Zer toki Garazin bizikletarentzat?

Donibane Garaziko klima martxa 2019/05/25

Bizi! Barnekaldek eta Avenir Garazi-Baigorrik 2019ko maiatza eta agorrila artean eraman inkestaren txostena

2019ko maiatza eta agorrilaren artean, Bizi! Barnekalde eta Avenir GB elkarteek inkesta bat eraman dute non 142 pertsonak galdezkatuak izan diren Garazin gaindi txirrindulak duen tokiari buruz. Gaur egun ezin ezeztatuzkoa den aldaketa klimatiko baten ondorioetaz kezkatuak eta « dena autoari » alternatibak eskaintzeko arloan diren posibilitateetaz jakinean, jadanik zonbait ideia baginituen gure lurraldean bizikletaren praktika sustatzeko. Baina funtsezkoa iduri zitzaigun xede hori biztanleen egiazko beharrarekin bermatzea. Ondorioz, hara hemen galdezketa honen zonbait erantzun, dokumento gehigarrietan zehaztuak direnak.

Galdeketari erantzun duten gehienak Garazi aldean bizi dira (laurdena Donibane Garazin berean). %43,70ek diote « noiztenka » bizikleta egiten dutela eskualde hortan eta %21,80ek «erregularki». Gutti gora behera erregularki bizikileta erabiltzen dutenen artean, ia %74ak txirrindula erabiltzen du bere aisaldientzat edo toki aldatze pertsonalentzat (%58,50ak). Haietarik %23ak bakarrik erabiltzen du bizikleta bere lantokira joaiteko.

Bizikleta ez dutenek erregularki egiten, gehiengoan aipatzen dute « bizikleta bide eskasa » (%55,40) edo/eta «autoekiko segurtasun eskasaren sentipena (%50). Erreliebea arazo bat dela diote haietarik %25,9k.

Garazin gaindi, txirrindularientzat bideen balizko arriskuari buruzko galderari, erantzuna ia ahobatezkoa da: galdezkatuen %83,8-ak ez ditu seguruak atxemaiten. Kritika gehien lortzen dituzten guneak Donibane Garaziko hiri-barnea eta karrika nagusia (%38,7) dira. Ondotik ardatz nagusiak (Baionako eta Donapauleko Bidea %20,7). Loturik den kartak ixtripu sortzaile bezala kontsideratuak diren guneen ezagutzeko parada eskainiko dautzue. Bertan agertaraztea erabaki dugu bakarrik guttienez 3 pertsona ezberdinek aipatzen zuten gunea. Besteak bilduak dira dokumento gehigarrietan.

Bizikletei segurtasun gehiago ekartzeko parada luketen antolaketek, bizikletendako ibilbideen sortzea (%89,60) heltzen da beste aterabideen aitzinean (seinaletika hobe bat, bide batzuren zabaltzea, ibilbide zehatzak,…). %31,8rentzat, Donibane Garaziko erdigunean eta bide nagusian « bizikletendako ibilbide berezien antolatzea egoki litaike». Azpimarratzen dute bereziki komertzioetara, eskoletara,, kirol geletara, eta beste aisialdi guneetara heltzeko, bereziki haurrentzat,inportantea dela. Alabainan, heldu batzu bizikletaz ibiltzen badira beren beldurrak gaindituz, duda gehiago dituzte beren haurrekin ibiltzeko bide segurtaturik ez bada ageri. Bizikleta ainitz maite dutenetan, arriskutsua agertzen diren guneetan, bide nagusiak bizikletentzat bide proprio batekin antolatu behar diren tokietan bigarren postuan agertzen dira (%17,3)

Garazi aldean, bizikleta ibilbide berezien eskasa bizikletaren erabilpenarentzat arrasta argia da. Galdezkatuen %78,9ak «bidean segurtasun gehiago sendituz beren bizikleta erabiliko luketela» erraiteak argi uzten du.

Galdezkatuak diren %67,4ek lasaitasun osoan bizikleten lotzeko guneen gaiari erreakzio bat ukan dute : Postan, Eskola aitzinean, Jai Alai-ean,… Galdera pixka bat sakontzean, ohartzen gira, egitura beharretik harat, horri lotua den seinaletika ere biziki inportantea dela. Alabainan, azpiegiturarik gabe bezalakoak aurkeztuak diren guneetan, gune batzuk jadanik minimoak badituzte:Herriko Etxean (galdezkatuak direnetan ainitzek ez dituzte ezagutzen Cité administrative-ekoak).Merkatu Estalian (udan astelehen goizetan ezin erabiliak aitzinean ezartzen zaion talo kamioiaren gatik) edo Turismo Bulegokoak (non, usu motoak aparkatzen diren)

Galdezkatuak direnen artean ia adostasun osoa lortzen duen beste pundu bat: «turismoaren arloan segurtatuak litaizken bizikleta ibilbideek zer ondorio?»: % 92,3k diote guttiestekoa ez den abantail bat dela.

Galdeketa horren berezitasun bat izan da, bertan parte hartu dutenen ez usteko esku hartzea. Alabainan, haien erantzunak usu zehatzak ziren eta horrez gain, aholku biziki interesante batzu emanak izan zaizkigu. Hara loturik diren dokumentoetan atxemanen duzuenaren aitzin jasta bat, gehienik agertzen eta argigarrienak direnen bilduma bat: herrien partez bizikleta (elektriko edo ez) prestatzeko edo alokatzeko sistema baten plantan emaitea, bizikletaren promozioaren egiteko operazio bat, haren erabilpena egunerokotasunean indartzeko eta horren bidez auto lerroen ttipitzeko, herrien arteko garraio publikoaren indartzeko, oinezko edo bizikletazkoentzat zubixken eraikitzea Errobiren edo/eta trenbideen gainean, bideak hertsiak direlarik, alde bateko espaloi baten antolatzea bizikleta bide moduan eta bestea oinezkoentzat, lehengo trenbideen erabiltzea mobilitate molde ezberdinek bakarrik erabilzeko, datozen bide antolaketen karietara bizikleta bideen plantan emaitea kausitzea.

Txosten osoa beherean atxemanen duzue: