : « Aski da orain, euskal presoen dispertsio politikarekin bukatu behar da, zuzenbidea aplikatu behar da ! Eri diren presoak askatu ! Baldintzapean izan daitezkeenak askatu ! »

Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza eta Euskal Herri Elkargoko Presidenteak ahobatezko sustengua oroitarazi du « Elkargoan ordezkatuak diren euskal gizartearen alde guziek dakartzate aldarrikapen hauek, Euskal Herrian bake iraunkor baten alde egiten du elkargoak ».

Michel Berhocorigoin, Luhuson atxilotutako Bakegileak gehitu du : « Urgentziazko neurri hauek konponbide eta elgar bizitze perspektiba osoago batean sartzen dira. Noski euskal presoak eta erbesteratuak Euskal Herrira itzuli beharko dira, eta biktima guziak ezagutu beharko dira, egia eta konponbidea zaintzeagatik ».

Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko Presidenteak ideia berarekin segitu du : « Gure irudimenaren beharra dugu urte pisu hauetako eragile guziak -egin dutenak eta sufritu dutenak- onartzen dituen mekanismoa eraikitzeko », eta bururatu du « Indar handi batekin erraten dugu : espainiar eta frantses gobernuek beren jarrera aldatu behar dute eta bakearen bidean lagundu behar gaituzte. Ez dadila inor oker ibili, ez dugu amore emanen ».
Irakurri bere hitz hartzea

(*) Delegazioarako presente zirenak : Michel Berhocoirigoin, Anaiz Funosas, Michel Tubiana et Jean René Etchegaray.

Parlamentariak : Frédérique Espacgnac, Pririneo Atlantiketako senataria (LR) ; Vincent, Bru, Pirineo Atlatiketako diputatua (Modem Apparenté), Denise St Pé, Pririneo Atlantiketako senataria (Union Centriste), (LR) , Max Brisson, Pririneo Atlantiketako senataria (LR)

Beraiekin : Lucien Betbder, Auzapezen biltzararen lehendakaria et Xabi Harrispe, LREM-ko ordezkaria et Michel Veunac, Miarritzeko auzapeza