Irratiaren soinua itzali edo jautsi dezakegu publizitatea badenean, telebistako publizitatearen tartean kanalaz aldatzen ahal gira, iragarkien blokeatzaileak erabil ditzakegu interneten… baina ezin dugu begiak hetsirik eremu publikoan ibili. Publizitate-euskarriak ugariak dira, gero eta gehiago kontzentratuagoak hainbat gunetan, eta publizitatea geroz eta intrusiboagoa da: formatu handiko publizitatea, argiztatua edo animatua, etab. Espazio publikoetan publizitatea guri nagusitzen zaigu. Publizitatearekin, “kontsumoaren ideologia kontsumitzaileak arnasten duen airea da”1.
Elikadurari, garraioari, klimari eta osasunari dagokienez, publizitatearen mezuek Euskal Elkargoaren helburuen kontrako bizimoduak hartzera bultzatzen gaituzte. Ekintzara pasatzeko aukera paregabea dugu: publizitateari buruzko herriarteko araudi bat prestatzen ari da eta Ipar Euskal Herriko 158 herriei aplikatuko zaie.
Aitzinamendu garrantzitsu eta behartzaileak lor ditzakegu 2025ean elkarrekin mobilizatzen bagara!
12 arrazoi gure lurraldea publizitatetik babesteko
1. Bioaniztasuna
“Argizko kutsadurak animalien portaera nahasten du, bai eta haien funtzio fisiologiko eta metabolikoak ere (joan-etorriak, ugalketa- eta garapen-zikloak, harrapakinen eta harraparien arteko harremanak, etab.).
Adibidez, argizko kutsadurak gaueko hegazti migratzaileak trabatzen ditu, haien ibilbideetatik desbideratuz eta, ondorioz, haien ugaltzea edo bizirautea mehatxatuz. Bestalde, argizko kutsadura intsektuen populazioen gainbehera masiboaren eragileetarik da, akiduraren edo erreduraren ondorioz heriotzak eraginez, baita gehiegizko ehiza ere”2.
2. Klima
Publizitateak zuzenki eragiten du berotegi efektuko gas anitz isurtzen duten ondasun eta zerbitzuen kontsumoa, besteak beste hegazkinez bidaiatzea edo SUVak erostea. Greenpeacek, “Publizitate klima-eraileari Stop” kanpainaren barnean, hau azaltzen du : “Klimarentzat kaltegarriak diren produktuak esperientzia faltsuki goresgarriekin lotzean, publizitateak beroketa globalaren errealitatea estaltzen du, eta haren larriagotzera bultzatzen gaitu. Klimari buruzko Herritarren Konbentzioak 2020an gomendatu zuen berotegi efektuko gas gehien isurtzen duten produktuen publizitate oro debekatzea.3
Orokorkiago, ideologia kontsumerista hedatzeko tresna garrantzitsua da publizitatea, hazkunde materiala, baliabideen xahutzea zein klima aldaketaren erantzule diren berotegi efektuko gas gero eta gehiago isurtzea elikatzen dituena. “Kontsumoaren ideologia kontsumitzaileak arnasten duen airea da”
3. Hezkuntza
Publizitatea espazio publikoan eta eskolen inguruan zabaltzeak ideologia kontsumeristaren, jan txarraren, alkohol kontsumoaren eta abarren eraginpean jartzen ditu haurrak.
4. Energia
Publizitate argidunak, bereziki publizitate pantaila digitalak, energia kontsumo alferrikakoak dira. Panel numeriko batek urtean batez beste 2.000 kWh kontsumitzen ditu, hau da, frantses Estatuko etxe baten urteko argindar kontsumoaren baliokidea (berogailuaz kanpo), ADEMEk adierazten duenez.
Gure lurraldeak energia burujabetasuna lortuko du, energia fosilak alde batera utzirik, bakarrik bere energia kontsumoa handizki beheititzen baldin badu. Premiaz debekatzekoak diren behar gabeko energia xahutzeetan sartzen da publizitate argiduna.
5. Askatasunak
Publizitate mezuen bidalketa norabide bakarrean egiten da, erantzuteko ahalik utzi gabe. Sistema honek espazio publikoan adierazpenaren monopolioa badu, eta azken hau pribatizatzen du denetan dagoelako. Espazio publikoko publizitatea inposatzen zaigu.
Pantaila digitalek gure arreta are gehiago berenganatzen dute eta kaltegarriagoak dira, Mehdi Khamassi neurozientzia ikertzailearen lanek erakusten duten bezala
6. Paisaiak & bizi ingurumena
Paisaia naturalen eta gure herri zein hirien itxura ederra itsusteko faktorea da publizitatearen eta iragarkien ugaritzea. Ipar Euskal Herrian, salbuespen batzuek ahalbidetzen dute, adibidez, “hiri altzarien” ezartzea ondare gune ohargarrietatik hurbil.
Iragarki distiratsuek, baita digitalek ere, gauez argi kutsadura iturri berri bat gehitzen dute, gure bizimoldea hondatuz. Argi lainoxka areagotzen dute, “gizakiak zeruko izarrekin duen harremana galaraziz”: ondare komun hori atxiki behar dugu4.
7. Ekonomiaren birtokiratzea
Frantses Estatuan, enpresen %1,6ak baizik ez du iragarkirik erabiltzen. Horien artean, merkatuaren erdia 200 iragarlek monopolizatzen dute5. Beraz, urrun gira eskualde garapenaren eta tokiko merkataritzaren zerbitzurako tresna izatetik.6
8. Osasun publikoa
Gizenegiak, sukratuegiak edo gaziegiak diren produktuen gehiegizko kontsumoa asko bultzatu du 2023an laborantzako elikagaien sektoreak, 5.500 milioi euroko publizitate eta komunikazioak eginez (Elikadura Osasunerako Programa Nazionalaren komunikazio-aurrekontua baino 1.000 aldiz gehiago: egunean 5 fruitu edo barazki jan behar direla diona). Elikadura molde honek obesitatea, anorexia eta diabetesa sustatzen ditu.
Alkohola edo apustu jokoei buruzko iragarkiek adikzioak sortzen dituzte. Gainera, bezeroen erostera bultzatzeak, frustrazioa eta zorra egoerak ere sortzen ditu.
9. Bide-segurtasuna
Publizitatea bide-erabiltzaileentzako arrisku bat da, arreta desbideratzen duelako, istripuak eraginez. Elkarguneetatik hurbil diren pantaila digital animatuek arrisku hori oraindik gehio areagotzen dute.
10. Sexismoa
Sexismoa eta emazteen gorputzen sexualizazioa biziki presente dira publizitatean, genero estereotipoekin, bortxaketa kulturarekin, dominazio egoerekin (itxura hutsezko emaztea, emazte menderatua) eta haurren sexualizazioarekin iragarkietan. Publizitate Sexistaren Behatokiaren bigarren txostenak balorazio lehergarria egiten du.
11. Kontsumo jendartea
“Logika ekonomiko kapitalistak pertsonak kontsumitzera bultzatzen ditu, publizitateari esker beren ongizaterako ezinbestekoak ez diren produktu gero eta gehiago. Horretarako, publizitateak, alde batetik, kontsumitzaileetan, behar eta desio berriak sortzen lagunduko du, eta, bestetik, jadanik beren esku dituzten produktuak berritzera animatuko du”7.
Frantses Estatuan, enpresen %1,6k bakarrik publizitatea egiten du. Horien artean, merkatuaren erdia 200 iragarle handik monopolizatzen dute.«Enpresak finantza-kapital handia mobilizatu behar du eta gero, komunikazio kanpaina ezberdinen bidez, kapital sinboliko bilakatzen saiatu behar du. Muturreko aberastasuna da parte hartzeko ezinbesteko baldintza»8.
Publizitateak kontsumoaren bidez sozial arloan igotzea hitzematen du. «Jendeek sozial arloan igotzea nahi dute, eta hori gaineko edo ondoko mailako klasea imitatzetik badator. Honek, horrela, hondakinen ideologia jendartean zabaltzen du»9
12. Bizi-moldeen bateratzea
EHZ festibaletik euskararen defentsara eta tokian tokiko kultur praktiken ugaritasunetik pasatuz, gure lurraldea aberatsa da bere berezitasunean eta nortasunean. Alderantziz, publizitateak zapalgailu funtzioa betetzen du World Companyren zerbitzuko, bere irudimen berezia, bere arauak eta bere praktika kulturalak mundu osoan inposatuz.
hPTA handinahi baten alde mobilizatu
hPTAren erronka
Herriarteko Publizitateari buruzko Tokiko Araudiak (hPTAk) tokian tokiko kanpoko publizitatea, entseina eta aurreseinaleak arautzen ditu. Euskal Elkargoak Herriarteko Publizitateari buruzko Tokiko Araudiaren (hPTAren) gomendioan gogoratzen duen bezala, bere “helburua da Estatuko araudiak baino arau murriztaileagoak aplikatzen diren eremu bat edo gehiago zehaztea”.
2020. urte bukaeran abiatu den Herriarteko Publizitateari buruzko Tokiko Araudiak (hPTAk) Euskal Elkargoko 158 Herriko Etxe hunkituko ditu. Orientazio orokorrei buruzko diagnostiko eta eztabaida faseetarik landa, gaur egun, elkar aditze fasea martxan da, definitzekoak diren eremuen eta bertan aplikatuko diren araudien inguruan diren, herri, elkargoko kontseilari, elkarte, iragarle eta bizilagunekin. Proiektua 2025eko ekainean bukatzeko xedea bada, eta, ondotik, lotuak zaizkion pertsona publikoen iritzi biltzea eta inkesta publikoa eginen dira 2026ko otsailean onartua izan aitzin
Momentu honetan faserik garrantzitsuenean gira: hemendik 2025eko ekaina arte erabakiko da funtsezkoa, eta ondotik aldaketak bigarren mailakoak izanen dira.
(sur un abri voyageur)
Gure 9 proposamenak
Herriarteko Publizitateari buruzko Tokiko Araudiak (hPTAk) ez du ahalbidetzen askotan alderdirik problematikoena den iragarkien edukia arautzea. Horregatik, Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboak babesik sendoena defendatzen du publizitate-mezuen esposizioa ahal bezain bat murrizteko.
Etor gurekin
Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboaren ekintza
Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboa 2019an sortu zen, Euskal Kosta eta Aturri aldea (Baiona, Miarritze, Bokale, Bidarte, Angelu) eremuko Tokiko Publizitatearen Araudia garatzeko. Kolektiboaren helburua gure lurraldeko energiak biltzea da, kanpoko publizitatearen presioari buru egiteko. Orain arte, hainbat erakunde biltzen ditu: CADE, Bizi!, Paysages de France eta Résistance à l’agression publicitaire
Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboak aktiboki parte hartu zuen kontsultaren lehen faseetan. Fase ezberdinetan informazioa eta proposamenak gutun eta posta elektronikoz herriko etxera, elkargoko hautetsiei eta gidaritza batzordeko hautetsiei bidaliz, kolektiboak hainbat alditan topatu ditu hPTA-ren ardura duten hautetsi eta funtzionarioak. Herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina bat zuzendu zuen, 3.600 pertsona baino gehiagok sinaturiko petizioa banatuz, gutun irekiak plazaratuz eta bortizkeriarik gabeko desobedientzia zibileko hainbat ekintza antolatu zituen iragarkiak kukutuz, kenduz, itzaliz edo parodikoki berrerabiliz.
Mobilizazio horren ondotik, hautetsiek hainbat aldiz baieztatu dute lurraldean kanpoko publizitatea azkarki murrizteko nahia. Hala ere, kolektiboak deitoratu du agerian emana den boluntarismo horrek ez duela adierazpen zehatzik aurkitu jarraibide orokor argi eta anbiziotsuen formulazioan. Hauek lauso gelditu dira baina hautetsiek segurtatu dute beren asmoak zonaldeen eta bertan beteko diren arauen hautuan agertuko direla.
Nola parte hartu
Molde asko badira kolektiboaren jarduerak laguntzeko, edozein izanikan ere bakoitza duen denbora librea: bikura publikoetan parte hartzea, sare sozialetan komunikazioa, afixaketa-kanpainak, publizitate kukutze edo desbideratze bortizkeriarik gabeko ekintzak, argumentazio idaztea, ekitaldiak antolatzea…
- La fabrique du consommateur, Anthony Galluzzo, 2020 ↩︎
- https://zerowattpourlapub.org/ ↩︎
- https://propositions.conventioncitoyennepourleclimat.fr/objectif/reguler-la-publicite-pour-reduire-les-incitations-a-la-surconsommation/ ↩︎
- À la reconquête de la nuit, ministère de la transition écologique, 2018 ↩︎
- La communication commerciale à l’ère de la sobriété. Institut Veblen, 2022 ↩︎
- La communication commerciale à l’ère de la sobriété. Institut Veblen, 2022 ↩︎
- Publicité : pour une loi Evin climat, Greenpeace, Réseau Action Climat, Résistance à l’Agression Publicitaire ↩︎
- La fabrique du consommateur, Anthony Galluzzo, 2020 ↩︎
- Comment les riches détruisent la planète, Hervé Kempf, 2007 ↩︎