Gure lurraldera etortzen diren jendeen herstura eta behar gorriak ikusten ditugularik, argi gelditzen da ekiteko presa handia badela. Etorkinen erronka gure borroken parte da, ezin dugu bereizi.
Jatorriz Lille-ekoa, Ziburun bizi naiz 2013tik geroz. Hemen gustora bizi naiz. Trebatzaile eta psikologo ofiziokoa naiz, trantsizio bide luze batean, finantza mundutik nator eta. Bizi!n parte hartzea enetzat oso naturala izan da. Mugimenduaren helburuekin eta lan egiteko moldearekin bat egiten nuen: sinpletasuna, eraginkortasuna, gardentasuna. Bertan atxeman ditut nere ber galderei sentsible ziren egitura eta pertsonak. Bizi! Larrun tokiko erronken konduan hartzeko lan taldean parte hartzen dut bai eta ere etorkinekin elkartasunezko kanpainan. Bozeramaile bezala arizan naiz martxoaren 24ean Europako biribilguneko eta apirilaren 3an Hendaiako erretentzio zentroko ekintzetan. Bizi!n, etorkinen gaia jorratzen duen lan talde bat sortu dugu, ber arloan ari diren Ipar Euskal Herriko beste elkarteekin batera arizaiteko. Gure lurraldera etortzen diren jendeen herstura eta behar gorriak ikusten ditugularik, argi gelditzen da ekiteko presa handia badela. Gu bezalako herri aberatsen ardura argia da aldaketa klimatikoaren, gerlen eta miseriaren arloan. Etorkinen erronka gure borroken parte da, ezin dugu bereizi. Bizi !ren kanpaina guziak bezala, etorkinena bi oinen gainean dabil: kritika/salaketa (uztailaren 14eko martxa, errugabeen erretentzio zentroetan presondegiratzearen eta geriza-immigrazioa legearen kontra) eta ekintzak: harrera indartu, elkartasun gehiago aitzinean emanez. 2018ko urrian iraganen den Alternatiban, etorkinen gaiak presentzia handia ukanen du.