Jasone, euskaraz, BIZIren pizgarri!

BIZIko laguntzaile fitxa betetzean, eskukaldi anitz emaiteko prest zinela argi utzi zinuen, eta euskalduna zinela ere baieztatu.

Jakazan/k logistika taldeak kudeatzen dituen txintxuketa atelierretan, segidan, zure ekarpenak egin dituzu, euskararen presentzia eraginkortzeko bide berri batzu aholkatuz eta jorratuz! Zuk diguzu seinaletika elebiduna egiteko aterabide polit bat erakutsi: frantsesera lerratzea saihesteko, euskarazko mezua irudiz laguntzea, erdaldunek ere ulertzeko gisan!!

BIZIren ezaugarrietan atxemaiten den izpiritu erradikal-pragmatikoa, zuk, lan-talde edo atelier ttipienean zehazki eraginez eta, ondotik, eta horrez gain, elkarte osoa euskaraz indartzeko itzulpen taldean eta Euskaraz Bizin lan taldean artoski sartuz deklinatu duzu, besteak beste!

Hori guzia aski ez balitz bezala, Metamorfosi ekologikoaren Ituna Ipar Euskal Herriko hainbat zerrendei aurkezteko xinaurri lanean parte hartu duzu, hor ere zure energia eta baikortasun lagungarria erabiliz. Ondotik, Hitza Hitz lan taldeko Begirale zorrotza bilakatu zira, iaz. Trantsizioaren urrats ttipietarik harat Metamorfosi ekologikoaren Ituna, joan den urteko hauteskundeetan hitzeman bezala, Ipar Euskal Herriko Herriko Etxeetan ongi gauzatua izanen dela segurtatzeko 2020-2026 agintaldian!

Dudarik gabe, BIZIren indarra, zu bezala itzalean ari diren hainbat eta hainbaten lanaren ondorio bihotz pizgarria da!

Milesker Jasone, ekarri diguzun guziagatik, eta zure bide eta egiteko molde eredugarri bezain lagungarriagatik!