“Beste zibilizazio eredu bat plantan eman behar da, planeta errespetatzen duena.”
Betidanik naturak interesatzen nau. Oroitzen naiz nola gaztaroan gizon bitxi bat ikusi nuen telebistan. Bere aurrean, mahain baten gainean, sagar bat eta ur baso bat bazituen. Etorkizunean gauza garrantzitsu eta arraroak bilakatuko zirela azaltzen zuen. Hori entzunez izitu nintzen. Gizonak René Dumont zuen izena, agronomoa eta ekologista zen (garai hortan ekologismoa ez zen biziki aipatzen). Giscard-en parean ari zen hauteskundetan (1974an). Geroztik lurrak eta gizakiak jasaten dituzten kalteek hunkitzen naute.
2009an hasi naiz Bizi!rekin. Lehen ekintzek halako bat egiten zidaten, gogoetagarriak eta xuxenak zirelakotz, eta batez ere euskara aitzinera emana zelakotz. Kopenhage-ko goi-bilera hurbiltzen zela, Bizi-ren bilkura batean parte-hartu nuen eta geroztik ahal dudan bezala laguntzen dut. Gaur egun itzultzaileen taldean ari naiz eta Bizirik irrati emankizunean parte-hartzen dut, baita artetan antolatzen diren ekintzetan ere.
Ni bezalako jende batzuekin biltzeak lasaitu nau, elkar trukatzen dugu, saiatzen gira jendartea sentsibilizatzen, bortizkeririk gabe.
Duela ez hain aspaldi utopistak edo ameslariak bezala ikusiak ginen. Orain onartuagoa da zerbait gaizki joaiten dela mundu honetan, desberdintasunak beti handitzen, bioaniztasuna eta baliabide naturalak murrizten, klima aldaketak bere eraginak areagotzen eta orain errefuxiatuek (klimatikoak laster, neurririk ez badira hartzen) Europako ateak jotzen …
Beste zibilizazio eredu bat plantan eman behar da, planeta errespetatzen duena. Erran nahi du, ene ustez, kapitalismo ero honetatik atera behar dela.