Egin dugu! Gela mukuru bete da COP23ren bezperan trantsizio ekologikoaren alde diharduten adituen hitzaldian!

250 lagun baino gehiago bildu ziren joan den azaroaren 8an Jean Jouzelek (klimatologoa, GIECeko lehendakariorde ohia) eta Pierre Larrouturouk (ingeniari agronomoa, ekonomista) Europak trantsizio ekologikoa finantzatzeko duten plana entzuteko. Manu Robles Arangiz Fundazioak eta Bizi!-k gomitaturik, ez ohiko proiektu bat aurkeztera hurbildu ziren Baionara, hau da, finantza klimaren zerbitzuko ezartzeko finantza-klima ituna. Garapen eredua lasterregi aldatu gabe, gure berotegi efektuko gasen hedapena azkarki murriztu gabe, moldatzen ari garen klimara egokitzea, arras zaila edo ezinezkoa izanen zaigu. Europako Banku Zentralak jadanik 2.400 miliar euro sortu ditu bankuen alde. Bi aditu horientzat, 1.000 miliar sortu behar dira orain eta osoki baliatu klimarentzat eta langabeziaren aurka (900.000 enplegu berri, eraikinen isolamendu obren finantzazioa, energia berriztagarrien garapen, etab.). Kanpaina abiatu dute Europako agintari gehienek bat egin dezaten itun horrekin eta herritar guztiak borroka horren alde mobilizatzera deitu dituzte.