Kanpoko berri: Paueko Kontra-Gailur ez bortitza: konbentzimenduaren indarra segurtasun indarraren kontra

Estatuak aldaketa klimatikoa + 2°C-tik petik atxikitzerat engaiatzen zituen COP21a akordio izenpetuaren tinta oraino fresko zelarik, Pauen MCEDD itsaspeko petrolioaren gailurra antolatua zen. Apirilaren 5etik 7ra, Beaumont Jauregian hitzordua finkatu zuten petrolioaren munduko enpresa haundienek beren arazoetaz arizaiteko: nola gero eta sakonago zilatu ozeanoetan bertatik gero eta gehiago ustiatzeko… gero eta gastu ttipienean.
Ez zen gehiago behar ANV-COP21 mugimenduak bere mobilizaziorako deia egin zezan eta 6 aste ttipitan izigarri eraginkorra izanen zen kontra-gailur bat antola zezan. 500 militante, Bizi !-koak eta beste hainbat saretakoak bildu dira « Itsaslamin Akanpadan » Emmaüs Lescar-Pau-ko herrixkan eta bertan 7 egunez blokatze ikusgarria antolatu dute. Ikusgarria ekintzen indarraren ikus pundutik eta erakutsi duten konbentzimenduaren indarraren ikus pundutik. Ekintza ez-bortitzei buruz zonbait formakuntza ukan ondoren, batzu heldu dira Jauregi ondoetara, bertan lasto eta balakiz babesturik, segurtasun indarren lerroak gainditu dituzte. Besteek, kongresura joaiten ziren pertsonei bertan sartzera ezinezkoa bilakarazi diete. Goizean goiz, beste batzuk kongresulariek erabiltzen zituzten 5 izarreko hotelak ere blokatu dituzte. Lehen egunetik beretik, zonbait militante sartu ziren eszena nagusian kateatuz eta bertan hamar bat minutaz, hitzaldi ofiziala aintzin beren mezua zabalduz… azken eguna arte non militanteek gailurreko logistikaz arduratzen den autoa blokatu duten, gailurra iragan baldin bada ere, ez a baldintza normaletan iragan. Parte hartzaileak eta segurtasun indarrak ezin izan dira gure aldarrikapenen aintzinean deus ez balitz gertatu bezala egon. Bortizkeria eza, ekintza molde guzietan, bakarra da elkarrizketa eta elkar entzutea lehenesten dituenak. STOPMCEDD20160407 (7)