Return to Lana

Bihar, 10 000 enplegu klimatiko Iparraldean

Zentral nuklearrak, Ikea, bide garraioak, AHTaren bide berria edo «Notre Dame Des Landes» aireportua, 2X2 bideak, Genetikoki Eraldatutako Organismoak, Lacaune ardiekilako lantegiak edota 1000 behitako etxaldeak, hots erregularki inposatu nahi dizkiguten katastrofe sozial edo ingurumen-hondamendiak, horiek guziak beti molde berean erakutsiak dira, hau da «Enpleguarendako ona da».

40 urtez hazkundearen sineskeriak, produktibismoaren aldeko lasterketa eroak, lurraldearen antolaketak eta garraioen biderketak, baliogabeko eta inposatutako xede handiek sekulako langabezia, ezberdintasunak eta frustrazio sozialak baizik ez dizkigute ekarri, bai eta ere gure gizartearen, deshumanizatzea eta oreka ekologiko handien arriskuan ezartzea, biziki fite areagotzen eta lastertzen ari den nahasmendu klimatiko izigarriarekin hasiz.

Politika klimatikoa eta tokiko enpleguak:

Conférence de presse de présentation de l'étude

Conférence de presse de présentation de l’étude “10 000 emplois climatique en Pays Basque nord”

Zertako ez dituzte agerian emaiten «Enpleguarendako ona da» teoriaren aldeko defendatzaile sutsu horiek Ikea edo laborantzaren industrializazioak kopuru oraino handiagoan desagertarazten dituzten enpleguak? Zergatik ez dute sekulan aipatzen, nuklearrak irensten duen alimaleko diru zamarekin, bizitegiak isolatzeko edo energia berriztagarriak garatzeko sailetan, zenbat enplegu sortzen ahal diren? Egia erraiteko, ez digute nehoiz aitortzen zenbat enplegu sortuko lukeen beste politika batek, beste gizarte eredu batek. Bizi! aldaketa klimatikoaren kontra eta trantsizio ekologiko eta sozial anbiziotsu baten alde borrokatzen den mugimendua da eta aspaldidanik galdera hau gogoetatzen du.

Hegoaldean gehiengoa duen langile konfederazioa den ELA sindikatuarekin bildu gara, ikerketa bat eginarazi baitu hegoaldean zenbat enplegu berde sortzen ahal diren jakiteko. Klimaren eta trantsizio energetikoaren arloan biziki sentsibilizatuak diren sindikatu honen arduradunek harremanetan sartu gaituzte ikerketa horren egilea den Jose-Ramon Becerra-rekin.

Jose-Ramon Becerra ingeniaria da, segurtasun industrial, energetiko eta ingurumenetako gaietan berezitua. Aspaldiko militante ekologista da. Kontsumo arduratsuen gaietan ari den Ekokontsumo federazioko idazkaria izan da. Gaur egun Equo talde ekologistako bozeramailea da.

Proposamen egingarriak:

Becerra jaunak onartu du Bizi-rentzat ikerketa bat egitea horren bidez erakusteko zenbat enplegu eta nolakoak sortzen ahal litezkeen Iparraldean, trantsizio energetiko eta ekonomia birtokiratzeko anbiziozko politika plantan ezartzen balitz. Horrelako politika klimatiko batek hainbat arlotan hautu zehatzak behartuko lituzke: laborantza, industria, neurritasun energetikoa, energia berriztagarriak, bizitegien zaharberritze energetikoak, mugikortasun jasangarria, hiriko hondakinen birgaitzea, ekoizpen batzuen birtokiratzea, zirkuitu laburrak eta hurbileko saltegiak…

4 hilabetez, Becerra jaunak anitz bilaketa eta azterketa egin du, eta pixkanaka eskuetan duzuen txostena idatzi du. Auzolan taldeak (Bizi-n sail sozialak lantzen dituenak) erregularki berrirakurriz eta bere dokumentu bilaketetan lagunduz parte hartu du lan horretan.

Hautua egin dugu hipotesia kontserbadoreenak erabiltzea bakarrik, eremu bakoitzean edo neurri bakoitzaren arabera, enplegu sortzeen potentzialaren estimazio ttipiena erabiltzea, emaitza fidagarrienetara heltzeko xedearekin. Ber maneran ere, hautatu dugu, Estatu mailako lege aldaketa

baten beharra ukan gabe, tokian bertan gauzatzen ahal diren politikak ikertzea. Adibide gisa, lana partekatzearen aldeko politika boluntarista batek argiki langabeziaren borrokatzea ahalbidetuko luke, eta hori lehen gaien eta energia primarioen gainean presioa goititu gabe, bai eta jada martxan den nahasmendu klimatikoa larriagotu gabe ere. Hots, lanaren partekatzea, politika klimatiko baten osagai naturala litzateke, baina ez dugu gure ikerketan konduan hartu, zeren tokian errotzeko xedea du, lurralde batetara mugatuz, hots Bizi! mugimenduaren ekintzarentzat erreferentzia gisa erabiltzen den Ipar Euskal Herriko eremura eta haren 290 000 biztanleetara mugatuz.

Gaur aurkezten dizuegu beraz Jose-Ramon Becerra-k egin duen ikerketa. Ikerketa horrek erakusten du Ipar Euskal Herrian politika klimatiko anbiziotsua eramana balitz nola 10 000 enplegutik gora sortzen ahal liratekeen, jakinez kopuru hori konparatu behar zaiola gure lurraldean, 2015eko urtarrilean ziren A kategoriako 15 883 langabetuei (azken hilabetean nehongo aktibitaterik gabe zineak).

Eztabaidarako ekarpena:

Zuen irakurketari eta gogoetei aurkezten diegu ikerketa hau. Zuen gaitasun, esperientzia, lekuko eta alorreko ezagutzak lagun, ez duda eta egin zuen oharrak, igor zuen iruzkin, zuzenketa proposamen, emendakin edo ekarpenak.
Alde kuantitatibotik haratago, ikerketa honek Ipar Euskal Herriarentzat egiazko trantsizio politika bat marrazten du. Ikerketa hau, urtean zehar, jendarteari, Iparraldeko bizitza politiko, ekonomiko eta sozialeko, bai eta ingurumenaren eta kultur arloko aktore ezberdinei ere erakutsiko diegu. Guretzat eztabaidari egiten zaion ekarpen bat da, gure lurraldean ekonomia, komertzioa, laborantza, energia, lurralde antolaketa, garraio eta hondakinen politikan, etab. egiten ahal diren hautu kolektiboen arloan. Aberastuko dugu eta emendakinak gehituko dizkiogu, sortuko dituen iruzkinen araberan. Zuen aldi da orain.

Gure lurraldearentzat eta bertako biztanleentzat etorkizun jasangarria aitzin-ikustea ahalbidetuko diguten trantsizioak, gaurdanik elgarrekin eraiki ditzagun.

DSCF3570

Ikerketa honen sakontzeaz eta zabaltzeaz interesatuak direnak gomitatuak dira Bizi!ko Auzolan taldearekin harremanetan sartzerat (info@bizimugi.eu).

[gview file=”https://bizimugi.eu/wp-content/uploads/2015/04/WEB.Etude-10-000-emplois-climatiques-en-Pays-Basque-nord.pdf”]

https://bizimugi.eu/wp-content/uploads/2015/04/WEB.Etude-10-000-emplois-climatiques-en-Pays-Basque-nord.pdf