“Ban-ka-riekin, el-kar-ta-su-na !”
“Fun-tzio-nario gu-ttio, mi-lio-nario gehi-o !”
Jende haundia, aberatsa, izigarri aberatsa lema horien oihuka errepikatzeko, xanpaña basoa eskuan. Karriketan topatu dira, langileriaren egun sakratuan, François Hollande-ek eskaintzen dien sostenguaren eta egunero haien aberastasunaren haunditzearen eskertzeko.
El Khomri legeaz izigarri kontent dira, finantza arloan parada ederrak eskaintzen dizkie, edozoin baldintzatan ustiatzen ahal diren eta gero eta zorte prekarioagoa ukanen duten langileriaren kaltetan. Ondotik, galera baten gainean zonbait langilek aberatsenak segitzen dituzte arraunka arizanez, beste ainitzek jarraitzen dituzte, batzu esklaboak bezala kateatuak, beste batzuk bizkarra kunkurtuz « Gehiago lan egin, gehiago lan egiteko… » pankartarekin, denek lege honen kentzea eta justizia soziala gehiago aldarrikatuz « Langabeziaren kontra, lana parteka dezagun! Miseriaren kontra, aberastasuna parteka dezagun!». Maiatzaren Lehen honetan, Bizi!k bildu ditu 450 pertsona langileriaren defendatzeko. Desfile airos honek bere ibilbidea jarraitu du Baiona Ttipiraino non pobre eta aberatsek elgarrekin besta giroko eta ahotik ezin utzizko bazkaria preziatu duten.
May 09 2016