Egin dugu! «Eta orain presoak!» manifestaldiaren antolaketan parte hartzea

Hastapenetik Bizi!k parte hartu du Euskal Herriko gatazkaren konpontzeko Bakegileek plantan eman duten desmartxan. Armagabetzearen etapatik landa, presoen etapa etortzen zen: Estatu frantsesari galdegitea euskal presoentzat ere zuzenbidea praktikan emana izan zedin (urruntze eta dispertsio politikaren bukaera, larriki eri diren presoen askatzea, baldintzapeko askatasunaren eta zigorren laburtzeen arloan sarbidea ukaitea). Iritzi publikoari eta gobernuari galde horiei buruz jendarte zibilaren xede eta batasuna argi uzteko, abenduaren 9an manifestaldi bat antolatua zen Parisen. Bertan 11 000 pertsonek, Euskal Herri osotik eta kanpotik jinak, Bakegileen eta Bake Bidearen deiari erantzun zioten. Mobilizazio hori lehen ondorio zehatzen ekartzen hasi da: urtarril erditsutan, frantses justizia ministroak adierazi du erabaki zuela «preso diren hainbat ETAkideren «bakarkako» galdeen kontuan hartzea, eta datozen asteetan Euskal Herritik hurbilago diren presondegietara ekartzea gauzatuko duela.» Hurbiltze horiek laster gauzatuak izan behar lukete. Beste neurri batzuetarik jarraituak behar lukete, presoen tratamendu duin eta zuzena bake bidean funtsezko etapa bat baita.