Kanpoko berri : COP21erako bidean

COP20Lima.jepg

COP 21 gailurraren menturan, Bizi!ko bi militanteek Limako COP 20 gailurrean parte hartu zuten 2014ko abenduan.

Zientzialariek zehaztu dute 2015-2020ko denboraldia erabakigarria izanen dela norabidez aldatzeko, munduko tenperaturaren berotzea 2°C-ko mugaren azpitik atxikitzeko, horren gainetik pasatzen baldin bada klima aldaketaren alorreko ondorio latzak izanen baitira.

Horrek erakusten du COP21aren garrantzia handia, hau klimari buruzko nazioarteko negoziaketa gailurra izanen baita. Gailurra 2015eko azaroaren 30etik abenduaren 15era iraganen da, Parisen. Haren helburua izan beharko litzateke nazioarteko hitzarmen baten erdiestea, urrun heldu nahi dena, eraginkorra, hertsagarria eta zuzena, justizia klimatikoaren desafioei, trantsizio ekologiko eta sozialekoei eta nazioarteko elkartasunekoei ihardetsiko diena. Baina mementoko, berotegi efektuko gas gehien isurtzen duten herrien gaur egungo politikak ikusirik, ez da batere segur desafio historiko horren heinekoa izanen den hitzarmen bat erdietsiko dela.

Horrengatik, sare desberdinak (sindikatuak, GKEak, mugimenduak,…) Bizi! barne, elkarrekin, jendarte zibilaren mobilizatzeko eta erabakitzaileen hertsatzeko xedea duen estrategia bat gogoetatzen ari dira. Helburua « Paris 2015 gailurraz zinezko etapa baten egitea da, garaia markatuko duena. Urrun heldu nahi den eta zuzena izanen den egintza klimatikoaren aldeko indar harreman bat agerrarazi nahi da, alor horretako dinamika politiko eta sozialak molde iraunkorrean aldatuko dituena. »

Alternatiba da mobilizazio prozesu ezagunenetarik bat, Europako lurralde osoan hedatzen dituen gertakariekin eta tandemez burutu Itzuliarekin. Bere hedadurari eta bere ondorioei esker, erakusten du estrategia bat egingarri baikorretan bermatzen ahal dela, nahiz eta munduaren egoeraren larritasuna ez den ukatzen. Eragingarri horietarik bat mundu hobe baten eraikitzeko nahia da. Erakusten du ere estrategia hori biziki boluntarista eta erradikala izan daitekeela eta aldi berean bortizkeriarik gabekoa.